Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Ikuspegia ikusgarria da. Okaren itsasadar ia osoa ikusten da, Muxikatik hasi eta Mundakaraino. Iparralderantz, aldiz, Matxitxako eta Ogoño lurmuturrak bereizten dira, eta, urrunago, Kantauri itsasoa. Modu berean, inguruko eskualde osoan nabarmena da Ereñozar mendiaren silueta (Ereño-Gautegiz Arteaga, Bizkaia), zeruaren aurka ebakita agertzen den kono zorrotza, eta, haren tontorrean, 447 metroko garaieran, Done Mikel ermita dago.
Gazteluak harreman estua du, beraz, Busturialdearekin. Eskualde horren izena 1051. urtean aipatu zuten lehen aldiz, Eneko Lopitz eta Tota Ortiz konde-kondesek «in territorio Busturi» kokatutako zenbait ondasun eman zizkiotenean Arabako Gartzea gotzainari: Axpeko Andre Mariaren eliza, haren menpe zegoen Pareziko baseliza eta haien jabetza guztiak, baita inguruko herrietan hamarrena biltzeko eskubidea ere. Ez zen gutxi.
Zeruaren aurka ebakita agertzen den kono zorrotz bat da Ereñozar eta, haren tontorrean, 447 metroko garaieran, Done Mikel ermita dago
Garai bertsuan aipatuta agertzen dira inguruko beste hainbat toki ere: Bermeo, Almika, Mundaka, Foruko Gaitoka eta Berandoa auzoak, Gernika, Lumo eta Idoibaltzaga —egungo Errigoiti—, besteak beste. Hortaz, XI. menderako Busturialdean populazio trinko samarra zegoela ondoriozta daiteke, sakabanatutako herri eta auzo txiki ugariz osatua. Horietan baziren jaun feudalen dorretxeak ere, Madariagakoa eta Muruetakoa, adibidez; baina, guztien gainetik, Bizkaiko kondeen familiakoak ziren lurraldeko handiki nagusiak. Horiek horrela, ikerlari batek baino gehiagok susmatu du «territorio Busturi» hori ez ote zen izango Bizkaiko konderriaren bihotza.
Konderria bera apur bat lehenago agertzen da lehen aldiz egitura politiko moduan dokumentatuta, X. mendearen amaieran, Rodako Kodexa izeneko eskuizkribuan. Hasieratik Iruñeko erresumaren eraginpean egon bazen ere, badirudi praktikan Bizkaiko kondeek autonomia handia izan zutela. Eneko Lopitzek berak, 1043an Gartzia IV.a erregearen izenean Naiara gobernatu ondoren, ez zuen arazo handirik izan 1076an, Antso IV.aren hilketaren ondotik, Gaztelako Alfontso VI.arekin lerratzeko; eta, ordutik aurrera, Bizkaiko kondeek gehiago begiratuko zuten mendebaldera, hiriburu zaharrera baino.
Indusketa mendi tontorrean
Ereñozar inguruan kondaira ugari transmititu izan da aspalditik. Gainera, aurkikuntza arkeologikoak ere etengabeak izan dira, hasi harrizko sarkofagoetatik eta buka Erdi Aroko txanponekin. Hortaz, Bizkaiko Foru Aldundiak indusketa sistematikoak egiteko proiektu bat sustatu zuen 2008an, Mikel Neira Zubieta arkeologoak zuzenduta. Lanek 2012 arte iraun zuten, eta emaitzak 2018an argitaratu ziren, Kobie aldizkariaren Bizkaiko Arkeologia Indusketak bilduman.

Gotorlekua bi elementu nagusik osatzen zuten: mendiaren tontorra inguratzen zuen harresiak, batetik, eta haren erdigunean jarritako dorre nagusiak, bestetik. Biak XI. mendean eraiki zituzten, eta ondorengo hamarkadetan hainbat aldiz konpondu eta zabaldu —besteak beste, dorre txiki bat gehitu zuten harresiaren alde batean—. Eraikin horiek tokiko kareharriz eginda zeuden, baina pentsatzekoa da zurezko estalkiak zeuzkatela.
Harresiaren barruko aldean beste hainbat egitura agertu dira: harrizko horma zatiak, zurezko zutabeak sartzeko zuloak, eta abar. Egunerokoan erabiltzen ziren gazteluko eremuei dagozkie; ikatzaren eta buztin gorriaren kontzentrazioak, adibidez, salatzen du sutondoak zeudela, eta sukaldetzat har daitezke. Leku horietan garnizio militar baten presentziari lotutako hainbat elementu agertu ziren: armak —ezpatak eta gezi puntak, batik bat— eta apaingarri pertsonalak —fibulak eta gerriko plakak—.
Gainera, gazteluan jaten zuten haragiaren arrasto ugari ere agertu ziren. Behikia zen nagusi, ahunzkia ere bazen arren; zerrikia, berriz, oso urria zen. Emaitza horiek bat datoz besteak beste Untzueta (Orozko, Bizkaia) eta Aitzorrotz (Eskoriatza, Gipuzkoa) gazteluetan egindako aurkikuntzekin.
Gotorlekua bi elementu nagusik osatzen zuten: mendiaren tontorra inguratzen zuen harresiak, batetik, eta haren erdigunean jarritako dorre nagusiak, bestetik
Gaztelua XIII. mendean abandonatu zuten. Ordukoa izan liteke Done Mikel ermitaren lehen eraikina, gazteluaren dorre nagusia egon zen toki berean eraikia. Haren hegoaldeko hormarekin lerrokatuta, datazioaren arabera XIII-XIV. mendeetakotzat jotako hamasei hilobi agertu dira, eta beste bost inguruan sakabanatuta.
1333 eta 1350 artean berriro okupatu zuten gaztelua, Bizkaiko jaurerriaren eta Gaztelako koroaren artean izandako gatazka militarren testuinguruan; iparraldeko atea berregin eta zenbait betelanekin mailakatu zuten tontorraren gainazala. Hala ere, XIV. mendearen bigarren erdian gotorlekua behin betiko desegin zen, eta nekropoli bilakatu.

