Arditurriko meategietara egindako irtenaldia da Elhuyar Fundazioak antolatutako zientzia udalekuen jarduera interesgarrienetako bat. Urte asko daramatza Elhuyar Fundazioak gazteen artean zientzia modu atseginean zabaltzen ahalegintzen.
Bi taldetan banatutako 50 gaztek parte hartu dute, Arditurriko meategien txoko misteriotsuenak ezagutzeko egindako irteeran. Ordubeteko bisita, bideo emanaldi labur batekin hasten da. Horrek, meategiaren bizitzan izandako pasabide eta zuloetatik pasatako gizakien belaunaldi anitz azaltzen ditu.
Ondoren etorri da gazteei gehien gustatu zaien jarduera. Kasko bana hartu, eta bakoitzak meategiko zirrikitu ilunenak ezagutzeko unea heldu da.
Arditurriko geologoaren laguntzaz, orain urte asko erromatarrek, Oiartzungo Sein familiak, Gipuzkoako mea konpainiak eta Bilboko Chavarri anaien konpainiak zulatutako zirrikituak ezagutu dituzte.
Meategi barnean
40 minutuko paseotxoan, gidaritza lanak egiten dituen geologoak geldialdiak egin ditu lekuan lekuko datu interesgarri eta misteriotsuak azaltzeko. Bide erdian dauden hiru putzu handiek atentzioa piztu dute gazteen artean. Hiru foku indartsuk ura argitzen dutela, gazte bati baino gehiagori sartu zaizkio bainujantzia soinean jarri eta bertan freskatzeko gogoa. Tenperaturak ez du laguntzen, ordea. Gainera, geologoak ez zien baimenik emango, ziurrenik.
Behin kobaren azken gelatxora iritsita, dinamita sartzeko zuloen marka argiak erakutsi ditu, eta buelta emateko garaia iritsi da.
Gazteak txunditurik atera dira bertatik, noiz itzuliko diren galdezka. Motxilak bildu, eta Geologia museorako bidea hartu dute.
Zientzia Udalekuen ardatza da aisialdia eta zientzia jarduerak uztartzea. Uztailean banatutako hiru txandatan antolatu dira. Txanda bakoitza astebetekoa da, eta 50 laguneko kopuru mugatua dute; beraz, guztira 150 gaztek hartuko dute parte udalekuetan.
Helburu argia dute udalekuek. Alde batetik, 12-16 urte bitarteko gazteei udalekuen eskaintza egitea. Beste alde batetik, gazte horiei zientzia modu erakargarri eta ulergarrian azaltzea eta, bide batez, haiengan zientziarekiko jakin-mina eta irudimena piztea eta sustatzea.
Bestelako jarduerak
Arditurriko meategietara egindako irtenaldiaz gain, denetariko jarduerak egiten dituzte. Batetik, ostatua hartua duten Aiako Harriko Parke Naturalean dagoen Arritxulo aterpetxean zientzia tailerrak egiten dituzte, hala nola fisikakoak, geologiakoak, biologiakoak, kimikakoak... daudelarik. Bestetik, aterpetxetik abiatuta, irtenaldiak egiten dituzte: ibilaldiak, museoetara bisitak, itsasontzietan bidaiak...
Gainera, egun osoan egiten dutena blog batean idazten dute, eta ateratako argazkiak ere hantxe jartzen dituzte. Horrela, gurasoek, beren seme-alabek egunean zehar egin dutena jakin eta haiei mezuak idatzi ahal dizkiete
Blog hau ikusi nahi izanez gero, http://udalekuak.elhuyar.org web orrialdean egin daiteke.
Irtenaldien artean, entomologo batekin mendira egindako irteera, arditurriko meategira bisita, geologia museora bisita eta Zumaiatik Deba pasatu eta Mutrikurainoko itsaslabarrean dauden flyschei itsasontzian egindako bisita daude.
Aurtengoa bigarren urtea da mota honetako udaleku batzuk antolatzen dituztela, eta aurrerantzean ere antolatzen jarraitzeko asmoa dute, orain arteko emaitzak oso onak baitira.
Udalekuetan zientzia ikasiz
Bigarren urtez antolatu ditu Elhuyar Fundazioak aisialdia eta zientzia uztartzen dituen udalekuak. Gazteei zientzia modu erakargarrian azaltzea dute helburu; atzo, Arditurrin izan ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu