Udan goiz jaikitzearen abentura

08:30erako abian izaten dira Euskarabenturakoak; bero handia dagoenean, lehenago. Maletak kargatu, lotarako tokia txukundu, eta azken txanpari ekin diote, Lekeitiotik.

Euskarabenturakoak, gaur, Lekeition. ARITZ LOIOLA / FOKU
Euskarabenturakoak, gaur, Lekeition. ARITZ LOIOLA / FOKU
amaia igartua aristondo
Lekeitio
2026ko uztailaren 27a
14:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maskak taldearen Ameslari abestiak jaikiarazi ditu, egunero legez. Baina guztiz esnatzeko daude Euskarabentura espediziokoak. 07:00etan aditzen hasi dira kantaren doinu alaiak, urdinek piztuak dituzte daborduko walkie-talkieak, baina, anabasa gorabehera, nagiak dira oraingoz jzioquitar-en mugimenduak. Gehienak atera dira dagoeneko Lekeitioko (Bizkaia) institutuko kiroldegitik, hilabeterako hornitutako zaku mardulekin zamatuta; batzuk botak lotzen ari dira, trankil, eta oinutsik dabil baten bat, kiroldegiko atean hala moduz utzi dituen zapatilen bila beharbada. Tarteka, Ameslari apaldu egiten da bozgorailuan, eta urdin baten ahotsa entzuten da, ozen, berantiarrenak presatzen. «Goizeko minutuak erlojupekoak izaten dira», ziurtatu du Haizea Solagurenbeaskoa Euskarabenturako prentsa arduradunak.

Gauza asko egin behar dira-eta. Errepikatzearen errepikatzeaz, kasik mantra bat bezala zerrendatu du goizeko errutina Solagurenbeaskoak: 07:30erako furgonetan egon behar dute zaku handiek, ordu berean zarratzen dituzte komunak eta ekiten diote gosariari; 08:00etan abiatzen da lehen taldea, 08:15ean bigarrena, eta 08:30ean hirugarrena. Trikuak, katagorriak eta erbiak, hurrenez hurren.

Eta, ordurako, lotarako lekua aurkitu bezala lagako dute. Gaur Lukene Berasaluzeri (Durango, Bizkaia, 2010) egokitu zaio behar hori, besteak beste. Kiroldegia erabat hustu gabe dagoen arren, gazteek prest dituzte komunak garbitzeko lanbasak eta baldeak, eta kiroldegiko behegaina txukuntzen hasi dira dozena erdi bat neska-mutil. Kamiseta laranja soinean, egurrezko erratz handi batekin mukizapi batzuk pilatzen ari da Berasaluze. «Nekea igartzen da», onartu du, irribarretsu, halere. «Lolekuetara heltzen gara, eta denok kristoren siestak egiten ditugu, baina ez da astuna egiten; denok igual gaude, eta elkarri konta diezaiokegu». 27. eguna dute; espedizioaren azken txanpan sartu dira —ostiralean bukatuko dute, Getxon (Bizkaia)—, eta jada ez daukate hasierako bizitasuna. «Hasieran, kanta ipini eta segituan altxatzen ginen; orain, itxaron egiten dugu. Alboan lo egiten duena guztiz ezagutzen duzu, eta eroso zaude».

«Laster banatuko gara, eta zaila izango da harremanetan egotea hemendik kanpo»

EIDER MADINABEITIA 'Jzioquitarra'

Zaku handiak gorago dauden furgonetetako batean utzi —eguneko etaparako behar duten gauzekin prestatu dute beste motxila txikiago bat—, eta aldameneko frontoira abiatu dira, gosaltzera. Lau ibilgailuk osatzen dute Euskarabenturako flota, guztira: bi furgoneta erabiltzen dituzte maletak eramateko, beste bat janaria garraiatzeko, eta badaezpadakoa da laugarrena, gazteren batek ezingo balu etapa egin. Maletategiaren ertzetara oratuta dago Irune de la Maza urdina, gainbegiratzen. «Guk herri batetik bestera garraiatzen ditugu motxila handiak, mahaiak eta gure traste denak; kargatu eta deskargatu ibiltzen gara, egunero». Umorez nabarmendu du zakuetako bat guztiz deseginda ekarri dietela oraingoan. Gerrian daukan walkie-talkiearen zaratak moztu dio anekdota. «Urdinek ere gosaldu behar dugu!».

Baba mordoa

Euria ari du, zirimiri atsegin bat. Lehen bi asteetan bero handia izan zuten, espedizioa moldatu behar izateraino: ordu erdi edo ordubete arinago atera dira hainbat egunetan. Osasun taldeko kide Maider Apraiz Solagurenek ziurtatu du ez dutela bero kolpe handirik eduki, eta babes neurriak hartu dituztela: bisera erabili, krema eman, eta kontrol puntuetan kantinplora bete.

Erizaina da Apraiz, eta beste bi medikurekin batera osatzen du osasun taldea. Zehaztu duenez, espedizioko multzo bakoitzean osagile bana joaten da, eta arratsaldero kontsulta egiten dute jzioquitar-ekin, dutxaren ostean. «Pozik etortzen dira, batzuk kuxkuxeatzera baino ez...». Lesioak ez baitira izaten munta handikoak: orkatilako bihurritua edo belauneko mina, asko jota. Eta baba pila bat, «esajeratua».

Jzioquitarrak gosaria hartzen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Jzioquitarrak gosaria hartzen. ARITZ LOIOLA / FOKU

Bukatu da Ameslaria. Bozgorailuetatik urdinen ahotsa baino ez da entzuten jada: abiatzeko ordua heldu da. Horrez gain, patxadatsua da giroa frontoian: dozenaka lagun inguruk betetzen dute eremua, baina isilik ari dira gosaltzen. «Konparaziorik ez bazkariarekin eta afariarekin», argitu du Emile Zabalak (Mungia, Bizkaia, 15 urte). Etapari ekiteko indarrak gordetzen ibiliko dira beharbada, gauean lo gutxi egiten dute eta. Dena den, pena dute laster esperientzia bukatuko delako. «Laster banatuko gara, eta zaila izango da harremanetan egotea hemendik kanpo», adierazi du Eider Madinabeitiak (Araia, Araba, 16 urte).

«Trikuak, bagoaz!». Olde laranja batek herrirantz egin du, handik Nabarnizera (Bizkaia) bidean jartzeko. Arin-arin, azkenik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA