Udaberria lorategien lorategian

Udaberria iritsi da. Natura esnatu da. Parajeak koloretan dira. Oiartzungo Lur Gardenen orain hasi dira gereziondo japoniarrak loratzen. Iñigo Segurola paisajistak eden eder bat sortu du; lorategien lorategi bat.

Iñigo Segurola paisajista lorategiko berotegian. JON URBE / FOKU
Iñigo Segurola paisajista, Oiartzungo lorategiko berotegian. JON URBE / FOKU
Kristina Berasain Tristan.
Oiartzun
2024ko martxoaren 21a
05:00
Entzun

Belazeak txikori belarrez bete dira, basoak berdatzen hasi dira, hostoz hosto ernatzen, eta lorategietan liliak loratu dira. Udaberria iritsi da. Natura esnatu da. Egunak luzatzen doaz, epeltzen, eta pixkanaka-pixkanaka parajeak udaberri koloretan dira. Lorategien lorategian magnoliak otsailaren erdialdean hasi ziren loratzen, eta martxoaren amaieran egongo dira bere eder-ederrean. Gereziondo japoniarren lorexka arrosakarak, berriz, orain hasi dira zabaltzen. «Japonian festa nazionala da, udaberriari ongietorria ematen diote gereziondoen loreei begira; sakura izena dute loreek. Ni aspaldi maitemindu nintzen zuhaitz honekin. Lehen ez zen gure inguruan topatzen, eta orain oso arrunta da». Iñigo Segurolaren (Donostia, 1967) kasuan, erleen burrunbak ematen dio ongietorria udaberriari. Lur Gardeneko bazter batean aurkitu daitezkeen gereziondo japoniarrez pasioz mintzo da, baina hala mintzo da sortu duen lorategi botanikoaren bazter guztiez ere.

LUR GARDEN LORATEGIA
Gereziondo japoniarra loratzen. Japonian 'sakura' deitzen zaio loreari. JON URBE / FOKU

Lur Garden leku magikoa da. Oiartzungo Altzibar auzotik bidexka bat hartu, eskuinerantz, eta kilometro eta erdi pasatxora dago eden eder hori. Sarobe errekak zeharkatzen du lehen sega belardi bat baino ez zen eremua. Bere lekua aurkitu du lorategian Segurolak. Nekazaritza ingeniaritza teknikoko ikasketak egin zituen, gero paisajismokoak, eta paradisu horretan bere ametsa gauzatu zuen duela lau urte: «Sinetsita nago hau egiteko jaio nintzela». Txikitako une bat ekarri du gogora: «Sekula ez zait ahaztuko babarrunak kotoian jarri eta ernatzen hasi zirenean sentitu nuen lilura». 

Lursaila aspaldi erosi zuen, baina gau batean etorri zitzaion inspirazioa: «Hiru bat orduz baino ez nuen lo egin. Nire bikote zenak arrautza erdi egosi bat marraztu zuen, eta hori izan zen denaren abiapuntua; lorategia arrautzen lorategia da».

LUR GARDEN LORATEGIA
Lur Gardeneko estudioaren aurrean dauden kaktusak. JON URBE / FOKU

Hala da. Lur Gardenen ez dago marra zuzenik, ez dago karraturik, dena da biribila, edo eliptikoa, edo oboidala. Hamasei gune dira, hamasei lorategi tematiko, geometria berezi batez osatuak: «1.800 pago landatu genituen hesiak osatzeko. Horien bidez banatzen ditugu espazioak, modu fraktaletan, eta harrizko bidexka batetik joaten da batetik bestera. Nik jarri nituen harri guztiak, banan-banan». 

Lamina bat

Sarreran errekak ur salto txiki bat egiten du. Putzu horretan lamina bat dagoela dio Segurolak: «Behin emakume bat etorri zen, sorgintxoa zen, eta, halaxe esan zidan. Mariren apologia egiten dut nik; lorategia zaintzen du, eta nik ere laguntza eskatzen diot momentu zailetan». Estalki berdea duen eraikinean hasten da ibilbidea. Lantokia, etxebizitza eta berotegi bat dauka hor paisajistak, esperimentatzeko tokia. Lehenengo geldialdian lorategi gorri bat dago, eta, hortik, hosto handien lorategira sartzen da. «Hosto handiko landareen fanatikoa naiz. Bi eta hiru metroko diametroa duten hostoak daude hemen. Leku tropikal bat ematen du; elefante belarriak ditugu, eta jarraian estrabagantziaren jardina, ur putzu beltz batekin. Errekari omenaldia egin nahi genion». Ondoren, akaso, lorategiko leku ikusgarriena dago. Segurolarentzat, behintzat, lekurik kuttunena da: «Leku politena dela esango nuke. Uraska handi honetan ura bare dago, eta inguruan dagoen landaredia islatzen da. Horregatik deitzen diogu ispilua». Alboan, txoko batean, bi urmael txikiago daude, eta nenufarrak, lotoak eta ur liliak ikus daitezke. 

LUR GARDEN LORATEGIA
Urmaela, inguruko landaredia islatzen duela. JON URBE / FOKU

Lur Gardeneko biribilik handiena belar motz eta luzez tartekatzen den eremua da: «Hau zelaia da, euskal paisaian ohikoa den unitatea. Hasierako belardiari ere omenaldia egin nahi genion». Bidexka aurrera doa. Ardaxkak kimatu dira. Hamargarren gunea jardin jurasikoa deitzen da. «Historiaurrean landareek oraindik ez zuten lorerik. Espora bidez ugaltzen ziren. Iratzeak edo garoak, eta azeri buztanak ditugu leku goibel honetan». Lekurik ilunena eta hezeena, berriz, goroldioen lorategia da. Japoniako lorategietako goroldio guneei ere gorazarre egin nahi izan die Segurolak.

Lorategi zuriari izena aldatu berri dio: «Orain Ilargiaren lorategia deitzen diot. Harri handi hauek erosi nituen, eta inguruan lore zuriak eta grisak landatu nituen. Ilargi beteko gauetan oso leku berezia da». Hortentsien labirintoa ekain amaieran eta uztail hasieran dago politenen; hortentsia zuriak eta urdinak ia besarkatu egiten dira. «Hortentsien ekarpen paisajistikoa duindu nahi izan dut. Euskal Herriko lorea da, eta bere lekua eman nahi nion; 25 hortentsia mota ditugu». Kuien tuneletik iristen da berriz estudioaren atarira. 

LUR GARDEN LORATEGIA
Garoa edo iratzea. Espora bidez ugaltzen diren landareak. JON URBE / FOKU

Ibilbidean tximeletak, mariorratzak, igelak eta satorrak topatu daitezke. Segurolak denekin hitz egiten du: «Iaz tximeleta pila bat egon zen, hamabi mota identifikatu nituen. Sorgin orratzak ere badaude. Igelek nirekin hitz egiten dute. Esaten didate ‘hau nire lekua da’, eta nik hori bera erantzuten diet». Elkarrizketan aritu dira tarte batez. Satorrekin borrokan aritu zen garai batean, zelaia zulatzen zutelako, baina orain bakea egin du beraiekin: «Satorrekin eta neure buruarekin egin ditut bakeak». 

Edertasunarekin kateatuta

Segurola edertasunarekin kateatuta dago, pozarren bizi da sortutako mikrokosmosarekin, baina horra iritsi arteko bidea ez da samurra izan: «Zortzi urtez aritu nintzen hau sortzen, ni bakarrik. Obsesionatu egin nintzen, eta abandonatu. Katarsi bat izan zen. Ezerezetik sortu nuen hau, esan dudan bezala, gau bateko inspirazioa izan zen. Asko eman nion eta orain bueltan dator dena». 

LUR GARDEN LORATEGIA
Lur Gardeneko estudioa. Berotegia, lantokia eta etxea daude eraikinean. JON URBE / FOKU

Lur Gardenek 20.000 metro koadro ditu, eta landare, harri eta zuhamuxka bakoitzean dago idatzita sortzailearen biografia. Bere bizitza eta izaera islatu ditu. Bere obra da, bere artelana. Euskal Herriko sortzaileak aipatu ditu momentu batean; Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Mikel Laboa, Jose Miguel Barandiaran, Cristobal Balenciaga... «Bakoitza bere alorrean jenioa izan da. Nire erreferenteak izan dira». Paisajismoan beste izen bat aipatu du: «Gilles Clement. Bartzelonan entzun nuen, eta erabat nator bat bere pentsakerarekin».

Euskal Herrian ez dago antzeko ezer. «Hemen ez dago paisajismoaren kulturarik. Ingalaterran eta Frantzian oso errotuta dago. Ni uda guztietan Iparraldera joaten naiz: Baionan, Hendaian, Miarritzen [Lapurdi] beti egoten da ikasteko zerbait». 

Lur Gardenek Aste Santuan zabalduko ditu ateak aurten, heldu den ostegunean, eta urrira arte egongo da aukera bisitatzeko: «Argi nuen lorategien lorategiak izaera publikoa izan behar zuela». Web atarian eman behar da izena, nork bere kabuz ikusteko, zein hiru orduko bisita gidatuak egin ahal izateko: «Nik egiten ditut bisita guztiak. Ez naiz aspertzen, beti da desberdina, beti ikasten dut zerbait. Ederra da hori».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.