MARATILA

Udazken orbelak

Lucien Etxezaharreta.
2010eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Udako eguzki beroek zohiturik, orain, larrazken haize zirimolek, lehorturik, lurreratuko dituzte eguzkiaren apaltzeari jarraikiz. Gogo ilundura bide dira, biziaren keinu nolazpait ere.

Baionako Txistor Haranburu presoaren ama, Jakesa, zendu zen duela aste guti, uste genuen ehorzketara bederen utziko zutela. Hogei urte preso daramazki Frantziako espetxeetan. Bizi baten suntsitzeko doia. Errepublikaren ttipikeria, berriro, herraren bide. Bere ama ikusi dugu hainbat manifestazio, protesta, salaketa ekintzatan, semeari atxikia hortzez eta haginez, isila, ele gutirekin, baina beti hor. Barkamenik gabeko gerra honek noiz arte iraunen du? Hainbeste ama eta aita ikusi ditugu beren azken egoitzara joaki, alaba edo semeak ikusi gabe, amak eta aitak ikusi ere beren haurren gorputzen laguntzen hilerrietara.

Pierre Bidart zendu da Bulgariako Sofian: honek errepublikaren oniritzia zuen, jakin baitzuen behar bezala abertzaleen jokoa salatzen, bazituen ere Espainia eta Frantziak eman medelak. Hauek bere jakintza eta gizontasuna baizik ohoratzen zutela ez zen erran. Euskaldun ikertzaile baigorriarrak euskaltasun baten aurka gerra eraman du bere bizi guzian: unibertsitalari bakarra izan zen, 1981ean, euskal ikasketa zentro baten aurka jarri zena. Geroztik Basta Ya eta Cap 64 erakundeetan abertzaletasuna gogorki salatu eta zikindu zuen. Pena eta mina ematen du: ezagutu genuen, euskaltzale eta ikasle bikain, Gexan Bidart deitzen zen garaian. Atzerrian hil zaigu, udazken orbela galduaren moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.