Urteak daramatza Txatxilipurdi elkarteak euskarazko jostailu erakusketak antolatzen. Bi hamarkada inguru, gutxi gorabehera. Gurasoei dagoen eskaintzaren berri ematea da haien helburua, eta baita hautaketa egokia egin ahal izateko informazio eta gomendioak eskaintzea ere. Bi hezitzaile izaten dira, horregatik, erakusketan. Haien gidaritzaz, jostailu guztiak proba ditzakete bertaratzen direnek. Arrasaten (Gipuzkoa) du egoitza elkarteak, baina hamaika herritan izan dira beren egitasmoarekin. Arantxa Osoro (Eibar, 1973) da proiektuaren arduradunetariko bat.
Hasiera batean eskaintza txikia izango zela pentsatzen dut.
Oso garrantzitsuak dira jostailuak umeen garapenean, eta horregatik erabaki genuen erakusketa jartzea. Kutxak ireki, eta jostailuak nolakoak ziren ikusi eta haiekin jolasteko aukera eskaintzea zen asmoa. Euskarazkoak eta erderazkoak jartzen genituen orduan jendearen eskura. Euskarazko eskaintza haziz joan zenez, ordea, euskarazkoak bakarrik jartzen hasi ginen gero. Publizitateak erderazkoak bakarrik aipatzen ditu, eta guk euskarazkoak erakutsi nahi ditugu.
Zer eginkizun dute jostailuek umeen garapenean?
Haien bidez ikasten du haurrak bere burua eta ingurua ezagutzen. Elkarbizitza garatzeko baliagarri zaizkio, komunikazioa lantzeko, eta baita bere nortasuna garatzeko ere. Arlo asko lantzen dira jolasaren bidez. Jostailu motaren araberakoa da hori. Horregatik, erakusketan kartel batzuen bidez jostailu mota bakoitzak lantzen dituen arloak azaltzen ditugu.
Publizitate uholdeari kontrapisua egitea ez da erraza izango.
Haurrari oso erakargarria egiten zaio publizitatea. Argiak, koloreak, musika... Haurrek telebistan ikusitakoa aukeratzen dute. Guk euskarazko jostailuak erakutsi nahi dizkiegu, hauek ere erakargarriak direla ikus dezaten.
Maila ona du euskal jostailugintzak?
Bai, oso ona. Gaztelerazkoak bezain ona.
Hitzaldiak ere eskaintzen dituzue. Zer da gurasoei azalten diezuena?
Jolasaren garrantzia aipatzen diegu, eta adin tarteka zer jostailu eskaintza dagoen ere bai. Umeei ikuspegi kritikoa helarazten ere saiatu behar dugula azaltzen dugu. Publizitatearen aurrean helduok gure esperientzia eta jakituriatik abiatuta, haurrari ulertarazten saiatu behar dugu publizitatean agertzen den guztia ez dela guztiz egia. Horrek ez du esan nahi iritziz aldatzen saiatu behar dugunik, baizik eta eskatzen duena benetan nolakoa den erakusten saiatu behar dugula. Gero berak erabaki dezala gustuko duen edo ez. Haur bakoitzak bere gustu eta interesak ditu, eta hori errespetatu beharra dugu. Oso garrantzitsua da haurrari gustatzen zaion jostailua erostea, eta ez guk harentzat nahi genukeena, horrek erabileran asko eragin dezakeelako.
Zein da jostailu bat ongi ez aukeratzearen arrisku nagusia?
Diru ugari gastatu daiteke, eta gero haurrak ez du erabiliko. Denbora hartu behar da erosketa egiteko, eta komeni da haurrarekin joatea eta harekin hitz egitea.
Arantxa Osoro. Txatxilipurdi elkarteko kidea
«Umeei irizpide kritiko bat helarazten saiatu behar dugu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu