Umore zurrunbiloa, Andoainen

Los Modernos antzerki taldearen 'Fo' antzezlana ikusi ahalko da gaur, Andoaingo Bastero kultur etxean

Adrian Garcia.
Donostia
2010eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Los Modernos antzerki taldearen Fo ikuskizunarekin barrez lehertzeko aukera izango da gaur, Andoaingo (Gipuzkoa) Bastero kultur etxean. 20:00etan hasiko da antzezlana, eta 10 eurotan eskuratu daitezke sarrerak.

Argentinako Alejandro Orlando eta Uruguaiko Pedro Paiva aktoreek osatzen dute Los Modernos antzerki taldea. Dario Fo alegiazko pentsatzaile eta filosofoan oinarritzen da antzezlana. Erritmo bizi eta zorroztasunez beteriko gidoi bati esker, ikus-entzuleak harrapatuko dituzte musika eta abestien laguntzarekin. Itxura batean arruntak diren gaiak hartu, eta hit-jokoak erabiliz barre algarak sortzen trebeak dira Hego Amerikako umoristak. Batzuentzat bakarrik eginiko umore jantzia saihestu, eta edukiz eta errealismoz josiriko antzerkia egiten dute, guztiei barrea eragiteko xedearekin.

2003. urtean sortu zuten bi aktoreek Los Modernos taldea, Argentinako Cordoba hirian. Garai ekonomiko latzak ziren horiek, eta ez zen ohikoa jendea antzeztokietara joatea. Beraz, ikus-entzuleen bila ateratzen ziren jatetxeetara. Garai horietako zenbait ezaugarri mantentzen dituzte oraindik. Esaterako, ez dute eszenografia erabiltzen, eta emakume gonak janzten dituzte arreta erakartzeko asmoarekin.

LOS MODERNOS-EN 'FO' ANTZEZLANA

Noiz. Gaur, 20:00etan.

Non. Andoaingo (Giupuzkoa) Bastero Kultur Etxean.

Sarrerak. 10 eurotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.