Valcaren memoria fotografikoa

36ko gerra betean Cadagua ibaiaren sorburuan eraiki zuten Bilboko enpresa erraldoi bat izan zen Valca. Argazkigintzarako materiala ekoizten zuen, eta punta-puntakoa izan zen Europan. Hari buruzko erakusketa bat jarri dute Zarauzko Photomuseumen.

Valca enpresaren gaur egungo egoera. ERIKA EDE
Valca enpresaren gaur egungo egoera. ERIKA EDE
enekoitz telleria sarriegi
2026ko urtarrilaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Landaretzak irentsitako eta zuri-beltzak jandako orube erraldoi bat da orain. Abandonatua, espoliatua, arpilatua eta hondatua. Jada ez du garai bateko lustrerik eta sonarik, baina merezi du memoria ariketa bat. Argazkigintzarako materiala ekoizten zuten Europako enpresetan puntakoena izan baitzen bere garaian. 40.000 metro koadroko hiri txiki bat, Cadagua ibaiaren sorburuan, Burgosko (Espainia) Sopeñano de Mena herrixkan, Bilbotik 50 kilometrora, Neguriko enpresaburu batzuen ekimenez eta diruz sortua. Franco diktadorearen mesedeei esker hazi, eta demokraziaren ondorioz jo zuen kiebra. Argazkigintzako enpresa baten memoria fotografikoa jaso dute Zarauzko Photomuseumen (Gipuzkoa): Valca: argazkigintza analogikoaren historia bat. Otsailaren 15era arte dago ikusgai.

Ingeniaritzan, energia hidroelektrikoan eta beira ekoizpenean eskarmentua zuten bost enpresarik jarri zuten kapitala: Jose Luis Oriolek, Jose Maria Basterrak, Isidoro Delclauxek, Leandro Jose Torrontegik eta Emilio Usaolak. 1938an izan zuten ideia; Espainiako gerra amaitu gabe zegoen, baina Euskal Herria frankisten kontrolpean zegoen ordurako. 1940an sortu zuten enpresa legez, eta 1944an atera zituzten lehen produktuak merkatura. Enpresaren izena: Sociedad Española de Productos Fotograficos Valca. «Falangistak ziren, erreketeak, eta Neguriko kontserbadoreak. Argazkigintza gerrarako industria gisa ikusten zuten. Bando nazionalean aritutakoak ziren, baina enpresaburu garrantzitsuak. Lantegia egiteko baimena eskatu zutenean, militar gisa ari ziren pentsatzen», azaldu zuen Javier Gonzalez de Duranak, erakusketaren komisario, historialari eta irakasleak, urtarrilaren 23an egindako bisita gidatuan.

Urtarrilaren 23an Photomuseumen egindako bisita gidatua. ENEKOITZ TELLERIA SARRIEGI
Urtarrilaren 23an Photomuseumen egindako bisita gidatua. ENEKOITZ TELLERIA SARRIEGI

«Enpresa nazional bat» zirela nabarmentzen zuten, eta muga zergak eskatzen zituzten nazioarteko beste enpresa fotografiko eta kimikoentzat. «Eta halaxe gertatu zen, Francoren babesa baitzuten eta euren influentzia guztiak erabili baitzituzten». Denbora gutxian hazi zen enpresa: fisikoki, teknologikoki eta ekoizpenari dagokionez. Garairik oparoenean, 40.000 metro koadroko lantegi kimiko bat izan zen, bostehun langile ingurukoa. «Espainiako Estatuko modernoenetakoa». Hiri txiki bat: langileentzako auzo bat, eraikinak, kaleak, eliza, ekonomatua, liburutegia, zinema... Baina zergatik Sopeñano de Menan? «Cadagua ibaiaren sorburua han dagoelako, eta industria kimiko horrek ur aratza behar duelako. Hango mendien oinean ateratzen da ura. Mineralizazio gutxikoa, eta isotermikoa. Euriak ez du baldintzatzen, eta uraren emariak ez du aldaketarik», azaldu du Gonzalez de Duranak. Iturburutik hiru kilometrora eraiki zuten fabrika, eta ura bertara lurpeko hodi batekin eraman. Tokiak eman zion izena enpresari: Val (Valle de Mena gazteleraz) eta Ca (Cadagua ibaia). Bilbotik gertu, baina Burgosen.

Argazkilari profesionalentzako eta arte grafikoetarako material sentsible negatiboa: hori izan zen Sopeñano de Menako fabrikan ekoitzi zuten lehen produktua. Argazki papera egiten hasi ziren hurrena, eta film zinematografiko positiboa geroago. «Baina negozioa film erradiografikoekin egin zuten. Espainiako Estatuko banatzaile bakarrak izatea lortu zuten, kontaktuei esker. Valcan egindako film erradiografikoekin hornitzen ziren ospitale guztiak».

Valca enpresaren egoitza nagusia, Sopeñana de Menan, Burgosen. BERRIA
Valca enpresaren egoitza nagusia, Sopeñano de Menan, Burgosen. BERRIA

1960ko hamarkadan, film horiek Europa guztian hasi ziren banatzen. Ekialde Hurbilean eta Latinoamerikan ere bai. 1981ean, Chicagon egindako AEBetako Erradiologia Kongresuan aurkeztu zuen Valcak bere filma. Puntaren puntako bihurtu ziren, eta lantegi bat ere ireki zuten AEBetan. 1985ean goia jo, eta handik aurrera hasi zen gainbehera. «Autonomien Estatua sortu zen, eta autonomia erkidegoak jabetu ziren osasunaren eskuduntzaz. Jada ez zeuden behartuta Valcari filmak erostera. 1986an, Espainia Europako Batasunean sartu, eta muga zergak desagertu egin ziren. Errealitatea zera da: diktadurari esker indartu ziren, baina demokraziaren erruz jo zuten kiebra», nabarmendu du Gonzalez de Duranak.

