Pixka batian ez naiz aztuko/ sartuagatik lurpian/ nere aipamenak izango dira/ beste larogei urtian», abestu zuenJose Manuel Lujanbio Txirrita bertsolariak. Herenegun bete ziren 80 urte Txirrita hil zela, eta hark bertsolaritza munduan hasitako bideak luze jarraitzen duela erakutsi zuten atzo Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako hamabi finalistek. Txirritaren jaioterrian egin zuten, gainera: Ereñotzun (Gipuzkoa). Txaber Altubek (Abadiño, Bizkaia, 1998) jantzi zuen txapela, eta,Beñat Mujika txapeldunordeak agurrean desio bezala, «Txirritak mereziko lukeen gisako finala» egin zuten bertsolari gazteek.
11:00etan hastekoa zen finala, baina 10:30 pasatxotik bazen giroa Ereñotzuko frontoian. Bertsolariei ez zitzaizkien falta izan lagun eta senideen bultzada eta babesa. Pankarta pare bat ere bazeuden harmailetan.
Bizi bezain urduri igo ziren oholtzara finalistak, azterketa batera doazen ikasleen pare. Atzokoa ez zen, gainera, egun hauetan finalistetako askok izango duten azterketa bakarra. Hala gogoratu zuten Nahia Sascok, Unai Mendiburuk eta Aitziber Garmendiak. Datozen egunetan egin beharko dute unibertsitatera sartzeko hautaproba, baina, kezka horiek alde batera utzi, eta kanturako gogoz zeudela berretsi zuten denek.
Errima eta doinu aniztasun ikaragarria erakutsiz abestu zuten guztiek, eta, okerren bat eginez gero, naturaltasunez konpondu zuten. Txirritak egin ohi zuen moduan, konplexurik gabe heldu zieten gaiei.Agerian geratu zen, berriz ere, bertso eskoletan egunero-egunero egiten den lan nekaezin eta oparoa.
Finala aurrera joan ahala, giroa berotuz joan zen. Sei finalistak bakarkako lanean ari zirela, eta haien kirioak proban jarrita, saioa eten behar izan zuten, ezkontza bat baitzegoen frontoi ondoko elizan, eta ezkonberriak atera berritan oihuak eta trikiti doinuak entzuten baitziren.
13:40 inguruan jakin zen nor zen garailea. Txaber Altuberi Alaia Martin bertsolariak jantzi zion txapela. Bertsotan zoriondu zuen txapelduna, «altu begira izategatik barrena». Aldi berean, gainerako finalistei ere keinua egin zien. «Saiatu zaitezte beti izaten zuen bertsio onena».
«Bertsolagunei eta bidaia lagunei» eskaini zien Altubek txapela. «Hau zer edo zer bada, osorik da, zuentzat eta zuengatik». Gainerako finalistek ere senide eta lagunak izan zituzten gogoan amaierako agurrean. Umorerako tartea ere ez zen falta izan. Kerman Diazek eta Unai Mendiburuk elkarrekin eta kopletan abestu zuten agurra, eta iragarri zutenoholtzan baino hobeto moldatuko zirela bertsotan sagardotegian.
Oholtzatik jaitsi, etabesarkada artean, «pozez zoratzen» zegoela adierazi zuen Altubek. «Agurra abestean beti baretzen dira apur bat nerbioak, eta gaur nire alde izan ditut. Gustura aritu naiz». Etorkizunean oholtzan aritzeko ematen dizkioten aukera guztiak aprobetxatzeko gogoz azaldu zen.
Ostean, Larre Gain sagardotegian bildu ziren bazkaltzera. Agin Rezola eta Eli Pagola bertsolariek girotu zute otordua. Gero, erromeria izan zuten Xabier Solano, Joan Mari Beasain, Sergio Rodriguz eta Haritz Bastarrikarekin.
ATZEKOZ AURRERA
Txirritaren oinordekoak
Txaber Altubek irabazi du Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Eroso aritu da oholtza gainean, eta, beste 11 finalistekin, etorkizun handiko finala osatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu