Eraldatu egin da azken egunetan Donostiako Anoeta futbol zelaia: parrillek hartu dute futboleko ateen tokia, eta txuletak darabiltza jendeak eskuetan, baloien ordez. Elastiko txuri-urdinen ordez, sukaldari jakak dituzte soinean. Sukaldariak baitira zelaira irten direnak, eta ez futbolariak. Asteazkenean hasi zen Txuletaren Festa, eta etzi bukatuko da.
Baina festa ez dago hain urrun zelaiaren ohiko jardunetik, eta futbolzale asko txuletazaleak ere izango dira, ziur asko. Realak, Zarauzko Arraun Elkarteak, Bera Bera eskubaloi taldeak eta Zarauzko Errugbi Taldeak (Gipuzkoa) antolatu dute jaia, Okelanekin elkarlanean, eta bildutako dirua kirol talde horientzat izango da. «Helburua da txuletari balioa ematea, brasari balioa ematea, eta kirolari ere bai», azaldu du Jose Luis Gesalagak, festaren antolatzaileetako batek.
Duela zortzi urte hasi zen dena, kontatu duenez, eta festak lehian du oinarria. «Maestros parrilleros lehiaketa antolatu genuen. Aurreneko urte horretan, furgonetatxo batekin joan ginen: parrillak kargatu, generoa kargatu, eta herriz herri ibiltzen ginen, Espainiako probintzia bakoitzean jatetxerik onenak aukeratzen, lehiaketa eginez. Gero, finala egiten genuen». Arrakasta ikusita, Getarian (Gipuzkoa) egin zuten parrillerorik onena aukeratzeko finala duela hiru urte, zuzenean, eta azken bi urteetan Zarautzen antolatu dute (Gipuzkoa). Aurten, ordea, Anoetarako jauzia egin dute. Egunero bost bat mila pertsona espero dituzte, eta 25.000 txuleta erabiliko dituzte guztira, lehiaketa eta dastaketa artean.
Parte hartzaile guztiak lehiatzen dira haragi berarekin. Baina nork berea prestatzeko modua daukanez, emaitza oso desberdinak lor ditzakete: «Kuriosoa da nola haragi berarekin lan eginda parrillero bakoitzak bere ukitua eta izaera ematen dion. Epaile guztiek esaten dute zer desberdinak diren haragi plater batzuk eta besteak».
Hain zuzen ere, besteen egiteko moduak ikusiz ere ikasten dute parte hartzaileek. Azken finean, elkartzeko egun bat ere bada-eta haientzat: «Nahiz eta lehiaketa bat izan, beti esaten dute gustura joaten direla, esperientzia oso polita dela. Haien artean, ikusten dutenean besteek nola lan egiten duten, asko ikasten dute, eta esperientzia oso potentea da hori».
Txuletatik harago
Asteazkenean hasi zen festa. Orduan egin zuten parrillerorik onena aukeratzeko lehiaketa. Profesionalentzako eguna izan zen, eta antolatzaileek aukera aprobetxatu zuten bertako arrazei ikusgaitasuna emateko: «Jende profesional asko egoten da; beraz, horretarako egun aproposa zela pentsatu genuen: esplikatzeko zer dagoen arraza hauen atzean, zer garrantzi daukan horiek mantentzeak... Okelan fundazioaren helburu nagusietariko bat hori da: arraza autoktonoak berreskuratzea», nabarmendu du Gesalagak.
Lehiaketaz gainera, baina, ekintza ugari antolatu dituzte, txuletaren bueltan. Atzo, adibidez, txuleta-potea egin zuten: «Donostian ostegunetan pintxo-poteak arrakasta dauka, eta, orduan, erabaki genuen txuleta-potea egitea». Gaur, sagardo dastaketa egingo dute, 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara. Igandean, berriz, herri-kirol desafioa izango da; Andoni Izetak, Inaxio Perurenak, Lierni Osak, Paulo Azpiazuk eta Oihana Fernandezek parte hartuko dute. Horren aurretik, ordea, urrezko parrilla lehiaketa antolatu dute: txapelketa amateurra izango da, binakakoa.
Jaia girotzeko, musikak hartuko du futbol zelaia arratsaldeetan: Mario Azurza DJ zarauztarra izango da egunero iluntzeak girotzen, eta kontzertuak ere izango dira —Modus Operandi gaur, La Txama bihar, eta Kalakan etzi—. Denentzako festa izatea nahi dute. «Prezioak ere denentzako modukoak izango dira: adibidez, txuleta bat partekatzeko 30 euroan jarriko dugu», aipatu du antolatzaileak.
Lehia, ekintzak eta aisialdia uztartuz, txuletatik harago doan festa bat izatea nahi dute antolatzaileek. Kroketak, hanburgesak, edariak, postreak eta abar ere izango dira. Eta lortutako dirua aipatutako taldeentzako izango da: «Uste dut, alde batetik, balioa ematen diogula gure kulturari, eta, bestetik, haragiari eta parrillari. Gainera, kirol taldeei laguntzeko aukera badago, oso harro». Denak irtengo dira partidako irabazle.