Osasuna. Sexologia

Uda, gainean

BLOGSPOT.
2011ko ekainaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Uda gainean edukita, oporretako usainak eta beroak dakarren zirrarak gorputza kitzikatzen dute.

Udak, berez, Euskal Herritik mugitu gabe, bizitzan aldaketa puntu bat eragiten digu. Udako eguraldi gozoak, eguzkiaren presentzia nabarmenak… izugarri laguntzen digu gure aldartea hobetzen. Eguzkiak gure burmuineko serotoninari bultzada handia ematen dio, eta horrek gure animoan eragina dauka: barre gehiago, umore hobea, gogo gehiago planak egiteko, harremanak izateko…

Arropa gainetik kentzen hasten gara, eta gorputzak etxetik kanpo dagoen giroa sentitzen du azalean, ia gorputz osoan: haizea, beroa, eguzkiaren izpiak, izerdia, zirrarak… neguko anestesiatik ateratzen, azala izerditzen. Gorputzen aniztasuna agerian, azalaren testurak eta koloreak begien aurrean, formak eta mamiak aske mugitzen… Eta gure begiek edozein leku geltokitzat hartzen.

Geure gorputza kanpoan dagoen informazioaz jabetzen da, eta informazioak gure barrenean dauden grinarekin, jakin-minarekin eta beldurrekin bat egiten du. Beraz, adi! Konturatu baino lehenago, gorputza berbetan dago eta —bai guri eta bai besteei—!

Udari begira, aholku batzuk, jarraian:

1. Edonoren oporraren antolakuntza egin baino lehenago, eta oraindik lanean zaudela, zergatik ez duzu dutxa edo bainu goxo bat hartzen, dutxako telefonoaren txorrotaz gozatzen? Proba egizu gorputzeko atal desberdinetatik pasatzen, ea zer gertatzen den.

2. Astialdia edo oporrak antolatzen zabiltzatela, ez ahaztu egunero zatitxo bat zeure buruari eskaintzeko lekua hartzeaz. Berdin da oso maiteminduta zaudenarekin bazoaz, bakarrik, lagunekin edota familia osoarekin!

3. Jaietan murgiltzen bazara, joan gustatzen zaizunarengana eta esan zer edo zer gozoa belarrira, begirada sakona eskaini edo ohartxo bat utzi iezaiozu bere poltsikoan.

4. Txiza eteteko erabiltzen dugun muskulatura uzkurtu eta askatu —gizonezkoa bazara, jesarrita hobe ez, zaila da eta—. Edozein tokitan, edozein momentutan egin daiteke. Ea zer kontatzen dizuten genitalek.

5. Zure bikotekidearekin aspaldi bizi bazara, deitu iezaiozu egunen batean eta geratu harekin leku ezezagun batean. Jolastu ezezagunak izango bazinate bezala.

6. Umeak eta bikotekidea hondartzara joan direla eta zu bakarrik etxean zaudela? Ez egin etxeko lanik, har ezazu pelikula, komiki edo liburu erotiko bat, eta zure gorputzaren izkinetan galdu!

7. Idatzi orri batean ea zein den lagunarekin konpartitu gura duzun amets erotiko hori, ñabardura eta ezaugarri guztiekin. Gero, gutun batean bidali, belarrira kontatu mendiko belartzan etzanda zaudetela…

8. Paseoan joango zarela, bakarrik, lagunarekin edo familia osoarekin? Berdin da! Gaur ez jantzi kuleroak edo galtzontziloak eta ziur nago ibilbidea desberdina izango dela. Gura baduzu, konpartitu sekretua lagunarekin…

9. Idatzi elkarri zuon desio txikitxoak eta elkar trukatu: hanketan masajea egitea, ipurdia miazkatzea, musuz egindako pijama bat janztea, jatetxean zaudetela oinarekin lagunaren genitalak laztantzea, batak bestearen barruko arropa janztea familian daukaten ospakizunerako…

10. Zure buruari oparitxo bat eskaini, aspalditik gura duzun zer edo zer!
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.