Donostiako urte osoko kultur eskaintzari eskaintza berezia gehituko zaio urrian. Hip-hip Urri! egitasmoaren barruan, 6 eta 14 urte bitarteko haurrei eta haien familiei eskainitako doako kultur jarduerak izango dira urriko asteburuetan. Donostia 2016k sustatu du egitasmoa, Ikertze Kultur Elkartearen eta Donostia Kulturaren laguntzarekin. Hala, Europako beste hiri batzuetan dagoeneko martxan dagoen October Children proiektuarekin egin dute bat.
Haurren eta gazteen artean kultura kontsumitzeko joera sustatzea da Hip-hip Urri! egitasmoaren helburua. Egitaraua oraindik zehazteko badute ere, urriko asteburuetan antzerkia, musika, dantza, ipuin kontalariak eta beste hainbat kultur jarduera izango dira Donostian, haur eta familientzat. «Kultura denon eskura egon behar duen altxorra da: haur, gazte eta helduen eskura. Kulturak pertsona askeagoak bihurtzen gaitu; beste mundu eta errealitate batzuetara gerturatzen gaitu, eta daukagun ondare preziatuenetako bat da», adierazi du Naiara Sampedro Donostiako Hezkuntza eta Gazteria zinegotziak. Horregatik, kultura kontsumitzen txikitatik ikasi behar dela uste du Sampedrok.
Familiei eskainitako kultur eskaintza indartzeaz gain, gazte kuadrillen kultur kontsumoa ere sustatu nahi du Hip-hip Urri! egitasmoak. «12 urtera arte familiarekin ibiltzen dira haurrak, baina, 14 bat urterekin lagunekin ateratzen hasten direnean, oso zaila da lagun kuadrilla bat museo batean ikustea», adierazi du Fernando Bernues Donostia 2016ren zuzendari artistikoak.
Haurrei eta gazteei zer interesatzen zaien jakiteko, eta haiek ere egitasmoaren partaide zuzenak izateko, Haurrekin Partaidetza Prozesua izeneko programa jarriko dute martxan irailean. Donostian ikasten duten Lehen Hezkuntzako haurrek hartuko dute parte programan. Kulturaren eta aisialdiaren inguruko gogoeta egingo dute ikasleek, eta Juan Karlos Izagirre alkateari proposamenak egingo dizkiote. «Bestalde, 14 eta 16 urte bitarteko gazteekin ere hitz egingo dugu, haiek kultur eskaintzara nola erakarri jakiteko», adierazi du Blanca Zaragueta Ikertze Kultur Elkarteko kideak.
Ikertze arduratuko da proiektua kudeatzeaz. Donostiako kultur baliabideak eta eskaintza zabala haintzat hartu eta sendotzea da elkartearen helburua. Izan ere, Hip-hip Urri! hilabete batez egingo duten arren, urte osorako kultur egitarauari bultzada ematea da egitasmoaren helburua. «Hiria bera, familiarekin eta eskolarekin batera, hezitzaile bat gehiago izatea nahi dugu», adierazi du Zaraguetak. «Donostia ikasteko, jakintza trukatzeko eta banatzeko gunea izatea nahi dugu».
Europarekin elkarlanean
October Children proiektuaren barnean dago Hip-hip Urri!. Donostian, ordea, bertako izena jarri nahi izan diote. Herbehereetan sortu zen October Children, 2011n. Izandako arrakasta ikusita —15.000 familiak hartu zuten parte iaz, eta kultura kontsumoa %70 igo da—, Berlinen (Alemania) ere egin zuten iaz. Aurten, berriz, Donostia eta Riga (Letonia) gehitu dira proiektura. Datozen urteetan Europako hiri gehiago gehitzea espero dute, eta urria Kultura eta Haurtzaroaren Nazioarteko Hilabetea bihurtzea.
Tokiko kultura sustatzeaz gain, Europako herrialdeen artean kulturaren inguruko lankidetza eta trukea sustatu nahi ditu October Childrenek. Horregatik, «zubiak eraikitzea» beharrezkoa dela esan du Zaraguetak, eta horretan ari dira Ikertze Kultur Elkartean. Hainbat ekitaldi hitzartuak dituzte dagoeneko.
Urrian, Izibene Oñederra Donostiako artista Herbehereetara joango da; Herbehereetako, Letoniako eta Alemaniako artistekin batera, KIK Experience proiektuan parte hartuko du. Esperientzia artistiko bat egingo dute, elkarlanean, eta familientzako tailerrak eskainiko dituzte October Children proiektua martxan duten herrialdeetan. Era berean, Euskal Herriko Marie de Jhong antzerki taldea ere Herbehereetara joango da urrian, Alabatxo lana eskaintzera.
Datorren urtean, berriz, gainontzeko herrialdeetako artistak jasoko ditu Donostiak. Besteak beste, aurten Herbehereetan Izibene Oñederrarekin lan egiten duten artistak etorriko dira, familientzako tailerrak eskaintzera. Horrez gain, antzerki talde bat ere joango da Herbehereetatik.
Aurten Donostian egingo dute Hip-hip Urri!, baina datorren urterako Gipuzkoa osora zabaldu nahi dute egitasmoa. «Parte hartu nahi duten kultur eragile guztiek irekiak dituzte ateak», adierazi du Zaraguetak.
Urria, kulturaren hilabete
Hip-hip Urri! egitasmoaren barruan, haur eta familientzako doako kultur eskaintza zabala izango da urrian, Donostian; Europako herrialdeekin elkarlanean ariko dira

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu