Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Bada ia seiehun biztanleko herri txiki, berde eta baketsu bat Gipuzkoan. Gaur egun, bertan lasaitasuna arnasten bada ere, herriaren izenak agerian uzten du behinola barealdi hori eten egin zela. Hain zuzen, Kristo aurreko urteetan, erromatarrek lurrak konkistatzeari ekin ziotenean lehertu zen ekaitza. Herrixka berdetsutik Hernio mendiko gurutzea ikusten da — itsas mailatik 1.072 metrora dago—, eta behean, Zelatungo zelaia; garai batean, erromatarren pasabidea izan zena. Pasabidea edota hiltokia, baskoiek «erraz hiltzen» baitzituzten bertan gerlari erromatarrak. Istorio horren omenez izendatu omen zuten Errezil —erraz hil—. Orain, paraje horretan bi baserri daude: Odria goikoa eta Odria behekoa. Antza, odolti hitzetik eratorriak dira haien deiturak, hots, erromatarrek utzitako odol putzuetatik.
Kondairak ez du zehazten errezildarrak zerk egiten zituen horren indartsu. Baina, seguruenik, haien elikaduran ezinbestekoa zen sagarrak izango zuen zerikusirik. Izan ere, errezildarrena ez da bestelako sagar bat; haiena Ibarbi sagarra da. Gogorra, bizia eta gazi-gozoa. Ibarbi Errezilgo bailara baten izena da, eta badirudi bertan sortu zela sagar mota hori.
Fruta hori oso berezia izanagatik, Errezilgo baserritar asko sagarrondoak kentzen hasi ziren. Sagarrak etekin ekonomiko onak ekarri arren, jendeak ganaduarentzat gordetzen zituen lurrak, hau da, esne eta haragi produkziorako. Sagastiak galtzear egon ziren; horietako asko gaitzak jota.
Kontrara, gaur egun, Errezilgo baserri gutxi batzuek besterik ez dute abereak, eta sagarrondoak nonahi daude. Besteak beste, Ibarbi Errezilgo Errezil Sagarraren Kultur Elkartearen eta Kooperatibaren ekinaldiei esker. Bi entitateak zortzi kiderenak dira; elkartean, gehienbat turismoarekin, jaiekin eta azokekin lotutakoak jorratzen dituzte. Kooperatiban, berriz, sagarrak bildu, txukundu, eraldatu, eta saldu egiten dituzte. Iñaki Labaka elkarte eta kooperatibako kideak azaldu du «pixka bat kezkatuta» hasi zirela lanean: «Esku artean zer geneukan jakin nahi genuen; ahal bazen, mantentzeko eta aberasteko». Gaineratu du sagarrengatik «oso gutxi» ordaintzen dietela eta haien helburuetako bat fruta horri «balio ematea» dela. Horretarako, Ibarbi marka sortu eta mahai sagarraren merkaturatzea bultzatu zuten.
Horrez gain, «Ibarbi sagarrak Errezilen izan zuen eta oraindik duen garrantzia kontuan izanik, hura ezagutarazteko» ibilbide bat egin zuten, herrian bertan: Ibarbi Sagarraren Ibilbidea (SL-Gi 48). 3,5 kilometro luze da, eta idi-dema plazan hasi eta amaitzen da. Bidea ondo seinaleztatua dago, eta erraz egin daiteke, galdu gabe, informazio panelei jarraituz. Bisita gidatuak ere egiten dituzte.
Ibarbi Sagarraren Ibilbidea
Sagasti artean murgildu aurretik, lehenengo postako balkoiak beheko ibilbidearen ikuspegi panoramiko bat egiteko aukera ematen du. Askotariko tonalitate berdeen artean, bide zirkular bat bereiz daiteke, baita garaiera ezberdinetan dauden sagarrondoak eta baserriak ere. Halere, distantzia horretatik ez dira sagarrak ikusten.

Baina, berehala, ibilbidearen lehenengo metroetan ikus daitezke fruta berdeak bidearen alde banatan; Labakak argitu du guztiak ez direla Ibarbi sagarrak. Sagar mota hori besteak baino zerbait geroago heltzen da, eta, gutxi gorabehera, San Martin egunaren bueltan biltzen dute —azaroak 11—. Eguraldia epeltzen bada, pixka bat lehenago ere bai. Elkarteko eta kooperatibako kideak adierazi du Errezilgo sagarra jan-sagarra dela. Era berean, sagardotarako ere balio duela: «Baserritar guztiek bildutakoaren parte bat sagardoaren produkziorako uzten dute; Astigarraga aldean estimu handia diote gure sagarrari».
Errezildarren fruitua «usain eta zapore oso handikoa» da. Halaber, andui hori lekuz aldatuz gero, ez du sagar bera ematen; bigunagoa eta beste kolore batekoa ematen du. Labakak uste du mikroklimaren ondorioa izango dela. Hori aztertzeko, herriko sagarrondorik hoberenetatik adar bana atera zuten, gero toki jakin batean landatu, eta geolokalizatu egin zituzten.
Garai batean herri bide nagusia zenetik aurrera eginda, San Antonio ermita dago. Guztira, bederatzi erlijio eraikin ikus daitezke bidean. Baselizatik gertu, herriko hilerria dago. «Hilerria herrigunea baino beherago duten herri gutxi egongo dira munduan», adierazi du Labakak. Gehienetan, hilerriak herriaren goialdean egoten dira, «hildakoak zerura joan daitezen».
Bi teknika
Aldapan behera jarraituta, sagarrondo txiki pilo bat ageri dira. Lerro zuzen-zuzenak osatzen dituzten ilaretan daude landatuta; zuhaitz bat dago metro bakoitzeko. Errezildarrak adierazi du teknika hori «oso modan» dagoela, eta sagarrak biltzeko orduan, onura asko dituela. Sagarrondoak baxuagoak dira, eta ilaren arteko pasilloetatik makinak pasatu ahal dira, arbolak zaindu eta sagarrak biltzea errazteko. Halarik ere, nabarmendu du fruta guztiak eskuz jasotzen dituztela, teknika edozein dela ere. Sagarrondo horiek bost urte «besterik» ez dute, eta «oso emankorrak» dira. Banaka landatutako sagarrondoak baino sendoagoak dira, eta hirugarren urtean ematen dituzte lehenengo aleak; besteek, berriz, zortzi eta bederatzi urte inguru behar dituzte. Labakak jakinarazi du sagarrondo bat gora bezainbeste hazten dela behera, hots, sustraietan.