Datazioari erreparatuta, Ereñozarren aurkitutako hobiak XIV. eta XV. mendeen artekotzat jo dituzte, zenbait fasetan banatuta. Espazio txikia da, 250 metro koadro inguru baino ez ditu, eta 150 gorpuzki baino gehiago agertu ziren. Hortaz, hilobi berriak egiteko ezinbestekoa izan zen zaharrak desegin eta giza arrastoak baztertzea, hala, interpretatzeko zailtasun handiak dituen erregistro bat sortu zen. Dena den, ikerketak zenbait emaitza interesgarri eman zituen. Batetik, zenbait motatako hobiak agertu ziren: lurrean egindako hobi sinpleak, harrizko hormaz inguratutakoak, harri bloke bakarrean zizelkatutako sarkofagoak eta abar. Sexu eta adin guztietako jendea agertu zen hobiratuta, batzuetan apaingarri eta guzti: brontzezko eraztunak, gerriko plakak, txanponak eta abar. Gainera, hobi batean besarkatuta hobiratutako bikote bat agertu zen, kasu benetan arraroa Erdi Aroko arkeologian.
Horrek guztiak landa populazio baten presentzia salatzen du; funtzio militarrak desagertuta, Ereñoko komunitateak bereganatu zuen mendia, eta esanahi sakratua eman zion.
Eskualdeko gazteluak
Bizkaian badira Erdi Aroan sortutako beste gaztelu batzuk, horietako batzuk Ereñozar bezain zaharrak. Orokorrean, guztiek eredu berberari jarraitzen diotela esan daiteke: tontor garaietan egoten dira, urrunetik ikusteko moduan, baina, aldi berean, mendiz inguratuta, lurraldearen orografiagatik. Hala, asko nabarmentzen diren gazteluak daude eskualdean, baina lotura eskasa dute elkarren artean.
Astxiki da adibide bat (Abadiño, Bizkaia). Izen bereko tontorrean dago, Urkiola mendilerroan (785 metro). Durangalde osoa zaintzen da handik; 1051. urtean Eneko Lopitz agertzen da eskualde horretan konde moduan aipatuta, baina 1053an Munio Sanz izeneko beste pertsonaia bat agertuko da kargu berean. Beraz, pentsa daiteke eskualdeak izaera propioa izan zuela konderrian integratuta egon arren. Tontor inguruan hainbat material arkeologiko agertu dira: ezpatak eta gezi puntak, baita urre koloreko apaingarriak eta XI-XII. mendeetako txanpon gutxi batzuk ere.

Aurkikuntza horietatik abiatuta, Gerediaga elkarteak zundaketa arkeologikoak sustatu zituen 1994an, eta, horiei esker, gazteluaren planta berreraiki ahal izan dute. Gotorlekuak oso eremu txikia hartuko zuen, eta, non dagoen kontuan hartuta, benetan deserosoa izan behar zuen. Tontorraren inguruan, haitzean egindako ebaketak eta horma zati batzuk identifikatu zituzten, jatorrizko dorrearen aztarnatzat jo daitezkeenak. Apur bat beherago dago harresia, metro eta erdiko lodiera duena; eta, horren azpian, euri urak biltzeko putzua. Indusketan material gutxi agertu ziren arren, erradiokarbono bidez zehaztu ahal izan zuten ardiki hezur batzuk XI. mendekoak zirela.
Datazioari erreparatuta, Ereñozarren aurkitutako hobiak XIV. eta XV. mendeen artekotzat jo dituzte, zenbait fasetan banatuta. Espazio txikia da, 250 metro koadro inguru baino ez ditu, eta 150 gorpuzki baino gehiago agertu ziren
Beste adibide esanguratsua Untzuetako gaztelua da (Orozko, Bizkaia). Izen bereko tontorrean dago, 769 metroko garaieran. Harresiak eta dorre nagusiak osatzen zuten eta hor ere euri urak biltzeko putzua ikus daiteke. Bertatik Nerbioi ibaiaren erdialdeko arroa zaintzen da, baita Orozko eta Zeberio haranak ere. Iturri dokumentalek ez dute gaztelu horren berririk ematen XIII. mendea baino lehen, baina ikerketa arkeologikoak XI. mendera aurreratu du haren okupazio aldia. Ingurumari horretan harrizko bola ugari agertu dira, abailarekin jaurtitzekoak ziurrenik.
Azkenik, Untzuetatik Malmasin mendiaren gailurra ikusten da (Arrigorriaga, Bizkaia). 361 metroko garaiera du, eta bertatik Nerbioi ibaiaren beheko arroa eta Bilboko itsasadarra zaintzen dira. Malvecin izenarekin aipatuta agertzen da 1176an, Ingalaterrako Henrike II.a erregeak epaia eman zuenean Nafarroako Antso VI.aren eta Gaztelako Alfontso VIII.aren arteko muga liskarrak konpontzeko; baina tontorrean ez da, oraingoz, garai horretako aztarnarik agertu. Hala ere, badaude Burdin Aroko edo Antzinateko gotorleku baten arrastoak eta, beraz, ez litzateke harritzekoa izango okupazio horrek Erdi Aroan ere iraun izana; Jagoba Hidalgo arkeologoa ari da azken urteotan gaia ikertzen, eta baliteke berandu gabe berri interesgarriak agertzea.