Zorrak pilatu egin zitzaizkien poliki-poliki, eta ekoizten zuten argazkigintzarako teknologia zaharkituta gelditzen hasi zen. Sei urteren buruan, kiebra jo zuten. 1992ko urtarrilaren 22an eman zuten ordainketa etenduraren eta kaudimenik ezaren berri, Bilboko epaitegi batean, eta hilabete batzuen buruan itxi zuten enpresa behin betiko. «Banco Español de Credito delakoa jabetu zen fabrikaz. Horri esker, ordaindu gabe utzitako soldata batzuk ere ordaindu ahal izan ziren. Banku horrek Bilboko Ezkerraldeko enpresa bati saldu zion gero lantegia. Eraikinak eraisten egiten zuten lan, eta biltegi moduan erabili zuten Valcaren egoitza. Ez zuten beste negoziorik garatu han, eta abandonatuta gelditu zen. Horixe da hitza: abandonatuta», esan du Gonzalez de Duranak, etsita.

Valca enpresaren iragarki bat. BERRIA
Valca enpresaren iragarki bat. BERRIA

Zarauzko hori ez da argazki erakusketa bat bakarrik. Argazkiez gain, Valca enpresaren zenbait garairekin lotura duten objektuak, liburuak, kartelak eta planoak ere badaude. Baita langileek egindako pankarta handi bat ere, fabrika ixtearen kontrakoa. «2016an sartu nintzen ni lehen aldiz. Hiri txiki batekin egin nuen topo: eraikinak, errepideak eta iluntasuna. Enpresa ilun-iluna zen, argazkigintzarako materiala ekoizten zuen eta: leihorik eta argitasunik ez zen ia. Eta iluntasun hartan, oso kontuz ibili beharra zegoen», gogoratu du Gonzalez de Duranak. Izan ere, ia bi hilabete baino gehiago egin zituen bertara egunero joanez. «Metalezko piezak eta bestelakoak arpilatuta zeuden, baina artxiboak, paperak eta dokumentazio hori guztia han zegoen oraindik, lurrean botata, eta jasotzen aritu nintzen, inoiz norbaiti interesatuko zitzaiolakoan. Ez zen inor agertu, eta Eusko Jaurlaritzako Artxibo Historikoaren esku utzi nuen, dohaintzan». Enpresarekin gertatu zenari buruzko hausnarketa kritiko bat ere egin du: «Valcaren komisarioa naiz ni orain, baina egon ziren han komisario gehiago: erakundeen utzikeria, espoliazioa, eta txatar biltzaileen arpilatzea, esate baterako». 

Fabrikaren gaur egungo egoera. IGA
Fabrika gaur egun. IGA

Eta utzikeria hori are agerikoagoa da gaur egungo argazkiei erreparatuz gero. Hori baita erakusketaren bigarren zatia edo ariketa, edo jolasa: argazkigintza analogikoaren historia argazki digitalekin jasotzea. Erika Barahona Ede eta IGA argazkilariak arduratu dira horretaz. Bilbotarra da Ede, urtea askoan Madrilen bizi izandakoa: «Ezagutzen nuen Valca marka. Arte ederrak ikasi nituen garaian, argazkilaritza klase bat geneukan, eta Valca enpresako materialarekin lan egiten genuen. Lagun baten bidez izan nuen enpresaren berri, eta esan nion joan egin nahi nuela. Kamera hartuta joan, hesiaren gainetik salto egin, eta barruraino sartu nintzen. Argazki mordoa atera nuen. Fabrika oso gaizki zegoen. Eta neure buruari agindu nion bueltatu egingo nintzela».

IGArekin batera joan zen bigarren aldian: «Prestatuago joan ginen. Kamera hobeekin, tripodeekin... Sentsazio arraroa zen. Materiala eta izenak ezagunak egiten zitzaizkidan, baina lurrean botata zegoen dena: plakak, pelikulak, negatiboak zintzilikatzeko pintzak... Iraganera bidaiatzea bezala izan zen. Eta horren garrantzitsua izan zen lantegi bat txiki-txiki eginda ikustea ere bai». 

Fabrikaren barrualdea, kolore berdeak hartuta. ERIKA EDE
Fabrikaren barrualdea, kolore berdeak hartuta. ERIKA EDE

Landarediak berriro «okupatu» du tokia, eta ikuspegi hori bildu nahi izan dute argazkietan: «Dena leihoetatik sartzen da orain, eta kolore berdea hartzen du. Nahasketa bat sortu da alderdi kimiko horren eta landaretzaren artean». Eta imajinazio ariketa bat ere egin dute argazki horiekin: «Aretoak non ote zeuden imajinatzea, eta handigailuak non, gai kimikoen biltegiak non... Pelikulak non mozten ote zituzten, eta erreprografia gunean non ote zegoen. Arraroa da: hondakinen erdian zaude, baina disfrutatu egiten duzu».

Ez da Valcari buruzko lehen erakusketa. Edek ez zuen aurreneko bietara joaterik izan, baina aukera izan zuen batean, zera esan zion Gonzalez de Duranari: «'Nolatan ez duzue Photomuseumen egin? Argazkilaritzari buruzko gure museo bakarra da’. Eta erakusketa hau jarri dugu martxan. Toki askotan egon da, baina uste dut hau dela haren tokia. Hibridoa denez, hemen bikain luzitzen du». Arrazoi du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.