Sanferminak Iruñean

Txikienen egunik handiena

Haurrek ez dute aspertzeko betarik izaten beren egunean: lore eskaintza San Fermin santuari, entzierro txikia, dantzak...Napoleon eta Patata kilikiek eta bi zaldikok omenaldia jaso dute, ehun urte bete baitituzte

San Fermin santuari lore eskaintza egin ohi diote haurrek urtero, euren egunean. Aurten inoiz baino haur gehiago bildu direla esan du San Lorenzo elizako apaizak. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2012ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Askok sanferminak parranda mugagabearekin erlazionatzen badituzte ere, ez dira hori bakarrik. Sanferminak adin guztientzako festak dira. Haurrek bereziki gozatzen dituzte; ez soilik gurasoak eta mundu guztia zuri- gorriz janzten direlako eta musika txoko guztietan entzun daitekeelako; ez soilik oporren egunerokotasuna hausten delako eta kale kantoian bat-batean dantza egiten duten erraldoi batzuk agertzen direlako, eurekin batera kiliki buruhandi batzuk dituztela, umeei kolpeka. Horregatik guztiagatik, bai; baina, batez ere, emozioz betetako egunak direlako: negar egin, barre egin, oihukatu, kantatu, jolastu, dantzatu, korrika egin, liluratu... Den-dena egiten dute gelditu gabe.

Sanferminetan, egunero dute zer egin, baina badute egun berezi bat: Haurren Eguna. Goizean goizetik, San Lorenzo elizaren inguruneak bi irudi diferente uzten ditu. Batetik, Baratxurien plazan, estanpa aldakorra: erraldoien konpartsa, geldirik, eta bere inguruan, haurrak eta gurasoak mugitzen. Albo batean, banku batean zerraldo lotan, mozkor bat dago, toalla bat buru gainean. Beste aldean, Aduanako txokoan, estanpa finkoa da: eskuetan lore sorta dutela, haur eta gurasoz osatutako ilara luzea dago. Alboetan kamera asko daude, baita kazetariak ere. Jendearen artean, Enrique Maia alkatea ere badago. Haurrek San Fermin santuaren irudiari lore eskaintza egiteko zain daude denak.

11:00etan, elizako ezkilak jotzen hasi dira, eta isiltzean, bi apaizek hitz batzuk esan dizkiete Aduanaren txokoan bildutakoei. Bederatzi haurrek mezu bana ahoskatu dute, bakarra euskaraz. Jarraian, apaizak hartu du hitza: «Urte asko dira lore eskaintza hau antolatzen dudala, baina sekula ez dut hainbeste haur ikusi». Azken haurrak ere santuaren irudiari loreak eskaintzeko aukera izango duela azpimarratu du; lehenengoak gaixotasun larriak dituzten umeak dira. Loreak eskaini bitartean, abesbatza batek jotak kantatu ditu.

Bitartean, Kale Nagusiaren hasieran, 11:15ean, Santiago dantza eta gaiten talde galiziarra doaz, eta, atzetik, haurren lau dantza talde: Oberena, Alai Gaztea, Amaiur eta Eluntze. Gazteluko plazan dantzatzera doaz.

Handik gertu, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa aterako da. Haur batzuk negarrez ari dira; beste batzuk, barrez... Haurtxo batek erraldoiei so egiten die, bi begiak zabal-zabalik dituela: «Ez ditu betileak mugitu ere egiten», dio aitak, semetxoari begira. Verrugas kilikia haur batzuk izutzen dabil... harik eta bi urte inguruko mutiko baten parera iritsi den arte. Leun-leun laztandu du, eta haurra negar batean hasi da. Ikuskizun komikoa da.

Alabaina, helduagoek ere beldur diete kilikiei. Hamalau urte inguruko hiru neska korrika batean datoz kalean gora, kilikiengandik ihesi. Zezena atzean utzi dutela ematen du. Berehala, aita agertu da, eta haren atzetik joateko agindu die. Neskak, ordea, kilikien beldur dira. «Leloak zarete, ala?», esaten die aitak. Halako pasadizoak urtez urte, belaunaldiz belaunaldi errepikatu dira sanfermin guztietan.

Kilikiek jasoko duten omenaldia, ordea, ez da urtero izaten. Patata eta Napoleon kilikiek eta bi zaldikok ehun urte betetzen dituzte. Euren aurrean aurreskua dantzatu ostean, Enrique Maia alkateak gaztelaniaz esan du «poztu eta gogobete egiten» duela urteurren horrek. Borboiko erregearen mezu bat dirudi. «Denok dakigu konpartsa honek zer esan nahi duen Iruñearentzat...», jarraitu du. Gero, zapi gorri bana jarri die ehun urte bete dituztenei.

Handik gertu, Santo Domingo aldapan, haurrak lasterka bizian ari dira. Oraingoan ez dira kilikiak, zezen gurpildunak baizik. Entzierrotxoa da. Alboan, sansebastianetan jotzen den Tatiago-ren doinuak entzuten dira. Struendo txikia da. Dena da txikia haurren egunik handienean, baina umeek inor baino gehiago gozatzen dute, aspertzeko betarik izan gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.