Gaur, larunbata, enpresako bazkaria duzu. Eguna pixka bat luzatu zaizu, baina lankide batzuei are gehiago luzatu zaie, eta eskuetatik joan zaie egoera. Bihar, igandea, ajeak jota, ohean pasatuko duzu eguna, baina etzi, astelehena, lanera itzuli, eta lankideekin komentatuko duzu larunbateko guzti-guztia. Bertso saio bateko gai posiblea izan zitekeen, baina egoera erreal bat da. Izan ere, nork ez du inoiz halakorik egin? Nori ez zaio gustatzen parrandan atera eta hurrengo egunean lagunekin gaua komentatzea? Nork ez ditu jakin nahi lantokiko txutxu-mutxu guztiak? Edo zergatik moztu duen halakok bikotekidearekin zortzi urteren ostean? Ezetz esaten duena gezurretan dabil.
Tentsioa murrizteko plan borobila da batzuentzat honako hau: egun txar bat eduki, eta lagunekin txutxu-mutxuan aritu, garagardo batzuk hartu bitartean. Eta hala da; izan ere, profesionalek baieztatu dute antsietatea eta estresa murrizten duela txutxu-mutxuan aritzeak. Batzuek gaizki esaka ibiltzearekin lotzen dute, baina ez da hala. Funtsean, jarduera horren helburua da «jakin-mina» sortzen duten kontuez hitz egitea. Hori uste du behintzat Alexander Padilla eduki sortzaileak (Villabona-Amasa, Gipuzkoa, 1987).
Txutxu-mutxuen zalea da, eta, haren ustez, baita Euskal Herri osoa ere, «gustatzen zaiela aitortzen ez duten arren». Guilty pleasure deitu dio horri —oso gustuko duzun baina aldi berean lotsarazten zaituen zerbait izendatzeko erabiltzen da esamolde hori—. Baina zergatik kostatzen zaio jendeari onartzea? Bada, Padillak argi du erantzuna: «Txutxu-mutxuak beti lotu izan dira prentsa arrosarekin eta telebistako hainbat programarekin. Are gehiago, jendeak uste du txutxu-mutxuka aritzea besteez gaizki esaka ibiltzea dela. Hau da, esanahia gaizki ulertu dutenez, ez dute onartu nahi egiten dutenik».
Beraz, zer esan nahi duen gaurdaino oker ulertua zuten horientzat, hona hemen Padillaren ustez benetako esanahia: «Lagunen kezken eta buruhausteen berri jakitea, bizilagunari gertatutakoa jakin nahi izatea, edota zure herriko bat inauterietan zure ezagun batekin liatu dela jakitea. Horiek guztiak izan daitezke komentatzeko gai posible batzuk». Argitu nahi izan du oinarrian ez dagoela inori min egiteko helbururik, baizik eta «inora ez doazen gauzez hitz egitea». «Niri istorio surrealistak entzutea gustatzen zait, eta tramak harrapatzen nau».
'Salseo'-aren arrakasta
Azaldu duenez, kontzeptuak duen konnotazio negatiboa dela eta, gazteak termino berri bat erabiltzen hasi dira: salseo-a. «Txutxu-mutxuen kontzeptua modernizatu egin da, eta, hitz hori erabilita, gazte askok onartuko dute salseo-a gustatzen zaiela, eta kontsumitzen dutela». Esan du sareetan, esaterako, «agerikoa» dela hitz berri hori zenbat erabiltzen den.
«Salseo-a» ardatz duten hainbat eduki sortu ditu Padillak, sareetan zein komunikabideetan. Besteak beste, Padiren diariyua izenpean, atal bat du Gaztea irratiko Gu saioan. Euskal Herriko zenbait pertsona gonbidatzen ditu, eta elkarrizketak eta «salseo-a» ditu ardatz. Instagramen, bestalde, Secret story izeneko atal bat egin du, bere jarraitzaileek bertan aitortu ditzaten haien sekreturik sekretuenak, modu anonimoan betiere.
«Nire lagunekin egiten dudan terapia da. Bizitza arintzen dit, eta tarte batez behintzat burua beste zerbaitetan jartzeko aukera ematen dit»
ALEXANDER PADILLA Eduki sortzailea
Eduki horiek sortuta, jabetu da jendeari «asko» gustatzen zaiola besteen sekretuak jakitea. Are gehiago, horrek gogoeta egitera bultzatu ditu batzuk: «Jende askok esan zidan: zelako bizitza aspergarria dudan; izan ere, niri ez zaizkit gauza horiek gertatzen». Bera ere jabetu da arrakasta horretaz; izan ere, «ikustaldien kopuruari begiratu besterik ez dago»: «Salseo pixka bat duen bideo bat igotzen badut, hobeto funtzionatuko du; mezu didaktiko batek edo beste helburu bat duen eduki batek baino». Hortaz, jendeak onartu ez arren, agerian geratu da euskal herritarrei txutxu-mutxuak gustatzen zaizkiela. Eta, Padillaren ustez, horrek zera islatzen du: «Hipokrisia puntu bat dugula gizakiok».
