Bizipenak gogoan hartu eta hurrengo belaunaldiei kontatzekoa izaten da gizakia, testuingurua ulertzeak bertze elementu batzuk ulertzea ekar dezakeelako, ziur aski. Lan hori hartu du Oiartzungo Gazte Sortzaileetako antzerki taldeak, Julieta ETA Romeo antzezlanarekin. Ekainaren 11n antzeztu zuten Donostiako Gazteen Antzerki Topaketan, eta antzezlan onenaren saria eman zieten sortutako obragatik. Julen Perez (Oiartzun, Gipuzkoa, 2000) da antzerki taldeko kideetako bat.
Nolakoa zara Romeoren rolean?
Dramatiko bat. Dena modu oso intentsoan bizitzen duen pertsona bat, guztia horretan joango balitzaio bezala. Dena intentsoki eta dena asko.
Zer aldatu diozue jatorrizko obrari?
Luis Mitxelena da obraren zuzendaria, eta umore ganberro samarra egin nahi izan du antzezlan honetan. Baina, aldi berean, atzeko mezu batekin.
Romeoren eta Julietaren arteko maitasun mezua?
Ez. Euskal Herriak bizi izan dituen gatazkak ekartzen ditu oholtzara, baina ez gertatu ziren moduan kontatuta, baizik eta guri iritsi zaizkigun bezala. Alegia, eszenatokian 1985 inguruko garaia antzezten dugu; Euskal Herrian bi bando zeuden orduan: frankistak eta euskaldunak. Obra honetan erakutsi nahi izan dugu zer mezu eman diguten guri, gazteoi, frankismo garaiari buruz. Guk ez dugu garai hori bizi izan, baina asko hitz egin digute horretaz, eta azaldu nahi dugu nola jaso dugun guk garai hori guztia. Pentsatzeko era desberdina duten familietako bi kide elkarrekin maitemintzen dira eta... Horren ingurukoa da obra, baina esango nuke funtsa horixe dela, erakustea nola irakurtzen dugun guk gure ahaideek bizi izandako garaia.
Bukaera itxia du?
Ez, nahiko airean gelditzen da mezua, eta horrek bide ematen dio norberari nahi duen interpretazioa egiteko. Alegia, guk azaltzen dugu egoera nolakoa den, eta hortik bakoitzak erabakiko du zer ondorio atera: zergatik dagoen dagoen lekuan eta moduan.
Obra bakoitzak mezu bat eduki behar du gibelean?
Garrantzitsua da mezuarena; nire ustez beti eduki behar du mamiren bat. Azken finean, zerbaitetarako ari zara obra bat egiten, ezta? Baina, aldi berean, helburua niretzat ongi pasatzea eta disfrutatzea da, guretik egitea.
Oiartzungo Gazte Sortzaileak, baina, ez zarete antzezleak bakarrik.
Oiartzungo Gazte Sortzaileetan denetik dago, noski, arte mota asko lantzen ditugu, eta jende asko dago gauza asko dakizkienak egiten. Arte plastikoa, artistikoa, margogintza, antzerkia, argazkilaritza... esparru asko lantzen dira gure taldean, eta ederra da hori.
Eta edozeinek egin dezake antzerkia?
Urte hasieran aurkezpen bat egiten dugu, eta han kontatzen dugu zein den gure urteko plana: zer egin nahi dugun eta zer egin dezakegun. Behin aurkeztu ondotik, izen ematea irekia uzten dugu, eta norberak erabakitzen du zertan hartu nahi duen parte edo zertan ez duen hartuko. Talde eragile bat dugu, zortzi bat lagunekoa, eta gero komunitate bat. Talde eragiletik antolatzen ditugu gauza gehienak; gero, pixkanaka, jendea ekintzetara batzen da, eta taldetxoak osatzen ditugu. Antzerkian, adibidez, zuzendariarekin egiten dugu lan: hark egiten ditu gidoiak, eta guk antzeztu egiten ditugu.
Urtero egiten duzue antzezlan bat?
Bai, eta aurtengo uzta Julieta ETA Romeo izan da. Erakusleiho bat bezalakoa da gure lana, urtebetez egin dugun lana erakusteko.
Zer erranahi du sariak zuentzat?
Guretzat sari handi-handia zen Donostiako Antzoki Zaharrean antzeztea, eta horrekin oso pozik geunden. Gure lana pixka bat harago eramateko aukera bat zen, eta baliatzen saiatu ginen. Saria jaso genuenean sekulako poza sentitu genuen, aitortza gisako bat ere badelako gure lanarentzat. Ziurrenik, orain, sariak berak beste leku batzuetan antzezteko aukera emango digu. Pozgarria da hori, orain arte Oiartzundik ez garelako maiz atera, eta kanpora ateratzeak beti ekartzen dituelako onurak taldearentzat. Akaso lehen ezagutzen ez gintuen norbaitek zerbait adituko du gutaz.
Noiz hasi zinen antzerkian?
Ni lehengo urtean hasi nintzen. Taldean badira batzuk antzerki askotan ibiliak direnak, eta beste batzuk ni bezala gauza gutxi eginda etorri direnak. Elkarrekin ikasten dugu.
Lasai igotzen zara oholtzara?
Ez nuke esango «lasai» denik hitza. Nahiko urduri ateratzen naiz beti, emozio festa batean banengo bezala. Urduritasuna eta bertigoa sentitzen ditut, baina merezi du. Behin antzezten hasi ahala, berehala joaten dira urduritasun horiek, eta oreka batean sartzen gara guztiok.
LOTSABAKO
Julieta edo Romeo?
Romeo.Antzezteko toki bat?
Bilboko Arriaga antzokia.Interpretatzea gustatuko litzaizukeen pertsonaia bat?
Gure obrako okina.