Objektuak ere istorioen parte dira. Loturak sortzen baitituzte, eta hutsuneak nabarmendu. Eguneroko elementuak izaten dira sarri garrantzitsuenak, eta, hain justu, xumetasun horrek egiten ditu gogoangarri. Bere migrazio prozesua azaltzeko objektu kurioso bat ekarri zion behin Kolonbiako emakume batek Angelica Dass argazkilariari (Rio de Janeiro, Brasil, 1979): egokigailu unibertsal bat. «Hona etorri zenean behar izan zuen, ekarri zituen tresnek ez zuten-eta funtzionatzen», esplikatu du Dassek. «Baina bada migrazio prozesuaren metafora bat ere: egokigailu unibertsal ikusezin bat izango banu bezala, entxufatzen eta egokitzen ahalegindu beharra daukat».
Halako detaileak migrazioaren inguruko narratibetatik kanpo geratzen dira maiz. Izan ere, kontakizun «errepikakorrak eta estereotipatuak» gailendu dira gaur egun, argazkilariaren irudiko. Eta migrazioari buruzko museorik ez egoteak indartu egiten du «historia bakarraren» joera hori, haren iritziz. «Museo hori existitzen ez bada eta helarazten diren narratibak beti berberak badira, nola lor dezakegu kolektiboa den leku batetik jendea etor dadin eta bestelako istorioak konta ditzan?». Helburu horrekin sortu du Museo Migrante Migrante. Erretratuen, objektuen eta lekukotzen artxibo digital bat da, Dassek han eta hemen egingo dituen egonaldiekin ere elikatuko dena.

Halaber, migrazio istorioak uste baino ohikoagoak direla erakustea ere bada egitasmoaren xedea. «Emigratzean pentsatzen dugunean, beti besteengan pentsatzen ari gara. Jendeari migratzailea ote den galdetu, eta askok esaten dute ezetz». Baina, sarritan, familiaren istorioa arakatzearekin batera gezurtatzen da erantzun hori. Migrazioak modu askotakoak izan daitezke eta: batzuek ozeano bat zeharkatu dute, eta beste batzuek landa eremua laga dute handik kilometro gutxira dagoen hirira lekualdatzeko; batzuk jatorrira itzuli dira, eta beste batzuk ez; batzuetan lausotu egin da transmisioa, eta oraingoek apenas izan duten birraitona hark egindako bidaiaren berri. «Ia denok daukagu migrazio istorio bat. Ez bada gurea, gure gurasoena da, edo gure aitona-amonena... Baina gure arbasoek egindako mugimenduek askotan sakonki markatuko dute orain bizi garen lekua ere».
Jatorria uzteko arrazoiak askotarikoak dira, orobat. Eta horrek ere baldintzatu egiten du dokumentatzailearen jarduna, batik bat erretratuetan oinarritutako lana bada, Dassena legez. Maitasunagatik migratu den pertsona bat prestago egongo da, ziurrenik, bizipen horiek partekatzeko, eta ikastera mugitutako batentzat ere samurra izan daiteke garai hura oroitzea. Baina istorio batzuetan oinaze handia dago, edo lotsa, edo konplexuegiak dira erretratu soil batean adierazteko. «Proiektuaren gauza politenetako bat zera izan da: gehien gustatzen zaidan formatua kudeatzea, erretratua alegia». Museo Migrante Migranteri beste geruza bat gehitu dio, istorioak jasotzeko beste helduleku bat: objektuak. «Aurpegia derrigorrez erakutsi beharko balitz, istorio batzuk ez lirateke hemen egongo. Oso biolentoa da pertsona bat berriro biktimizatzea istorio bat jaso nahi izateagatik».
Athleticen elastiko bat
Izan ere, ukaezina da bisaia batek transmititzeko daukan indarra, baina balio hori izan dezake, halaber, itxuraz hutsaltzat jotzen den elementu batek. Pospolo kutxa batek. Katilu batek. Senideen bitxi sorta batek. Galiziako haur batek kariñoz gordetako euskal andrakila batek. «Haurra Galiziakoa da, baina haren ama, Gasteiztik gertuko herri batean jaioa. Umeak bere amaren istorioa kontatu zidan: nola joaten den haren herrira oporretan, Aste Santuan...». Beste behin, lau ahizpak aitonaren lanabesak eraman zizkioten, gizonaren hainbat argazkirekin batera; aitonak eraikuntzan egiten zuen lan, eta Suitzara joan zen behar egitera. «Iraganari eta arbasoei omenaldia egiteko modu bat da», balioetsi du argazkilariak.
