Telesailak

Ustelkeriaren aurpegiak

Gaizkile hasiberri batzuen lapurreta xume bat, ustekabean, Erresuma Batuko lapurretarik handiena bihurtu zen eta dirua zuritzeko nazioarteko sare ikaragarri bat ehundu zuen. ‘The Gold’ telesailak kasu harrigarri horren nondik norakoak xeheki aletuko ditu.

'The Gold' telesailaren fotograma bat. FILMIN
'The Gold' telesailaren fotograma bat. FILMIN
gaizka izagirre
2025eko abenduaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

1983ko azaroaren 26an, sei gizon armatu sartu ziren Brink’s-Mat segurtasun biltegian, Londresko Heathrow aireportuaren ondoan, eta, ustekabean, 26 milioi liberako balioa zuten urre lingoteak aurkitu zituzten. Gaizkile amateur batzuek egindako lapurreta arrunt gisa hasi zen, eta Erresuma Batuaren historiako lapurretarik handiena eragin zuen. Ondorengo urteetan, nazioarteko diru zuriketa sare zabala ehundu zen, Londresko higiezinen gorakada azkartu zen eta hainbat heriotza eragin zituen.

Ikerketa sakon baten eta gertakarietan parte hartu zuten pertsonen lekukotzen gainean eraikia, kasu horren dramatizazio zirraragarria da The Gold: ez da soilik lapurretaren kronika hutsa, baizik eta haren ondorio ekonomiko, sozial eta pertsonalen adar guztiak arakatzen dituen kontakizun sendo, mamitsu eta harrigarria.

Bi denboralditan banatutako hamabi atalek osatuko dute lana, Lawrence Gough eta Aneil Kariaren zuzendaritzapean, eta Neil Forsythen gidoi zorrotza oinarri hartuta. Narratiboki, telesailak drama polizialaren tentsioa eta analisi sozialaren sakontasuna modu orekatu eta erakargarrian uztartuko ditu.

Hugh Bonneville, Dominic Cooper, Charlotte Spencer, Jack Lowden... aktore eta pertsonaia horiek guztiek Britainia Handiko 80ko hamarkadako gizartearen erretratu korala osatuko dute, kriminal amateurren ekintzetatik hasi, eta zeharka inplikatutako enpresaburu eta funtzionarioetaraino, garai hartako tentsio, anbizio eta konplexutasun sozial guztiak islatuz.

Lapurreta bera xehetasunez kontatzera mugatu ordez —minutu gutxian eta modu nahiko arruntean erakutsiko duten pasartea da—, telesailak gertaera hori Britainia Handiko gizartean utzitako ondorio sakonak arakatzeko abiapuntu gisa hartuko du. Horren bidez agerian geratuko dira lapurtutako urrearen ibilbide korapilatsua, hura ekonomiaren egitura legalean txertatzeko erabili zen dirua zuritzeko mekanismo sofistikatua eta krimen hura ustelkeria sare konplexu bihurtzea ahalbidetu zuen garaiko giro politiko eta ekonomiko nahasia.

Ustelkeria, toki askotan

Telesailak kriminalitatearen kontzeptua bera zalantzan jarriko du, erakutsiz itxuraz errespetagarriak ziren pertsona askok —enpresaburuek, bankariek, higiezinen agenteek— lapurtutako urrea baliatu zutela beren arrakasta ekonomikoa sendotzeko. Mezua argia da: ustelkeria ez da kale ilunetan bakarrik ezkutatzen; bulego dotoreetan eta negozio oparoen azpiegitura zainduetan ere presente dago. Halaber, hausnarketa zorrotza egingo dio Ingalaterrako klase sozialen egiturari, non arauak ez diren inondik ere berdinak denentzat.

Estetikari dagokionez, The Gold-ek 80ko hamarkadako giroaren birsorkuntza zorrotza eskainiko du. Paleta kromatikoak eta eszenatokiek garaiko hoztasun industriala islatuko dute, gehiegizko nostalgian erori gabe. Arropek, autoek, dekorazioek eta produkzio diseinuaren bestelako xehetasunek ikuslea garai hartako atmosfera berezian murgilduko dute. Soinu bandak ere aipamena merezi du: New Order, Pretenders, Depeche Mode, The Smiths, Joy Division, The Cure eta beste hainbat talderen abestiak entzun daitezke, narrazioari kolore, erritmo eta emozio bereizgarri bat emanez.

Entretenimendutik harago doan thriller adimentsua eta dotorea da. Ekintza kriminal bat gizarte baten zimenduetan nola sar daitekeen eta haren funtzionamendua nola alda dezakeen sakon aztertuko du.

fitxa

  • Sortzaileak. Lawrence Gough eta Aneil Karia. 
  • Herrialdea. Britainia Handia.
  • Urtea. 2023-2025.
  • Aktoreak. Dominic Cooper, Jack Lowden, Hugh Bonneville, Emun Elliott eta Charlotte Spencer.
  • Non ikusi. Filmin.
  • Atalen iraupena. 60 min.
  • Generoa. Drama, thrillerra, poliziakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.