Boligrafo horren puntan daukazu, eta disko jogailu haren orratzean. Erloju automatikoen kontrapisuetan. Dardo profesionaletan. Arrantzarako berunetan. Teniseko erraketetan eta beisboleko bateetan. Zulagailuetan eta fresatzeko makinetan. Eta soldaduretarako elektrodoetan. Wolframa da. 74. zenbakia dauka taula periodikoan, baina zenbaki bat baino zerbait gehiago da: ia zaratarik egin gabe mundua aldatu zuen istorio bat. 1783an Elhuyar anaiek Euskal Herriko herri txiki batean isolatu eta unibertsal bihurtutako elementu kimiko bat. Lehenaldi loriatsua bezain iluna, orainaldi oparoa eta geroaldi ziurgabea dituen naturako metalik erresistenteenetako bat. Wolframaren munduan murgiltzeko gonbidapena da W74: arrazoia, boterea eta etorkizuna erakusketa, eta Bergarako (Gipuzkoa) Laboratorium museoan dago ikusgai.
Bidaia bat proposatzen dute erakusketan. Azken mendeetan zientziaren, industriaren eta teknologiaren garapenean erabakigarri bilakatu den materialaren historian barrena egindako bidaia bat. «Egongela barroko batean, alegiazko pinakoteka batean hasten da bidaia, eta egongela garaikide batean amaitzen», azaldu du Josep Maria Garciak, Wasabi enpresako kideak —enpresa horren ardura izan da esperientzia murgiltzailea diseinatzea—. Hamar urte bete zituen iaz Laboratorium museoak, eta hasieratik garbi izan dute murgiltzearen gaiak zein izan behar zuen: «Wolframa bera».

Euskal Herrian aurkitutako elementu kimiko bakarra da wolframa. Askorentzat, ordea, haren historia ezezaguna da oraindik. Laboratorium museoko zuzendari Rosa Errazkinek azaldu du erakusketak historia hori ezagutzeko aukera ematen duela: «Iragana eta etorkizuna batzen ditu. Gure historia ezagutzeko aukera eskaintzen digu, orainaldia hobeto ulertu ahal izateko. Wolframa adibide bikaina da zientziak mundua nola eralda dezakeen ikusteko. Esperientzia murgiltzaile honen bidez, bisitariak ezkutuan dagoen hori deskubritzea nahi dugu, eta, aldi berean, gure gizartean ezagutzak duen zereginaz hausnartzea». Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaiek egindako aurkikuntzak «historiaren norabidea» aldatu zuela nabarmendu du Errazkinek, eta, egun hartatik aurrera, wolframa protagonista izan dela mundua aldatu den bakoitzean. «Elementu kimiko bati buruzko erakusketa bat baino askoz gehiago da. Iraganean murgiltzeko, oraina ulertzeko, eta etorkizuna zientziaren bidez irudikatzeko aukera eskaintzen du».
«Erakusketak iraganean murgiltzeko, oraina ulertzeko eta etorkizuna zientziaren bidez irudikatzeko aukera eskaintzen du»
ROSA ERRAZKINLaboratorium museoko zuzendaria
XVIII. mendeko egongela batean hasten da bidaia. Erretratuak daude zintzilik hormetan, eta laborategiko tresneria beirazko kutxetan. Emakumezko baten erretratua: Maria Lorenza Elhuyar. Bi anaien arreba eta laguntzailea. «Ez dago haren irudirik. Adimen artifiziala erabiliz osatu dute Josepek eta haren taldekideek», azaldu du Errazkinek. Wolframaren aurkikuntzarekin zerikusia duten pertsonaien erretratuak dira, eta museoko objektuekin batera daude jarrita. Jarleku barroko bat ere badago eseri nahi duenarentzat.
