Amsterdamenen iragarri zuten atzo gauean aurtengo World Press Photo lehiaketako irabazlearen izena. Ronaldo Schemidt venezuelarrari eman diote saria Venezuelako krisia izeneko argazkiarengatik. Irudian, 28 urteko Jose Victor Salazar Balza manifestaria sutan agertzen da, gas maskara bat buruan duela. Argazkilariaren arabera, Salazarrek su hartu zuen, motor baten erregai biltegiak eztanda egin zuenean, Venezuelako Gobernuaren kontrako protesta batean, 2017ko apirilaren 3an. Lehen eta bigarren mailako erredurak izan zituen Salazarrek gorputzaren %72n, baina biziraun zuen. 27 ebakuntza egin zizkioten. France-Press agentziarentzat egiten du lan Schemidt argazkilari sarituak.
World press lehiaketa 1955. urtetik egiten dute, eta, aurten, prozedura aldatu dute: otsailaren 14ean, izendatuen zerrenda argitaratu zuten, lehen aldiz, zortzi kategorietarako: Gai garaikideak, Ingumena, Albiste orokorrak, Epe-luzerako ekimenak, Natura, Jendea, Kirola eta Uneko albisteak.
Magdalena Herrera argazkilari kubatarra aritu da aurten epai-mahai buru gisa. Epaileek 73.044 argazki aztertu dituzte, 4.548 argazkilarik aurkeztutakoak. Hiru astez aritu dira lan horretan, urtarrilaren 13tik.
Boko Haram taldeak Nigerian bahituriko neskak, Mosulgo (Irak) borrokak, rohingya errefuxiatuak Myanmarren, Venezuelako protestak eta Londresko Westmisterko zubian autoz eginiko erasoa dira sarirako izendaturiko argazkien gaiak, besteak beste.
Iaz ika-mika sortu zuen lehiaketak. Andrei Karlov Errusiak Turkian zuen enbaxadorearen hiltzailea pistola eskuetan agertzen zuen argazkiari eman zioten saria. Stuart Franklin epai-mahaikideak ez zion saria eman nahi irudiari, hura saritzea hiltzaileari "publizitatea" egitea zelakoan.
Euskal argazkilari bat izan zen protagonista 2016ko sarietan: Daniel Otxoa de Olza. Bi sari eman zizkioten bi ataletan. Argazki irabazle sail horietako batean, 2015ko azaroaren 13an Parisen eginiko erasoaren biktimen irudiak agertzen ziren. Herritarrek kalean utzitako argazkiak ziren, eta Otxoa de Olzak irudiei egin zien erretratua, euriak gainean utzitako arrastoak nabarmenduta. Gerora, sari hura atzera bota zuten World Press Photoren antolatzaileek, lehiaketaren oinarriek besteen irudiak erabiltzea debekatzen zutelakoan.