Unetxoa, kolore eta soinu festa

Prozesioaren amaieran, erraldoien konpartsak dantzan agurtu du Iruñeko katedraleko kabildoa eta udalbatza, kanpaien eta gaiten doinuek astinduta.

Erraldoietako bat dantzan Curia kalean, eta atzean, katedralaren dorrea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Erraldoietako bat dantzan Curia kalean, eta atzean, katedralaren dorrea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2025eko uztailaren 7a
17:26
Entzun 00:00:0000:00:00

Katedral aurreko plaza jendez mukuru dago. Eguerdia da, eta ikusmina handia da. Espainiako Poliziaren helikopteroaren hotsak zeru goibela zeharkatzen du. Hodei artetik igarotzen diren eguzki izpiek eta ostarteek distira berezia ematen diete plaza aurreko kolore urdin, okre eta horiko eraikinei. Kilikiak, buruhandiak eta erraldoiak heldu dira, azkenik, eta zain daudenen sakelakoetan hamaika bider erreproduzitu da unea.

Curia kaletik txistu eta oihu zarata dator, eta apurka iristen hasi dira prozesioko gainerako partaideak: Duguna dantza taldeko kideak, udaleko klarin eta tinbal joleak, Katedraleko zaldikoa bere erritmo nekaezinean... Kabildoko kideak azaldu direnean hasi dira katedraleko kanpaiak jo eta ke. Gabriela eta Maria kanpainen soinu grabe eta sarkorrak barrunbeak astintzen ditu.

Orduan, hotsandiko sinfonia horri gaiten banda gehitu zaio, eta sei erraldoiak aldi berean dantzan jarri dira. Hori da egiazko unetxoa. Ez dago besterik. Solemnitatezko istant horretan, ateak zeharkatu eta barrura sartu dira kabildoko eta udalbatzako kideak eta barruko organoa batu zaio soinu festari. Guztia isilduta, Florencio Rosello Iruñeko eta Tuterako (Nafarroa) artzapezpikuak bedeinkapena eman eta amaitutzat eman du prozesioa. Albokoei begiratu eta esan die jarraian: «Aizue, ba nahiko ongi, ezta? Lasai joan da eguna. Hobe, elkarbizitzak irabazi du». Organoak Agur, jaunak jo du amaitzeko. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.