Ogi artean, taloarekin, edo zuzenean, zintzurrera. Bihar txistorra izanen da nagusi Arbizuko kaleetan (Nafarroa). Sona handiko jakia dute txistorra Sakanako herri hartan, eta egun oso bat eskainiko diote zortzigarrenez. Txistor ekoizleek, udalak eta herritarrek besta eguna antolatu dute, eta, gastronomiarekin batera, musika izanen da plater nagusietako bat.
Arbizuko Txistor Egunean bada bikote bereizezina: txistorra eta trikitia. Biak ala biak ezinbesteko osagai izanen dira besta ongi ateratzeko. Arbizuko Xapiru trikiti eskolako musikariak karriketan barna ibiliko dira goizean, eta trikiti doinurik ez da faltako arratsaldean ere. Txistorrari dagokionez, emakume talde batek erakutsiko du antzina etxean nola prestatzen zen Arbizun hain sonatua den jaki hori. Gaur egun txistor gehienak fabriketan ekoizten badira ere, bestaren antolatzaileek uste dute komeni dela etxeko ekoizpena gogora ekartzea. Txistorrak ez ezik, tripotak, txerri belarriak, txantxigorri opilak eta ukenduak prestatuko dituzte jendaurrean.
Txistor egileak Kale Nagusian egonen dira, herriko ekoizleekin batera: Arbizu, Flores eta Laket enpresak. Plazan, berriz, pintxo lehiaketa eginen dute. Orotara, zazpi aurkeztuko dira: herriko taberna batzuek, norbanakoek eta guraso elkarte batek prestatuko dituzte. Pintxoaren oinarria txistorra izanen da, baina ez nolanahikoa; Arbizuko ekoizleena beharko du izan. Iaz kanpineko ostatuak irabazi zuen txapelketa.
Pintxoak prestatzeaz gainera, pintxoak probatzeko aukera ere izanen da plazan. Bi euroren truke, txistor mutur bat eta baso bat ardo eskuratuko du bertaratzen denak. Iaz 100 kilo txistor inguru banatu zituzten, eta 2.000 pintxoren bueltan saldu zituzten Arbizun. Txistorrarekin batera, berritasun bat izanen da aurten: euskal txerri errea dastatzeko parada. Zikiro eran prestatuko dute, su motelean. Gau osoan egonen da burruntzian erretzen, eta eguerdian hasiko dira jakia banatzen. Dena ez dira txerri kontuak izanen, baina. Orotara 30 postu jarriko dituzte herrian, eta izanen da bestelako produktuak erosteko aukera: eztia, pastelak, gazta... Hain zuzen ere, Juananeko gaztandegiko artzainak gaztak prestatzen ariko dira jendaurrean.
Monika Etxeberria Arbizuko Kultura zinegotziak bestaren garrantzia azpimarratu du: «Arbizu herri txikia da, eta horrelako ekitaldi handi askorik ez daukagu. Festez eta duatloiaz aparte, hau izaten da jende asko biltzeko jaia; batez ere, kanpoko jendea etortzen delako». Orain arte ez dute eragin ekonomikoa neurtu, baina imajinatzen dute eragina izanen duela herrian hainbeste jende biltzeak.
Txistorraren doinua
Musikak ere toki nabarmena izanen du aurtengo Txistor Egunean. Hala, gaur Altsasuko Haize Berriak bandak kontzertua eskainiko du 19:00etan herriko plazan. Gainera, herriko trikitilariez gainera, bihar arratsaldean Nafarroako trikiti eskolen topaketa eginen dute, lehenbiziko aldiz. «Arbizun musikarekiko zaletasuna handia da, geroz eta handiagoa. Beraz, aperitiboa izango dugu bandarekin, eta postrea trikitiarekin», azaldu du Etxeberriak.
Aurten, Txistor Egunaren berri lau haizeetara zabaltzeko ahalegina egin dutela ohartarazi du Arbizuko Udaleko Kultura zinegotziak. Horregatik antolatu dute gaurko kontzertua, eta musika eskaintza zabaldu. Txistorraz gozatzeko egun aproposa izanen da, beraz, biharkoa. Are, «txistorrik onena». Arbizukoa hala dela dio Etxeberriak. Sinesten ez duenak probatu dezala.
Txistorra eguna Arbizun
Txistorra, auzokide sonatua
Txistor Eguna ospatuko dute bihar Arbizun, pintxo txapelketa eta Nafarroako trikiti eskolen topaketarekin. Gaur aperitiboa izanen dute: banda kontzertua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu