Urumeako mikro(aren) istorioa

Gaizka Izagirre kazetariak bota zuen erronka txio baten bidez: Urumea ibaiaren ertzean mikrofono bat topatu zuela, eta jakin nahiko lukeela haren «aurreko bizitza» zein ote zen. «Twitter, egin zure magia!», eskatu zuen, eta agertu da jabea: Pello Gorrotxategi Esne Beltzako musikaria. BERRIAk elkartu ditu biak.

Gaizka Izagirrek Twitter sare sozialean jarritako txioa: mikroaren argazkiak jarri zituen, eta hura topatu zuen tokiarenak ere bai, Urumean. -.
enekoitz telleria sarriegi
Hernani
2023ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Urak dakarrena urak daroa (ia beti). Mikroa txikia izan ohi da (ia beti). Eta ibaiak ura izan ohi du (ia beti). Baina urak dakarrena ez du beti urak eroaten, mikroa izan liteke handi, eta ibaia ere izan liteke zubi, eta izan liteke elkargune. Urak dakarrena mikrofono bat izan da oraingoan, haren atzean dagoena mikro istorio polit bat oraingoan, eta ibaiak lortu duena elkar ezagutzen ez zuten bi lagunen arteko zubi lana egitea oraingoan. Urumeako mikro(aren) istorioa da hau:

Gaizka Izagirre Gaztezulo aldizkariko zuzendari, kazetari, eta zine eta telesail adituaren paraje kutuna da Urumea ibaiaren ertza, Ereñotzuren bazterra (Hernani, Gipuzkoa). Txakurra hartuta joan izan da askotan bertara, eta halaxe joan zen egun hartan ere, abuztuaren 17an. «Gerora irakurri dudan zerbait da, halako aurkikuntza berezi gehienak txakurrarekin pasieran zoazela egiten direla. Txakurrak beti eramaten zaituelako ezohikoak diren txokoetara», esplikatu du Izagirrek.

Gogoan du makila batekin ari zirela biak jolasean. Eta ikusi zuela bat-batean objektu bat errekako harrien artean. «Hartu nuen eskuetan, eta pisua zeukan. Ikusi nuen mikrofono bat zela. Atentzioa eman zidan: 'Bota egin dute? Galdu egin zaio norbaiti?'. Eta hasi nintzen pentsatzen inguru hartan grabatu zutela Estibaliz Urresola zuzendariaren 20.000 especies de abejas filma».

Onartu du bera ez dela mikrofonoetan aditua, baina arraroa egin zitzaiola filma batean erabilitakoa izatea topatu zuen hura. Bestelakoa zen haren jakingura: «Ez dakit zaletasuna den edo zer den, baina txikitatik gustatu izan zait objektu zaharren aurreko bizitza zein izan den deskubritzea. Bigarren eskuko objektuen oso zalea naiz, erosten ditut kamera zaharrak eta halakoak. Gustatzen zait imajinatzea zer duten objektu horiek atzean. Eta pentsatu nuen: 'Honek ere izan behar du bere istorioa atzean'».

Eta zer otu zitzaion? «Horrenbeste maite eta gorroto dugun Twitter mundu horretara jotzea. Askok egiten duten eta eskatzen duten moduan: 'Twitter egin zure magia', eskatu nuen».

Atera zizkion mikroari argazkiak eta inguruko parajeari ere bai: lau irudi guztira. Eta idatzi zuen testu hau: «Txikitatik maite dudan zerbait, objektu zaharren aurreko bizitza imajinatzea da. Ereñotzuko ibaian mikro hau topatu dut eta bere istorioa ezagutu nahiko nuke. Inguru honetan 20.000 especies... grabatu zen; filmatzean eroritakoa agian? Twitter egin zure magia!».

Eta eskatu, eta egin. Izagirrek espero ez zuen moduan eta espero ez zuen abiaduran. «Espero nuen zerbait gertatzea, baina halakorik ez», aitortu du.

Izan ere, berehala hasi zen mugimendua. Iñaki Sanz-Azkue Aranzadiko biologoa izan zen erantzuten lehena: «Guk Burbunak eta etsayak grabatu genuen, baina ez da gurea. Badaezpada @akurijauna-ri ere galdetuko diogu (Ibaia ez da toki bat) edota @gaizkaranguren-i (Ni, Urumea)». Alegia, mikroa agertutako parajeari buruz azkena egin diren dokumental eta grabazio gehienak jarri zituen Sanz-Azkuek mahai gainean. Beñat Iturrioz @akurijauna-rena izan zen lehen erantzuna: «Geurea ez da, baina Ainhoa Gutierrez eta Eli Pagola ere aritu dira duela ez hain gutxi Urumean grabatzen. Akaso haiena...». Eta Gaizka Aranguren @gaizkaranguren kazetariarena bigarrena: «Esker mila zuei bioi. Galdeginen diet lankideei, baina ez dut gogoan».

Eta jabea agertu zen

Hasi ziren erabiltzaileen aieruak eta kabalak. Ez zela hura zinerako erabiltzen den mikrofono mota zioen Xabier Erkizia @Xabier Erkizia musikariak: «Estudioko mikrofono bat da, youtuber batena batzuk erran duten bezala? Baliteke. Baina estudioko mikrofono dinamiko bat da, ez kanpoan erabiltzekoa. Beharbada uholderen batek eraman zuen garajeren batetik?». Ikerketa abiatu zuen Ibai Elorza @IbaiElorza muntatzaileak: «Abejas-eko soinu ekipoko batek konfirmatzen dit ez dela beraiena». Eta hara non Joserra Senperena @jrsenperena musikariaren txio erabakigarria: «Badaukat jabea. Segituko nauzu pribatuan hitz egiteko?». Eta Dorleta Kortazar @dorletakortazar ipuin kontalariaren kexua: «Eta horrela utzi behar gaituzue gainontzekoak?».

Hortxe hasten baita istorioaren bigarren partea. Pello Gorrotxategi Esne Beltza taldeko teklista eta musikariak ez baitu Twitter konturik: «Joserra Senperenak Whatsapp mezu bat bidali zidan esanez: 'Hau ez da zurea izango, ezta?'. Eta Gaizkaren txioaren kaptura bat. Ikusi nuenean, flipatu egin nuen».

Urumea ibaiaren ertzean ezagutu dute elkar Izagirrek eta Gorrotxategik. Irribarre bat, eta keinu konplize bat. «Pisua dauka honek», dio Izagirrek mikroa eman dionean. «Agian arrainen bat edo karramarroren bat egongo da barruan», Gorrotxategik.

Eta hasi da Gorrotxategi Izagirreren jakingura asetzen, eta mikroaren «aurreko bizitza» kontatzen. Kontatu du lagun batek pasatutako mikroa dela, merkea, eta erabiltzen zuena gitarra doinuak grabatzeko, lagunak esan ziolako, aldaketa batzuk eginda, soinu ederra lortu zitekeela: «Egin nituen proba batzuk, baina ez zitzaidan asko gustatu». Eta akordatu da non zeukan ere, desagertu aurretik: «80ko hamarkadako anplifikadore bat neukan, oso kutuna, Roland bat, eta haren gainean utzita neukan. Urak ez zuen anplifikadorea eraman —pisua daukalako—, baina mikro hau bai».

Uholdeak eramana

Hortxe gakoa: urak eramana. Ereñotzu sarreran dauka Gorrotxategik etxea —«sarreran, eskuinetara dagoen lehenengoa»—, eta haren beheko partean musika estudioa. «Errekaren ondo-ondoan dago. Udan denek esaten didate: 'Hori duk hori lekua'. Baina uholdeak izaten direnean... Eta orain sarriago gertatzen dira, gainera. Ia urtero. Iazko abenduan izan ziren uholdeak eta aurtengo maiatzean ere izan dira».

Maiatzeko uholde horietan eramandako mikroa da Izagirrek abuztuan topatu zuena. «Badaukat ibaiarekin halako amodiozko eta gorrotozko harreman bat», onartu du Gorrotxategik. Eta ongi azaldu du zergatik, eta nola eragiten dion bere jardunean: «Gure aitak 94 urte dauzka, eta aldamenean bizi da. Zuhaitz batean dauka jarrita egurrezko metro edo neurgailu bat zintzilik. Betidanik ezagutu dut han, eta leihotik hari begiratzen diodanean jakiten dut ibaia aterako den edo ez. Aurretik jakiten dudanetan, jaisten naiz estudiora, gordetzen ditut gauzak, eta lortzen dut gehiena salbatzea. Gelditzen dena beti izaten da lokatza eta hezetasuna».

Maiatzaren 20an, ordea, ez zuen halakorik egiterik izan. Ruper Ordorikarekin zeukan emanaldi bat bezperan, Abadiñon (Bizkaia). Goizaldera iritsi zen handik etxera (03:30), eta ohean sartu zen (04:00). Ongi gogoratzen du ez zuela batere euririk ari orduan. 07:00etan, aldiz, bi gizonezko, korrikalari jantzita, ate joka: «Hi! Kotxea uraren azpian daukak». Eta haiek esandakoa ezin sinetsita Gorrotxategi: «Duela hiru ordu ez zegoen ezer! Kotxea alferrik galduta. Joan nintzen estudiora eta gerriraino zegoen ura. Hammond organo zahar eta berezi bat hondatu zitzaidan, Eibarko teknikari batek konpontzeko zain neukana, eta gauza gehiago ere bai. Tartean, eta nik ez nekiela, mikrofono hau ere bai. Izan ere, denak armairu batean gordeta edukitzen ditut, eta uste nuen denak nituela kontrolatuta, mezu hartan hau ikusi nuen arte».

Urumearen lilura

Horrenbeste buruhausteren ostean, Gorrotxategik izan du tentazioa estudioa tokiz aldatzeko, Ereñotzu auzoan bertan beste lokal bat hartzeko, plazatik gertu, eta errekatik urruti: «Baina han bizilagunak edukiko nituzke, bestean etxea nirea da, azpian dago estudioa, eta soinuarekin ez dut inor molestatzen. Berriro pekatuan erori naiz, eta segitzen dut toki berean», dio barrez.

Izan ere, mikroaren istorioak agerian utzi duen bestea da Urumea ibaiak inguruko artista eta ikerlariengan sortzen duen lilura. «Twitterreko uholde hori hasi zenean, eta jendea hasi zenean bata bestea etiketatzen, horretaz ohartu nintzen», onartu du Izagirrek. «'Hainbeste kontu ote daude bada Urumea ibaiaren inguruan?', galdetu nion neure buruari, ikusi nituenean Iñaki Sanz-Azkue, Beñat Iturrioz, Gaizka Aranguruen... eta bai, badaude, begira bestela Nagore Legarreta argazkilariak ere Urumearen inguruan egindako lana... Badago Hernani eta inguruetan, ez dakit zer hitz erabili: miresmena, magia, lilura... Urumearekiko».

Eta itxi da zirkulua istorioarena, eta itxi da ibilbidea mikroarena. Gorrotxategiren etxetik ia kilometro batera agertu da, Izagirrek topatuta. Urak dakarrena ez baitu beti urak eroaten, mikroa ez baita beti istorio txikia izaten, eta ibaia ere ez beti ura bakarrik, baita zubi eta elkargune ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.