Lore gorri bat buruan duela agertu da Iruñeko Kultura zinegotzi Maider Beloki (Iruñea, 1978). Jada sanferminetan murgilduta, astean zehar Iruñeko kaleak girotuko dituzten 517 ekitaldi ofizialen inguruan aritu da. Belokik «elkarbizitza» izan du oinarri sanferminen eskaintza kulturala sortzerako orduan.
Noiz hasi zineten sanferminen egitaraua prestatzen?
Uztailaren 15ean, festak amaitu bezain pronto. Momentu horretan, hurrengo urtean Iruñera ekarri nahi ditugun musika taldeekin jartzen gara harremanetan. Irailean, sanferminetako prozesu parte hartzaileekin hasten gara; kolektiboekin biltzen, hain zuzen ere.
Zer irizpide hartu dituzue kontuan eskaintza kulturala antolatzeko orduan?
Hiruzpalau irizpide zehaztu ditugu. Hasteko, egitarauan tokian tokiko taldeak egotea; bigarrenik, euskararen presentzia eta oreka bermatzea; gero, oholtza gainean emakumeen presentzia %50 izatea; eta, azkenik, sortutako egitarauan askotariko musika egotea. Aniztasuna oholtzetara eraman nahi dugu.
Uste duzu oreka hori lortu duzuela?
Bai. Baina gizartean ez garenez berdintasunean bizi, balantzak beti gizonezkoen alde egiten du. Oreka horretan lan egitea konplexuagoa da, zalantzarik gabe; azkenean, bermatu behar duzu tokian tokiko taldeak egotea, emakumeak, euskararen presentzia, eta horri guztiari kohesio bat eman behar diozu.
Zer aldaketa topa daitezke aurten?
Aurten, bi elementuk beste ukitu bat eman diete festei. Iaz hasi ginen irisgarritasunaren eta inklusioaren gaiak sakonki lantzen, festetan ezartzeko asmoz. Uste dugu denok daukagula eskubidea jaiez gozatzeko.
Aurten ere ‘Zentzumenen babeslekua’ espazioa egongo da, ezta?
Bai. Desgaitasunak dituzten familientzako eta umeentzako lekua da, batez ere; hiriaren erdigunean leku isil eta lasai bat izatea nahi genuen.
Umeentzat Birjolastu gunea izango da. Haurrentzako eskaintza zabaltzeko asmoz?
Bai. Txikientzako zegoen eskaintza eskasa zen, eta zaharkitua zegoen. Birjolastu sortzea erabaki genuen, eta oso arrakastatsua izan zen; finkatuta dagoen txikien gunea da. Sanferminak bizi daitezke programaziorik gabe, bizitza propioa baitute, baina udalak doako ekintzak eta programazio publikoa bermatu behar ditu.
Uztailaren 14an Sorotan Bele taldea izango da agertokian. Nolatan antolatu duzue hori?
Normalean azken egunean ez zen kontzerturik programatzen, su artifizialak amaitzerakoan Gaixoa nizegoelako. Baina iaz konturatu ginen tarte bat zegoela su artifizialak hasi baino lehen, hutsik. Gure gaztaroko gaupasaren giro polita lortu nahi genuen, eta horren sinonimoa da Sorotan Bele musika taldea.
Beste auzoetan ere eskaintza kulturala izango da?
Bai. Azkenean, Alde Zaharra da sanferminen epizentroa, baina badaude kolektibo pila bat erdigunera etortzen ez direnak. Orduan, zera egin dugu: auzoetara adinekoentzako eta familientzako programazioa eraman. Alde batetik, kolektibo horiei sanferminez gozatzeko aukera emateko, eta, bestetik, Alde Zaharra pixka bat husteko. Asmoa da sanferminak jende guztiarentzat izatea: hori da gure leloa.
Egitaraua aurkeztu duzuenean, zer erantzun jaso dituzue?
Ez dugu kritikarik jaso alor politikoari dagokionez; hori oso arraroa da. Azkenean, musikarena oso subjektiboa da; talde bat gustatzen ahal zaizu edo ez, baina aipatutako irizpideak defendatzen ditugu guk. Segur aski egongo da jendea talde bakar bat ere gustatzen ez zaiona, baina saiatu gara denetik egon dadin. Jende guztiaren gustukoa izatea oso zaila da.
Aurten ere txosnak izango dira Iruñean. Hala ere, Herri Sanferminak plataformak ez du lekurik izango erdigunean. Nolako harremana izan duzue haiekin?
Kolektibo asko dira, eta harreman ona izan dugu guztiekin, nahiz eta iritzi desberdinak izan. Udalaren ustez, ez da posible txosnak erdigunetik hurbilago egotea, erdigunean tentsio handia baitago; auzoa egunero jendez beteta dago, zarata, bizilagunak... O-ko Andre Maria plaza Alde Zaharrean dago, baina kanpoaldean, erdigunetik kanpo. Gure iritziz, oreka hori ona da guztientzako. Hori da elkarbizitza.
Iazko sanferminetan «elkarbizitza» nagusitu zela adierazi zenuten. Aurten ere horrela izatea espero duzue?
Bai. Elkarbizitza da gure legealdiaren leloa. Iruñea plurala da, eta guztion artean ados jarri behar dugu dena aurrera ateratzeko. Mezu hau zabaldu nahi dugu: ondo pasatu, baina errespetuz jokatu.
LOTSABAKO