Atzekoz aurrera

Txori batek kontatua

Bizenta Mogelen ‘Ipui onak’ irakurri dituzte 400 bat lagunek Bilbon, Klasikoen Irakurraldi Jarraituan. Narrazioen hizkuntza aberatsa nabarmendu dute parte hartzaileek, besteak beste.

Bi emakume Bizenta Mogelen ipuin bat irakurtzen Klasikoen Irakurraldi Jarraituan, gaur, Bilboko Arriaga antzokian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Bi emakume Bizenta Mogelen ipuin bat irakurtzen Klasikoen Irakurraldi Jarraituan, gaur, Bilboko Arriaga antzokian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2025eko ekainaren 5a
12:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Zelan imitatu azeri baten hizkera? Zelan otsoarena, muskerrarena, txakurrarena? Zelan adierazi hormatxoriaren, kurriloaren, amilotxaren, txepetxaren, birigarroaren, zozoaren, bulargorriaren eta eskilasotzarraren destaina, enarak aholkatu dienean kontuz ibil daitezela nekazarien sareekin? Atrilera gerturatu, eta patxadaz baina indartsu ebaki du enara erdeinatuaren erantzuna Maite Ruiz de Egino Bilboko Irale ikastegiko irakasleak: «Gogoango dezute noiz edo noiz. Or konpon. Ezin nik bakarrik jan nezake erein duten azia; iges egingo det soro, ta landetatik etxeetara. Egingo ditut abe arteetan nere abiak; aziko ditut umeak; erakatsiko dioet non bizi».

«Behin ipuina barneratzen duzunean, errazago ulertzen duzu», hausnartu du Ruiz de Eginok irakurraldia bukatu eta berehala. «Horren zalea naiz: dena tonu neutroan irakurtzen denean, galdu egiten da, eta, beraz, apur bat modulatu egiten dugu». Edozelan ere, agerikoa da Bizenta Mogelen estiloak eskaintzen duela tonu aldaketarako abagunea, narrazioa eta elkarrizketa etengabe uztartzen dituelako beharbada, atriletik igaro diren irakurle gehienek jolastu dute-eta erritmoarekin, etenekin, intentsitatearekin eta doinuarekin. Mogelen Ipui onak (1804) hautatu ditu Bilbo Zaharra euskaltegiak Klasikoen Irakurraldi Jarraituaren 14. aldirako. Laurehun lagun inguruk irakurri dituzte ahots goran, Arriaga antzokiko foyerrean, 08:00etatik 14:00etara bitartean.

«Gure egunerokoan, gure materialetan eta abarretan, pisu handia du Bizenta Mogelek»

GOTZONE ARIZTIMUÑOBilboko Irale ikastegiko irakaslea

Gotzone Ariztimuñorekin eta beste hainbat lankiderekin batera etorri da Ruiz de Egino. Aurretik ere parte hartzeko bulkada izan duten arren, oraingoan animatu dira aurrenekoz, hain justu hainbeste ezagutzen duten Bizenta Mogelek erakarrita. «Gure egunerokoan, gure materialetan eta abarretan, pisu handia du Bizenta Mogelek», nabarmendu du Ariztimuñok. 14. ipuina egokitu zaie, Enadea ta beste txoriak, eta hegaztien zerrenda oparoa adibide gisa hartu dute bi irakasleek Mogelen hiztegiaren aberastasuna goraipatzeko. «Txori pila bat aipatzen dira. Oso polita da», balioetsi du Ruiz de Eginok.

Kontrara, irakurraldiari esker deskubritu du Mogelen prosa Ines Fuertes Bilbo Zaharra euskaltegiko ikasleak. Aitortu du aspalditik ez duela ipuinik irakurri, baina Mogelenak «interesgarriak» iruditu zaizkiola, orduko garaietako «herri jakintza» islatzen dutelako, besteak beste. «Balio izan dit ulertzeko antzina haurrei nola irakasten zizkieten balio onak, errefrauak...». Bere pasartea prestatzea gaitz egin zaion arren —euskara irakaslearen laguntza izan du, eta hiztegira ere jo du sarritan—, irribarretsu bukatu du ahalegina. Irakurraldiko beteranoa da dagoeneko. «Oso pozik egiten dut urtero, asko gustatzen zait. Euskara lantzeko eta erabiltzeko era diferente bat da; alde horretatik, esperientzia aberasgarria da». Halaber, euskal literatura ezagutarazteko ere iniziatiba egokia iruditzen zaio. «Normalean, euskaraz idatzita dauden liburuek ez dute hainbeste publizitaterik izaten...».

Ordukoak gaur

Lana bukatuta, gainerako irakurleei begira dago Nerea Ibarzabal idazle eta bertsolaria foyerreko butaka dotore batean. Hark abiatu du irakurraldia, 08:00etan, Bizenta Mogelek Peñafloridako kondearen ilobari eginiko eskaintza irakurriz. Ez da pasarte hutsal bat, Ibarzabalen berbei erreparatuta, eta bereziki deigarria egiten zaio Mogelek barkamen eske bat ipini izana halako eskaintza baten segidan: Badakit, enzunaz beste gabe, neskatx gazte baten izena dagoala itxatsirik liburutxo onen aurkean, jardungo dutela siñuka ez gutxik. «Martitzeneko hitzaldian, Mariasun Landak esan zuen hitzaurrean Bizenta umil eta apal agertzen dela, hori exijitzen zitzaiolako garai hartako emakumeari; baina, era berean, Peñafloridako kondearen iloba aipatzen duela, bere lanaren inguruko ziurtasun bat ere agertzen dela, gizon boteretsu bati zuzenean idatziz. Bizenta kontziente zela bere lanaren garrantziaz; bazegoela emakume argi eta ahaldundu bat».

«Bizenta Mogel ez zaigu kasualitatez heldu, bila hasi garelako baizik. Orain arte haren faltaz ohartu ez izana ere politikoa da»

NEREA IBARZABALIdazlea eta bertsolaria

Toki berean eta atril beretik aritu zen Ibarzabal bera 2009an, beste mogeldar baten hitzak ebakitzen: Bizentaren osaba Jose Antonioren Peru Abarka (1802) lana hautatu zuen Bilbo Zaharra euskaltegiak orduko hartan. Bertsolariak ez zuen artean Bizenta ezagutzen. «Genealogia feminista egiteko intentzioa egon da bai Euskal Herrian, baita beste eremu askotan ere. Nik uste dut hortik heldu zaigula Bizenta Mogel, ez kasualitatez; bila hasi garelako. Orain arte haren faltaz ohartu ez izana ere politikoa da».

1804koak dira Ipui onak, eta helduleku egokia dira, orobat, XIX. mende hasierako gizarteari erreparatzeko. Mogelek euskaragatik «maitasun eta interes handia» zeukala nabarmendu du Ibarzabalek, baina garbizaletasunean tematu zela. «Ideologia konkretu batekoa zen, foruzalea, bizkaitartasun tradizional baten defendatzailea eta abar». Era berean, egungo irakurle bati arrotz suerta dakioke haren ipuinen moldea, moral kristauak blaitutako piezak baitira, irakaspen konkretu eta esplizitu bat dutenak muinean. Eta hala ere, egungo joerak gorabehera, bada irakurle modernoak disfrutatzeko moduko obra bat, atriletik urruntzen direnen aldarteei erreparatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.