Zinema zuzendaria

Sara Fantova: «Txupinazoan grabatzea nire bizitzako momenturik berezienetako bat izan da»

Zuzendari lanetan bakarka aritzea «ezberdina» dela adierazi du Fantovak, baina «gustura» aritu dela. Jasotako sariak direla eta, aitortu du ez zituztela espero.

Sara Fantova Kaskagorri konpartsaren txosnaren aurrean, astelehenean, Bilboko Arriaga antzokiaren atzean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Sara Fantova Kaskagorri konpartsaren txosnaren aurrean, astelehenean, Bilboko Arriaga antzokiaren atzean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
2025eko abuztuaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sara Fantovak (Bilbo, 1993) bakarkako bere lehen filma estreinatuko du irailaren 12an: Jone, batzuetan. Fantovak Bartzelonan ikasi zuen, Kataluniako Zinema eta Ikus-entzunezko Goi Eskolan (ESCAC). Dagoeneko hainbat zinemalditan erakutsi dute filma, eta, ikusleen harrera onaz gain, sariak ere jaso ditu. Esaterako, Bartzelonako D'A festibalean pelikula onenaren saria jaso du. Hainbat eszena 2023ko Bilboko Aste Nagusian filmatu zituen. Haren berbetan, «aspalditik» zuen hori egiteko gogoa, eta aktoreak «emozionatu» egin zirela adierazi du. Filmak egin duen bidearekin «oso pozik» daudela nabarmendu du.

Lehenago beste lan batzuk egin dituzu, baina film hau da bakarka egiten duzu lehen lana.

Bai, gradu amaierako lanerako, nire lehenengo film laburra egin nuen. Gero, pelikula kolektibo baten parte ere izan nintzen. Pelikula kolektiboarekin alderatuta, hau ezberdina da, bakarrik zaudelako. Oso ondo inguratuta zaude, baina zuzendari moduan bakarrik zaude erabakiak hartzeko orduan. Hala ere, oso gustura egin dut lan, zeren Bilbora itzultzeko modu bat izan da. Izan ere, niretzat garrantzitsua zen Bilbon grabatzea, euskaraz izatea, nire nortasunaren parte den tokian grabatzea eta sortzea.

Pertsonaia nagusia Jone izeneko gaztea da. Zein da haren istorioa?

Jone 20 urteko neska bat da, Bilbokoa. Garai nahasi batean dago; aita zutabe ezin sendoagoa izan da harentzat, baina hori aldatzen ari da. Gurasoak ezberdin ikusten hasten zaren lehenengo momentua da hori: etxe barruan rolak aldatzen dira, baita zaintzak ere. Aldi berean, Bilboko jaiak dira. Bertan, lagunekin konpartsetan parte hartzen du, Kaskagorrin. Oso uda intentsoa da Jonerentzat; bi mundu horien artean bizitzak dituen alde ilunek eta argitsuek zeharkatzen dute, eta bien arteko orekaren bila dabil. 

Filmaren bereizgarrietako bat Aste Nagusian grabatu izana da. Zergatik egin duzue hori?

Aste Nagusian grabatzeko gogoa aspalditik neukan: Bilbokoa naiz, eta Aste Nagusian parte hartu dut bizitza osoan. Niretzat momentu berezi bat da; hiria guztiz aldatzen da, eta jendea batu egiten da autogestioaren bitartez festak antolatzeko. Nik gauzak egiteko modu hori oso hurbilekoa dut, eta desira handia neukan hori pelikula batean ikusteko. Hortik dator desira, asmo huts batetik. Ondoren, pelikula idatzi ahala, ulertu genuen heriotzaren eta bakarrik geratzeko beldurraren gainean idatzi nahi genuela, eta Bilboko jaiak heriotzaren eta bakarrik egotearen justu kontrakoa direla. Izan ere, jendez, lagunez eta konpartsakidez inguratuta zaude, oso argitsua da. Orduan, ikusi genuen oso testuinguru egokia zela Jonek etxean zeukan egoera kontrajartzeko; azken finean, Joneren ihesbidea izateko. Hortaz, lehenengo desira pertsonal bat izan zen, baina gero topatu genuen modua pelikulan ere zentzua izan zezan.

«Oso uda intentsoa da Jonerentzat; bi munduren artean bizitzak dituen alde ilunek eta argitsuek zeharkatzen dute, eta bien arteko orekaren bila dabil»

Eta zelakoa izan zen Aste Nagusian grabatzea?

Oso berezia izan zen. Uste dut txupinazoan grabatzea nire bizitzako momenturik berezienetako bat izan dela. Guk gidoian zera idatzita geneukan: «Jone eta haren lagunak txupinazora doaz». Baina txupinazo bakoitza ezberdina da. Bertara joan, eta txupinazoa hasten da. Bat-batean, Aiora [Renteria, 2023ko pregoilaria] ateratzen da, eta abesten hasten da. Denak flipatzen geunden. Oso momentu berezia izan zen. Azkenean, gauza bat idatzi duzu, baina grabatu duzuna mila aldiz hobea da. Ez nuen inoiz imajinatuko horrelako zeozer gertatuko zenik. Aktoreentzat ere berezia izan zen Negua joan da ta kantaren doinuan hasi zenean. Benetan emozionatu ziren, eta halaxe ikusten da pelikulan. Berdin gertatu zitzaigun jaietako momentu askotan: eszenak idatzi dituzu, baina, testuingurua erreala denez, ez daukazu inolako kontrolik. Ezusteko batzuek lagundu zuten, eta lortu genuen kaos hori zelanbait pelikulara sartzea. 

Zinemetan estreinatu baino lehenago, hainbat festibaletan egon da filma, eta sariak ere jaso ditu. Zer aldarte utzi dizue horrek?

Oso pozik gaude; azkenean pelikula ez da sortu toki industrial batean edo toki oso handi batean. Unibertsitate batean jaio da: genituen baliabideak ez ziren mugagabeak, eta espektatibak bagenituen gure lanaren inguruan. Bakoitzak bere lana ondo egin nahi zuen, gu harro egoteko moduko pelikula bat egiteko. Hala ere, ez genuen gauza handirik espero oihartzunaren aldetik, eta, bat-batean, pelikula festibaletan hartu zuten, publikoari erakusteko. Gainera, publikoari gustatu zaio, eta sariak jaso ditugu. Agian desiratuko genuen, baina ez genuen espero. Gentozen tokitik etorrita, ez genuen gauza handirik espero alde horretatik. Orduan, oso pozik gaude, batez ere pelikula jendeari erakutsi ahal izan diogulako; azkenean, horretarako egiten ditugu pelikulak. Zineman estreinatzea ere fantasia bat da. 

LOtsabako

Gustuko film bat?
La stanza del figlio [Semearen logela], Nanni Morettirena.

Zuzendari bat?
Celine Sciamma.

Gustuko konpartsaren bat?
Kaskagorri eta Kranba.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.