Pantaila batean, Elhuyar anaien laborategi sekretua, eta bertako objektuak eta tresneria ezagutzeko aukera. Beste batean, XVIII. mendeko Bergara eta Seminarioa erakusten dituen leiho ireki bat. Gortina batzuetan barrena, murgiltze aretoa. Tunel sentsoriala. Erdi-erdian, wolfram zati eder eta distiratsu bat, beirazko kutxa batean. Paretak proiekzio bihurtuta. Soinuak eta irudiak. Mapa, dokumentu eta kode bidez osatutako narratiba. Zera azaltzeko: XX. mendean, gatazkari, espioitzari eta nazioarteko tirabirei lotutako baliabide estrategikoa ere izan zela wolframa. Haren muturreko erresistentziak eta tenperatura bortitzak jasateko duen gaitasunak balio handiko material bihurtu zuten. Giltzarri izan zen hainbat esparrutan. Desiraren objektu. Hiriak argiztatu zituen, makinak indartu eta altzairuak gogortu. Gerrako industrian oinarrizko bihurtu zen. Horrela diote erakusketan: «Bigarren Mundu Gerran, wolframez betetako trenak Canfranceko [Huesca, Espainia] nazioarteko geltokitik irten ziren Alemania nazirantz, blindajeak eta munizioa egiteko, eta urrearekin eta ondasunekin itzultzen ziren, haien bidez finantzatzen baitzuten merkataritza estrategiko hura». Horixe da wolframaren kondaira beltza, eta iluntasun horrekin dago esplikatuta murgiltze aretoan.

Hirugarren gune bat ere bada, eta hor amaitzen da erakusketa: egongela garaikidean. Halakoxea du dekorazioa ere: sofa moderno bat, Elhuyar anaiei buruzko liburuz betetako apalategi soil bat, landare bat loreontzi batean, eta telebista pantaila bat. Zientziaren alorreko hainbat aditu ari dira hizketan pantailan, bideokonferentzia batean baleude bezala; wolframaren aurkikuntzaz eta haren orainaldiaz eta geroaldiaz ari dira hausnartzen. Izan ere, wolframa gaur egungo bizimoduaren parte diren objektuetan eta abangoardiako teknologietan agertzen da oraindik. Eta arduradunek nabarmendu dute oraindik ere «funtsezkoa» dela, dituen dentsitateagatik eta muturreko erresistentziagatik —metal guztien artean urtze punturik handiena duena da—. Suzirien motorretan eta industria aeroespazialeko blindajeetan erabiltzen da, besteak beste.
Erronka handi bat ere badu, ordea: wolframa eskuratzeko meatzaritza lanek ingurumenean duten eragina murriztea, erauzketa jasangarria lortzea, eta wolfram karburodun tresneria birziklatzea. Gaur egun, Txina da wolfram gehien ekoizten duen herrialdea, eta Errusia, Bolivia eta Espainia ditu atzetik. Izan ere, W74, oraindik, zenbaki bat baino zerbait gehiago da.
'ESCAPE THE MUSEUM' JARDUERA OSAGARRIA
Erakusketa murgiltzaileaz gain, Escape the museum izeneko jarduera osagarri bat ere sortu du Laboratorium museoak. Ihes gela baten modukoa da: parte hartzen dutenak Elhuyar anaien laguntzaile bihurtzen dira, eta isilpeko informazioa deskodetzen lagundu behar diete, wolframa aurkitu ahal izateko. 60 minutu izango dituzte museoko gune sekretuetan ezkutatutako pistak topatzeko, mezu zifratuak deskodetzeko, eta erronkaz betetako misterio zientifikoa argitzeko: zortzi proba zientifiko eta interaktibo dira, mezu zifratuak eta kode sekretuak, ibilbide bat XVIII. mendeko laborategietan barrena... Eta sorpresa asko.
Museoko arduradunek azaldu dute jarduera egokia dela familientzat, lagun taldeentzat, ikasleentzat eta 12 urtetik gorako zientziazaleentzat. Maiatzetik aurrera jarriko dute abian, hileko lehen larunbatean, 17:00etan.