Ibilbidearen erdialdean dago lehenengo malda; ez da oso pikoa eta edonork igo dezake. Bidean lasaitasuna da nagusi, jende gutxi dabil. Eguzki printzak, jostalari, sagarrondo artean ezkutaketan dabiltza. Uda sentitu bakarrik ez, entzun ere egin daiteke: txorien kantuak haizearen hasperenarekin nahasten dira. Urtaroak urtaro, ibilbidea guztiz aldatzen da bost zentzumenentzat.
Labakak bi garai nabarmendu ditu: loraldia eta bilketa garaia. Normalean, loraldia apirilean izaten da. Azaldu du aurtengoa «irregular samarra» izan dela, baina, istantean, 2021eko loraldia ekarri du gogora: «Izugarria izan zen, Errezilek Jerte [Extremadura, Espainia] ematen zuen, zuri-zuri». Hortaz, honatx urtero Jertera edo Japoniara altxorraren bila joaten direnentzat pista bat: altxorra uste baino gertuago dago. Biltzeko garaia, berriz, udazkenean izaten da. Hori bai: loraldia txarra bada, ez da sagar urte onik izango. Bestalde, loraldia oparoa izanagatik, harri erauntsiek, izozteek edota eurite eta haize bortitzek dena suntsi dezakete. Biltzeko orduan, eguraldi ona egitea ere funtsezkoa da.
Badago kontuan izateko beste faktore garrantzitsu bat ere: Ibarbi sagarrondoek bi urtean behin ematen dute fruitua. Urte bat emankorra izaten da, eta hurrengoa ez. Horrek zenbait eragozpen sortzen ditu: urte batean bezeroak gustura geratzen badira, hurrengoan ere gauza bera espero izaten baitute. Horri irtenbide bat emate aldera, ikerketa lanetan ari dira Errezilgo lagunak. Garai batean, sagarrondoak naturalki polinizatzen ziren. Orain, erleak aztertu, eta polinizazio prozesua probokatzen dute: «Erle erregina erlauntzean izan, eta inguruko erleak beti lanean aritzen dira, polena leku batetik bestera garraiatuz».
Baserri eder baten atarian egurrezko eskailera bat dago. Pertsona bat balitz, oso adindua izango litzateke; bere zimurrez lotsatzen ez den gizabanako bat. Are, biologiak egindako tatuaje horiek harro erakutsiko lizkioke jendeari, gaztetako hainbat bizipen kontatzeko aitzakia gisa. Labakak esan du horrelako eskailerak erabiltzen dituztela sagarrak biltzeko, eta oso arriskutsua izaten dela. Horren adierazle, zauritu ugari izan dira, baita hildako bat ere. Sagarrondo garaienek bederatzi metro dituzte, eta ehun urte inguru. Eskaileratik haietara igotzen dira, sagarrak eskuz hartu eta alkandorako kolkoan gordetzen dituzte. Teknika berriak askoz ere seguruagoak dira.
Sagarrondo altu baten gerizpean, gora begira dago Labaka; eguzkiak sagar bat argitu du: «Ibarbi sagarrak urrearen kolorea du». Fruitua txikia da, heldu gabe dago; errezildarrak eskuekin adierazi du oraindik asko hazi behar dutela. «Golden bat edo Ibarbi bat jateak ez dauka zerikusirik; Ibarbi sagarrek gehiago betetzen dute eta osasuntsuagoak dira».
Zaintza
Hala ere, norbaitek orain Ibarbi bat jatea nahiko balu, pixka bat itxoin beharko luke. Izan ere, aurtengoa ez da urte emankorra izan, eta bildutako sagar guztiak urtarrilerako saldu zituzten. Sagar mota hori oso ondo mantentzen da, eta apirilera arte erraz iraungo luke, batik bat, leku freskoetan gordez gero. Dena den, bilduriko aleak ez ziren gaur arte onik mantenduko. Errezilen badago sagar etxe bat horretarako. Bestela, baserrietako beheko sotoetan edo hozkailuan gordetzen dituzte. Kooperatibakoek, berriz, lokal bat dute Azpeitian [Errezil ondoan dago herria] zeregin horretarako. Iazko uztatik, zortzi kideren artean, ia 40 tona mahai sagar jaso zituzten, eta eraldatzeko — pureak, zukuak, marmeladak eta gozoak egiteko— 25 tona sagar inguru.

Ibarbi Sagarraren Ibilbidea idi-dema plazan amaitzen da, baina elkarteko eta kooperatibako lagunen bidea oraindik ez da amaitu. Kilometro asko falta zaizkie beren helburuetara heltzeko, ilusioak betetzeko: «Gure asmoa da urte batzuetara 300 tona mahai sagar biltzea, eta eraldatzeko beste 300 tona sagar».