Alde onak
Psikologia sozialaren ikuspuntutik aztertuta, psikologoek azaldu dute txutxu-mutxuan aritzeak hainbat alde on dituela. Eta hala dela baieztatu du Janire Ugalde psikologoak (Forua, Bizkaia, 1999). Adierazi duenez, helburua beste pertsona batzuk mintzea ez denean, funtzio sozial «garrantzitsu» batzuk bete ditzake: «Txutxu-mutxuka aritzea modu bat izan daiteke arau sozialak transmititzeko, harremanek nola funtzionatzen duten ulertzeko, eta pertsonen arteko loturak sortzeko».
Batzuentzat, esaterako, terapia egiteko modu bat da; halaxe da eduki sortzailearentzat ere: «Nire lagunekin egiten dudan terapia da. Bizitza arintzen dit, eta tarte batez behintzat burua beste zerbaitetan jartzeko aukera ematen dit». Edonola ere, Ugaldek argi utzi nahi izan du ezin dela terapiaz «zentzu klinikoan» hitz egin: «Txutxu-mutxuek balio dute aldi batez lasaitzeko, edo ondoeza baretzeko, baina ez du prozesu terapeutiko bat ordezkatzen».Â
«Txutxu-mutxuka aritzea modu bat izan daiteke arau sozialak transmititzeko, harremanek nola funtzionatzen duten ulertzeko, eta pertsonen arteko loturak sortzeko»
JANIRE UGALDE Psikologoa
Harremanei dagokienez, esaterako, talde baten «parte» izaten lagun dezake. «Txutxu-mutxuka lagunekin, ezagunekin, edo hurbileko jendearekin aritzen gara. Giro horretan aritzeak laguntzen digu guk pentsatzen dugunari balioa ematen eta ulertua sentiarazten gaitu», azaldu du psikologoak. Padillaren ustez, gainera, «amu» moduko bat izan daitezke txutxu-mutxuak, lagunak «harrapatzeko»: «Zure kuadrillako Whatsapp taldean jartzen baduzu: neskak, salseo potolo bat daukat kontatzeko. Horrek eragina izango du, eta garagardo batzuk hartzeko geratuko zara haiekin». Hortaz, Ugaldek uste du besteekin konektatzeko, edo bakarrik ez sentitzeko modu bat izan daitekeela.
Horrez gain, eguneroko arazoez aldentzeko ere balio dezake. «Beste batzuez hitz egiten dugunean, gure arazoez ahazten gara». Psikologoaren ustez, hain justu, horregatik erabiltzen du jendeak bide hori, eta «puntualki» estresa eta antsietatea murriztu dezake: «Jendearekin hitz egiteak bakardade sentsazioa murrizten du. Gainera, barre egitea eta hitz egitea estresa eta antsietatea murrizteko ezinbestekoa da».Â
Konparazioetan erortzeko «arriskua»
Padillaren ustez, erakargarri egiten dituen «funtsezko» oinarri bat dute txutxu-mutxuek: «Betidanik gustatu izan zaigu besteen miserien berri izatea, gero geure buruari begiratu eta ondorioztatzeko ez gaudela hain gaizki». Ugalde bat dator harekin, eta adierazi du besteek zer zailtasun dituzten jakiteak ekar dezakeela «lasaiago» sentitzea. Padillak esan bezala, zera pentsatzeko: «Bueno, ni behintzat ez nago hain gaizki». Padillak argi utzi nahi izan du ez diola «ezer txarrik» opa inori, baina pentsaera hori izateak «laguntzen» diola.
Baliteke konparazio horiek «une batez» balio izatea, baina Ugaldek ohartarazi du arrisku bat ere badutela: «Besteen arazoetan eta zailtasunetan kontsolatzea. Hori bada norbera ondo sentitzeko modu nagusia, arazo bilakatu daiteke». Hala ere, gehitu du «saihetsezina» dela besteekin alderatzea, zerbait «naturala» delako, eta denek egiten dutelako, «neurri handiagoan edo txikiagoan».Â
Edonola ere, Padillak argi utzi nahi izan du salseo-a kontsumitu edo sortzen duenean ez duela inor mindu nahi: «Euskal Herriko informazio saltsero eta potente asko jaso dut, eta gauza asko isildu ditut; ez dut ezer irabazten trukean. Kontuz ibili behar duzu zer informaziorekin jolasten zaren, norbait mindu baitezakezu».Â