Parrilla piztuta zegoen, txinparta eta guzti. Gaztak tauletan banatuta, eta gildak zotzetan zut. Bost upelak ere prest, bost lurralde ordezkatuz: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldea. Baina eguraldiak dena zapuztu baino lehen, bertan behera utzi dute aurtengo txotx garaiaren aurkezpena; gaur goizean egin asmo zuten, Donostiako Plaza Berrian. Aurkezpena eten du eguraldiak, bai, baina ez du etengo sagardo garaia, uzta handia izan baita aurtengoa.Â
Izan ere, ez dute txotx egiterik izan, baina aurkeztu dituzte aurtengo sagardoarekin lotutako datuak eta sagardoaren ezaugarriak. Ispilu jokoa egin du zenbakiak: 1,3 milioi litro sagardo ekoitzi zituzten iaz Euskal Sagardoa jatorri izeneko 46 sagardotegiek, eta 3,1 milioi litro aurten. «Sagardo sektoreak 4,4 milioi kilo sagar bildu ditu, eta, horrekin, 3,1 milioi litro ekoitzi; sagardo horiek dastatu ahal izango dira sagardotegi garaian», adierazi du Olatz Mitxelena Gipuzkoako sagardogileen elkarteko koordinatzaileak.
Aurrez ere esana zuten aurtengoa sagar urtea izango zela, eta uzta handia espero zutela, sagar arbolak bi urtean behin emateko joera baitauka. Hala izan dela berretsi dute: «Bi urtez behingo emari horretan, aurtengoa sagar urte oso ona izan da». Dena den, uste baino apalagoa izan da uzta, espero baino %15 kilo gutxiago bildu baititu sektoreak. «Hori gertatzeko hainbat izan ohi dira faktoreak: tartean, negua nahikoa hotza ez izatea», azaldu du Mitxelenak.
Sagardo uztaren ezaugarriei dagokienez, bestalde, aurtengoa «arinxeagoa» izango dela gaineratu du koordinatzaileak. «Uzta handia izaten den urteetan, sagardo arinxeagoak izaten ditugu gure sagardotegietan. Eta, normalean, %6ko alkohol portzentajea izan ohi dute sagardo horiek». Adierazi dute sagardogileak oso gustura daudela, bildutakoak modua eman baitie upategietan egoki lan egiteko.
Elkarlana bultzatuz
Bigarren urtez jarraian, lurralde bakoitza upel baten bidez ordezkatuz aurkeztu asmo zuten sagardo garaia, eta sektore osoa babesten duten erakundeetako ordezkariak elkartu dira Donostian argazkia ateratzeko. Izan ere, sagardo garaiak hainbat irekiera ekitaldi izan ohi ditu, herrietakoak eta eskualdekoak besteak beste. Aurkezpenean, ordea, datuak elkarrekin aurkeztuz, ahalegina egin dute irudikatzeko zer-nolako lana egiten ari diren Euskal Herriko zazpi lurraldeetako sagar eta sagardo sektoreak bateratzeko.
Malus Bat proiektua da horren adibide. Zazpi lurraldeetako sagardogileak batu dira hartan, sagarrari, sagardoari eta sagardotegiei lotutako plan estrategiko bateratu bat sortzeko. Sagar uzten arteko oreka lortzea eta ekoizpena bideratzea da planaren helburu nagusia. Sagarrari lotutako plana esku artean dute jada, eta sagardoari dagokiona egun gutxiren buruan osatzeko moduan izango dira.Â