2023, 2024 eta 2025. Hiru urte gogoangarri izan dira Valenciana su etxeko kideentzat. Izan ere, hiruretan jarraian irabazi dute Donostiako Aste Nagusiko Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketa —hori lortu duen lehendabiziko su etxea da—. Gaur eguerdian egin du Donostiako Udalak irabazleak iragartzeko prentsaurrekoa, eta bertan eman du sarituen berri; 7.000 euro jasoko dituzte valentziarrek, Urrezko Maskorrari esker. Zilarrezko Maskorra Peñarroja su etxeak lortu du, eta Zilarrezkoa, berriz, IP- Innovative Pyrotechnik Alemaniako su etxeak.
Gainera, aurtengo lehiaketa berezia zen: hirurogei urte bete ditu, eta, horren ondorioz, urte horietakoren batean irabazle izandako su etxeek parte hartu dute bertan. Hori ez da oztopo izan, ordea, valentziarrak hirugarrenez gailentzeko. Lehiaketako azken egunean izan zuten su ikuskizuna egiteko ardura, atzo, eta, palmondo eta bihotz itxurako suak erabiliz, kolorez betetako ikuskizuna osatu zuten. Ikuskizuneko suen erritmoa, kolorea eta amaierako burrunba nabarmendu ditu bereziki Donostiako Udalak.
Lehiaketa amaitu bada ere, gaur izango da azken su ikuskizuna, gehiagorako gogoz geratu direnentzat: 60. urteurrenaren harira, eta musikaz lagunduta, 60 urtez sua izan gara izeneko saioaz gozatzeko aukera izango da.