Ia mende erdiko zaletasunaren fruitua da Txomin Rekondok jatetxe azpian gordetzen duen ardandegia. Orain gutxi, urteen buruan egindako lana aitortu dio Wine Spectator aldizkariak: munduko bost ardandegi onenen artean sailkatu dute.
Donostiako Igeldo mendiaren magalean dago Rekondo jatetxea. Euskal sukaldaritza tradizionaleko platerek egin dute ezagun inguruan. Wine Spectator aldizkariak, ordea, mundu osoan eman dio ospea, janariagatik baino gehiago, jatetxepean gordetzen duen altxorragatik: 150.000 botila inguruko ardandegia.
Ardoari buruzko aldizkari espezializatua da Wine Spectator, munduan gehien saltzen dena. Ardandegia duten jatetxeak aztertu dituzte, eta munduko bost onenak saritu. Txomin Rekondoren jatetxeaz gain, New Yorkeko hiru jatetxe eta New Jerseyko bat sailkatu dituzte munduko bost onenen artean. Jatetxeen ardotegiaz gain, zerbitzua, janaria eta giroa hartu dituzte kontuan.
Abuztuko zenbakian kaleratu zituzten saridunak, eta dagoeneko bisitariak aldizkaria besapean dutela iritsi zaizkie.
Donostiara etorri ziren aldizkariko ikuskatzaileak. Baita zur eta lur geratu ere Txomin Rekondoren ardo erreserbekin. Munduko ardogintza eskualde guztiak ditu ordezkaturik ardandegian.
«Akats bila aritzen dira», esan du Martin Flea jatetxeko sommelierrak ikuskatzaileei buruz galdetzean. «Arreta handia jartzen dute ea edaria eta bazkaria ondo ezkontzen dituzun. Ardoaren espirituaren inguruan ere galdetu zidaten».
Segituan nabaritu zuten bezero bereziak zirela maiatz inguruan jatetxera afaltzera etorritako bikotea. «Gauza asko eskatu zituzten, eta bagenekien pertsona garrantzitsuak zirela», dio Lourdes Rekondok, Txomin Rekondoren alaba eta jatetxeko arduradunak.
Afaltzean hainbat botila eskatu zituztela gogoratzen du Fleak. Gustura gelditu ziren sommelierrak egindako lanarekin, eta ardandegia ikustea eskatu zuten. Beheko pisura jaistean, aurkitzen «oso zailak» ziren hamabost ardo botila eskatu zituzten.
Botila horiek bazituztela ikustean «txundituta» geratu zirela dio Fleak. Donostian egondako astebetean, behin baino gehiagotan igo ziren Rekondorenera afaltzera edo bazkaltzera. Jatetxeko familiarteko giroa gogoko zuten aldizkariko ikuskatzaileek.
Ardoen zerrendak 200 orrialde baino gehiago ditu Rekondo jatetxean. «Aitaren bizitzaren apunteak dira», dio Lourdes Rekondok.
1964an ekin zion Txomin Rekondok botilak pilatzeari, jatetxea ireki zuenean. Urte horietan guztietan eginiko lanaren eta dedikazioaren emaitza dira egun jatetxean bildutako ondarea. Hortik datorkio Wine Spectator aldizkariak eginiko aitortza.
Ardandegia etengabe elikatzen jarraitzen du Txomin Rekondok. «Egunero jaisten da txukuntzera», dio Lourdes Rekondok.
«Nire aitak zaletasunagatik egin du ardandegia. Ez dio inoiz publizitate askorik eman nahi izan», dio Lourdes Rekondok. «Saldu nahi ez dituen botilak eramango dizkioten beldur da».
Rekondotarren ardotegiaren berezitasuna honela laburbidu du Felak: «Ardandegia ez da jatetxe batena, bildumagile batena baizik. Ardoa maite duenpertsona batena».
Ardandegia kalera ateratzeko xedez,astero dastatzeak antolatzen dituzte jatetxeko tabernan.
Urteetako lanari aitortza
Donostiako Rekondo jatetxearen ardandegia munduko bost onenen artean sailkatu dute. 150.000 botila baino gehiago gordetzen ditu Txomin Rekondoren altxorrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu