Telesailak

Uharte batek gordetzen dituen sekretuak

Widow’s Bay uharte bakartua da, iraganaren arrastoek eta madarikazioaren sinesmenek markatua. Tom Loftis alkatea komunitatea berpizten saiatuko den arren, aspaldian sinesgaitzak ziruditen beldurrezko kontakizun zaharrak berpizten hasiko dira.

'Widow's Bay' telesailaren fotograma bat. APPLE TV+
'Widow's Bay' telesailaren fotograma bat. APPLE TV+
gaizka izagirre
2026ko maiatzaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Telesailari izena ematen dion Widow’s Bay herrixka pintoreskoa eta erakargarria da, Ingalaterra Berritik (AEBak) 65 kilometrora dagoen uharte batean kokatua. Baina erabat isolatuta dago, ez dago wifirik, estaldura eskasa da, eta azpiegiturek iraganaren arrastoa daramate oraindik. Horrez gain, bertako bizilagun askok irmo sinesten dute uhartea madarikatuta dagoela. Giro horretan, Tom Loftis alkatea etsipenaren eta itxaropenaren artean dabil, bere komunitate higatua berpizteko ahalegin nekaezinean. Haren ustez, herritarrek duintasuna eta errespetua merezi dituzte, baina parean duen erronka latza da: askoren begietara, bigunegia eta koldarregia da. Hala ere, Loftisek ez du amore emango; semearentzat etorkizun hobea eraikitzeko grinak eta uhartea helmuga turistiko bihurtzeko ametsak bultzatuko dute.

Itxaropen izpi bat piztuko da The New York Times-eko kazetari batek bisita egiten duenean eta uharteari buruzko artikulu baikor bat argitaratzen duenean; badirudi, azkenik, turistak iritsiko direla. Baina, hamarkadetako barealdiaren ostean, garai batean sinesgaitzak ziruditen beldurrezko kontakizun zaharrak berpizten hasiko dira.

Premisak berak iradokitzen du beldurra izango dela ardatz nagusietako bat, baina seriearen berezitasun handiena umorea txertatzeko duen fintasunean datza. Beldurraren eta komediaren arteko oreka zehatza eta neurtua da: une ilunek ikara eragingo dute; une arinek, berriz, irribarre naturala. Beldurrak Stephen Kingen iruditeria aberats eta ilunetik edaten du —tokiko mitoak, madarikazioak...—; umoreak, aldiz, egunerokoaren absurdoan eta ironian aurkituko du bere arnasa, satirara gerturatuz, gag errazetik urrun.

Uhartea, funtsezkoa

Bestalde, toki narratiboak —uharte madarikatuak— funtsezko eginkizuna beteko du, sinbolo eta tentsio iturri nagusi bihurtuta. Bisualki, kostalde bakarti gisa ageri da, laino trinkoz, dekadentziaz eta nostalgia goibelaz estalia. Narratiboki, organismo bizidun baten moduan funtzionatuko du, non naturaz gaindikoak eta gizarte arazoak etengabe gurutzatuko diren, bata bestearen isla eta eragile bilakatuz.

Matthew Rhysen interpretazioak indar berezia emango dio kontakizunari. Bere pertsonaiak arrazionaltasunaren eta superstizioaren arteko talka gorpuztuko du; geldirik dirudien ingurune bat modernizatzeko nahiaren eta mitoek errotik zeharkatutako komunitate baten erresistentziaren artekoa.

Premisa orokorraren geruzaz harago, serieak azpitestu interesgarria garatuko du, gaur egungo arazoekin estuki lotua. Istorioa gentrifikazioari buruzko alegoria gisa interpreta daiteke, turismoa irtenbide ekonomiko gisa aurkezten duen diskurtsoaren atzean, eta aurrerapenaren eta tradizioaren arteko talkan sakonduko du. Protagonistaren ahaleginek erakusten dute nola politika jakin batzuek huts egiten duten errealitate konplexu eta errotuei aurre egin behar dietenean. Horrela, osagai fantastikoa ez da entretenimendu hutsera mugatzen; benetako tentsio sozialak aztertzeko tresna eraginkor bihurtuko da.

Itxuraz konbentzionala den istorioa kontakizun aberats eta liluragarri bihurtuko dute sortzaileek. Zalantzarik gabe, aurtengo telesail berezienetako bat da. Maisutasunez uztartzen ditu pertsonaien sakontasuna, komedia beltz sotila eta ustekabeko beldurraren indarra.

WIDOW'S BAY

  • Sortzaileak. Katie Dippold eta Hiro Murai.
  • Herrialdea. AEBak.
  • Urtea. 2026.
  • Aktoreak. Matthew Rhys, Kate O’Flynn, Stephen Root eta Kevin Carroll.
  • Non ikusi. Apple TV.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 40 minutu.
  • Generoa. Beldurra, komedia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA