Konpositorea

Jose Maria Larrazabal Alzaga: «Uste dut Bilbo, Euskal Herria bezala, gero eta euskaldunagoa dela»

Jose Maria Larrazabalek Bilbainaden lehiaketako lehen saria irabazi du 'Lili Bilbon' lanarekin. Abesti horrek kontatzen du andre ingeles batek Bilboko kultura ezagutzen duela bertako baten laguntzaz.

Jose Maria Larrazabal Bilboko Casilda Iturrizar parkeko Pergolako sari banaketan, atzo. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Jose Maria Larrazabal Bilboko Casilda Iturrizar parkeko Pergolako sari banaketan, atzo. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Leire Rodero
2025eko abuztuaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaupasa taldeko kide eta konpositorea da Jose Maria Larrazabal Alzaga (Maruri-Jatabe, Bizkaia, 1949). Bilbainadak kantatzen ditu taldeak, eta Larrazabalek, bere ibilbidean, hamaika aldiz irabazi du Bilboko Udalak antolatzen duen bilbainada lehiaketa, guztietan euskarazko konposizioekin, eta horrek erreferente bihurtu du hizkuntzaren defentsan herriko genero horren barruan. Aurten, arrakasta izan du berriz ere, Lili Bilbon izeneko bilbainadarekin. Atzo izan zen lehiaketaren sari banaketa, Casilda Iturrizar parkean.

Zeren inguruan mintzo da Lili Bilbon?

Gaztelaniazko kantu zahar bat ibili nuen buruan: Un inglés vino a Bilbao a ver la ría y la mar, pero al ver las bilbainicas ya no se quiso marchar [Ingeles bat Bilbora etorri zen itsasadarra eta itsasoa ikustera, baina, emakume bilbotarrak ikusi zituenean, jada ez zuen alde egin nahi izan]. Hortik abiatu nintzen. Lili Bilbon abestian, neska ingeles batek «egun on» esaten dit Plaza Barrian, eta, aurkezpenak egin ondoren, esaten dit Bilbo ezagutu eta hizkuntza ikasi nahi duela. Nik erantzuten diot ni naizela horretarako egokiena, bilbotar petoa naizelako. Bilbo erakusten diot, txirrindulan: San Mames, museoak, artelanak, herri kirolak… Eta aitzakia horrekin, bilbotarrak nolakoak garen azaltzen dut.

Nola islatzen da Bilboren esentzia bilbainadetan?

Beti daude Bilbori buruzko aipamenak. Batzuetan, eraikin berriak sartzen dira; futbola, ia beti; Athletici buruzko erreferentziak, askotan; Begoñako Ama ere bai… Eta, sarri, herritarren izaera eta nortasuna ere jasotzen dira.

Nola azalduko zenioke Bilbokoa ez den norbaiti zer diren bilbainadak?

Azalduko nioke gure herriari kantatzen diogula, hura goraipatzen dugula. Norberaren jaioterria gauza handitzat hartu eta errespetatu behar dela, eta hori musikaren bidez egiten dugula.

Nolako eboluzioa izan dute azken urteetan?

Parte hartzea handitu da, batez ere euskaraz, eta kalitatea ere bai. Diktaduraren garaian, bilbainaden %90 gaztelaniaz ziren; euskaraz, esaldi solteak sartzen ziren soilik: «Aupa Athletic!», «Gora Bizkaia!»...

«Norberaren jaioterria gauza handitzat hartu eta errespetatu behar da, eta hori musikaren bidez egiten dugu»

Zein da euskararen tokia bilbainadetan?

Hasierako bilbainadak gaztelaniaz ziren. Nik betidanik idatzi dut euskaraz; hogei urte inguru daramatzat hala egiten. Eta nabaritu dut gero eta jende gehiago ari dela euskaraz konposatzen. Uste dut Bilbo, Euskal Herria bezala, gero eta euskaldunagoa dela eta etorkizunean bilbotarrek pixkanaka hizkuntza horretan konposatu beharko dutela. Nik ere nire alea jarri dut hori hala izan dadin, eta horrek pozten nau.

Eta melodia eta doinu aldetik?

Bilbainadek ez dute erritmo finkorik, edozein erritmotan egin daitezke: pasodoblea, zortzikoa, saltsa… Nik ere modu askotan egin ditut. Baina badute estilo propio bat, ez da abesti huts bat. Instrumentuei dagokienez, akordeoia eta gitarra izan dira beti nagusi.

Nolako giroa sortzen da eguerdiro Pergolan?

Giro aparta. Jende sanoa, eskuzabala... Txalo asko jasotzen ditugu, eta dantza ere egiten dute. Gehienak emakumeak izaten dira, oso animatuak. Giro horrek indarra ematen digu aurrera jarraitzeko.

Nolakoa da emakumeen parte hartzea bilbainadetan?

Oso txikia. Egia da badaudela emakume abeslari batzuk, eta gure akordeoilari bat neska da. Baina, orokorrean, mundu itxia izan da, gizonezkoena, nahiz eta emakume entzuleak oso presente egon, kontsumitzaile eta animatzaile nagusiak direlako.

Zer etorkizun dute bilbainadek?

Hor dago kezka nagusia. Momentuz, gazteek ez dute askorik parte hartzen: ez konposatzen, ez abesten, ezta entzule gisa ere. Pergolan gazte batzuk egoten dira, baina gutxi. Batzuek diote Bilbo bizirik dagoen artean bilbainadek ere bizirik iraungo dutela; beste batzuek, aldiz, desagertzeko arriskuan daudela uste dute. Nik uste dut erritmoak eta estiloak pixka bat berritzea mesedegarria litzatekeela gazteengana hurbiltzeko.

LOTSABAKO

Zure bilbainada gustukoena?
Bilbao y sus pueblos.

Bilboko lekurik kutunena? 
Zazpikaleak eta Plaza Barria.

Bilboko zer pertsonaia historikorekin abestuko zenuke?
Goyo Nadal abeslariarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.