«Aurpegia derrigorrez erakutsi beharko balitz, istorio batzuk ez lirateke hemen egongo. Oso biolentoa da pertsona bat berriz biktimizatzea istorio bat jaso nahi izateagatik»
ANGELICA DASS Argazkilaria eta Museo Migrante Migranteren sortzailea
Baditu Bilboko istorioak ere, han abiatu baitu ibilbidea Dassek. Astebete eman du Itsasmuseumen dikeetan, argazkilari estudio bihurtutako edukiontzi batean. «Pozik» azaldu da egonaldiarekin, eta parte hartu duten banakoen eta elkarteen «eskuzabaltasuna» goretsi du. Han ere agerian geratu da gisa horretako istorioak askotarikoak eta konplexuak direla. Kasu baterako, egonaldiaren azken egunean, igandean, Athleticen partida ikusi berri zuen gizon bat hurreratu zen edukiontzira, jakin-minez, eta bere bizipenak kontatzea erabaki: Perukoa da izatez, baina Bilbora lekualdatu zen bikotekidearen lanagatik; bilbotarra dute alaba. Adierazgarria da Dassek egin zion erretratua: gizonak Ameriketako jatorrizko herritarren hazpegiak ditu, eta Athleticen kamiseta darama jantzitza. Beste emakume batek kontatu dio 50 urterekin etorri zela Euskal Herrira bizitzera: aitona euskal herritarra zuen, Argentinara alde egindakoa, eta emakumeak hango Euskal Etxeen bitartez eutsi zion loturari. Hark ere badu bere objektua: Argentina uztera zihoanean lagunek idatzi zioten agur gutuna.
Askotan epikarik gabeko kontakizunak izaten baitira gogoangarrienak, hunkigarrienak. Eta, berez, ez da objektu askorik behar prozesu konplexu bat gogorarazteko, oroitzapen sinple batek bikain laburbildu dezake bizipen baten poza, mina, kontraesanak. Gizon bat arrosa landare bat jagoten ari da. Eskularruak daramatza, baina, hala ere, arantzek odoletan utzi diote azala. Urte mordo bat pasatuagatik, oroitzapen hori etorriko zaio akordura haren bilobari Berlinen, sorterritik urrun, migrazio prozesuari buruz hausnartzean. «Min ematen du, baina zaintzen segitzen dugu, halere».

testigantzak
«Hausnartzen hasi nintzen zenbateraino egiten duten nire hazpegiek leku jakin batekoa izan nadin. Neure buruari planteatzen diot zer izango litzatekeen seme-alabak edukitzea, eta zer izango liratekeen, noren itxura izango luketen, eta nola sortuko litzatekeen haien identitatea»
«Jendeak bi modutara erreakzionatzen du ikusten nauenean: jakin-mina eta errespetua. Jakin-mina nongoa naizen jakiteko, eta errespetua esaten diedanean Bob Marleyren uharte berekoa naizela. Esan dezaket, halaber, migratzailea izanik desberdin sentitzen naizela».
Â
«Haurra nintzenean, izebak sarritan eramaten ninduen zinemara. Behin, 'The Last of the Mohicans' pelikula ikusi genuen, eta hainbeste harritu ninduen, ezen playmobil panpina bat Nathaniel bihurtu bainuen, azken mohikanoaren seme zuria. Urte askoan jolastu nintzen figura harekin ingeles eta frantses kolonizatzaileen aurka defendatzen ziren indiarretara; orain, ia berrogei urte ondoren, hanka bat apurtua dauka, eta ia ezin dio zutik eutsi. Beti eramaten dut bizi naizen lekuetara, eta toki berezi batean ipintzen dut».
Â
«Nire testigantzak erakusten du migrazio istorioek zoriontasuna ere ekar dezaketela».
Â
«Beti izan nuen hemendik kanpora zer zegoen jakiteko kuriositatea, eta aitonak han nolako bizitza zeukan jakitekoa: beste hizkuntzak eta abar. Eta, azkenean, nik ere migratu egin nuen».
Â
«Diasporako jendea abegitsuagoa da nirekin poliziak baino. Polizia indarkeriaz eta jazarpenaz hitz egin didate diasporetako lagunek. Niri bitan gertatu zait: nirekin liskartu nahiko balute bezala mintzatu izan zaizkit agenteak. Pasaportea eramatea bizirik irauteko modu bat da».
Â
«Santiago de Compostelara heldu nintzenean, sekula gertatu gabeko zerbait gertatu zitzaidan: bertan ezer eta inor eduki gabe ere, nire lekua zela sentitu nuen».
Â
«Maitasuna ez da egonkorra izan, baina asko eskertzen dudan leku bat eman dit. Uste dut nortasuna etengabe eraikitzen dela, etengabe moldatzen dela, eta identitatearen hibridazio hori egin ahal izatea inportantea da».