«Emen agertzen dan mutiltxo au Xabieŕtxo da». Goizero-goizero, egun onak ematen dizkie gurasoei eta bere arreba Itziartxori, eta otoitz egiten du, «Jainkoari eskeŕak emanaz». Aurpegia eta eskuak ondo-ondo garbitzen ditu, eta ikastolara joaten da. Ikastolako atean lagun bat topatu du. «Goazemak alkaŕekin zibetan jolastera?» galderari zera erantzun dio Xabiertxok: «Ez, ikastolara joan nai diat. Joaten ez ba-gaituk ez diagu ezeŕ ikasiko». Adibidez, irakurtzen ikasi du Xabiertxok, bere lagun Martinek ez bezala. «Ik ere ikasi zak eta gauz politak jakingo dituk», esan dio Xabiertxok. «Eta Martin'ek irakurtzen ikasi zuen. Etzayo, ez, damutu. Ez jakiña eŕukaŕi da».
Martin bezalaxe, Xabiertxok haur asko bultzatu ditu irakurtzen ikastera eta jakintza euskaraz jasotzera. Izan 1936ko gerra aurreko lehen ikastoletan, izan 1960ko hamarkadatik aurrera auzolanean sortutakoetan, denetako haurrek izan dute Xabiertxo ikaskide. Hark erakutsi die «ume ondo ezia nunai ondo ikusia» izango dela, eta, horregatik, hark erakutsi die zertan datzaten giza gorputza, zentzumenak, natura, historia, geografia, lanbideak... Hark irakatsi die «zuaitza» dela «luŕaren jantzirik edeŕena», eta «ludian» zabalduenak diren hizkuntzak «ingelera, pantzera, doitxera eta españera» direla: «Gure izkuntza euskera da. Ludian dan izkuntz zaŕenetako bat da, eta bera ikasi duten jakintsu guziak bere edertasunaz aŕituak gelditu dira».
«Poztu gaitezen bada Euskaleŕia'n jayo giñalako».
Izan ere, Xabiertxo euskalduna da: haurrak euskaraz janzten ditu. Horregatik, 1960ko hamarkadatik aurrera sortutako ikastoletako «sustraia» Xabiertxo haur entziklopedia zela nabarmendu du Kontxita Beitia andereñoak: «Guk esku artean genuen liburu bakarra Xabiertxo zen, eta haurrek ere bai. Dena zen Xabiertxo-k zekarren gaia, tokatzen zitzaiguna; hura bakoitzari zegokion eran erakusten genien». Edukiak barneratzeko ez ezik, irakurtzen ikasteko ere baliatzen zuten, Jone Forcada andereñoak azaldu duenez: «Lehenbizi, atalburuak irakurtzen zituzten, letra etenak zituztelako. Errazagoa zen haientzat. Hori guztia menderatzen zutenean, irakurgaia irakurtzen hasten ginen».
«Liburuak etengabeko irakurketarako bide bat zabaldu nahi zuen. Hori nahi zuen izan liburu horrek, eta hori zen»
KOLDO ORDOZGOITIKazetaria
Zera idatzi zuen Ixaka Lopez-Mendizabalek, Xabiertxoren aitetako batek, Gizonaren bizia atalean: «Gure bizia oso labuŕa da. Jayotzen da gizona, gero ainbeste lan ondoren azi ta bizitzen da eta azkenik zaŕtutakoan iltzen da. Bañan askotan ez da zaŕtuta iltzen. Gazte askok gaitzen bat aŕapatuta beren eriotza aŕkitzen dute. Ez uzte izan ba, ene umetxoak, betiko zeratela. Ikusten degun guziak bere azkena izango du. Jainkoak bakaŕik iraungo du, betikoa dalako». Ez zuen asmatu, bada; iraun, Xabiertxok ere iraun zuelako: lehen aldiz 1925ean argitaratu zutenetik mende bat pasatu da, eta heldutako haur askoren gogoan segitzen du ehun urteko haurtxo hark.
«Xabiertxo-k katearen irudi hori dauka, eta ez da liburu bakar bat: askoz gehiago da», azaldu du Koldo Ordozgoiti kazetariak. Ondo ezagutzen du Xabiertxo: hari buruz erakusketak antolatzen aritu izan da, eta La odisea de Xabiertxo. El último paquebote liburua ere egina du. «Entziklopedia txiki bat da, eta behar batetik atera zen: ikastolak sortzen hasiak ziren, eta materiala behar zen ikastola haietako neska-mutilentzat». Lehen ikastola Donostian sortu zuen Miguel Muñoak, 1914an.
Tolosakoa (Gipuzkoa) 1922an ireki zuten, eta haren sorrera bultzatu zutenetako bat Ixaka Lopez-Mendizabal izan zen. Bere aita Eusebio Lopez-Mendizabalek zuzentzen zuen inprimategiaren bueltan hezia zen, eta doktorea zen Zuzenbidean eta Filosofia eta Letretan. XIX. mendearen amaieran loratutako Euskal Pizkundeko protagonistetako bat izan zen: Eskualzaleen Biltzarraren kide eratzaile izan zen, Euskal-Esnalea eta Euskalerriaren Alde elkarteetako kidea, Eusko Ikaskuntzaren sorreran ere parte hartu zuen, eta baita Euskaltzaindia eratzen ere. EAJren EBBko presidente ere izan zen.
Matrioxka
«Txikik egindako marrazkiak oso politak ziren, eta egiteko errazak ziren. Orduan, marrazteko ere aberastasun handia jasotzen zuten haurrek», nabarmendu du Beitiak. Jon Zabalo Txiki marrazkilaria da Xabiertxoren beste aita —1936ko gerra aurreko euskal diseinatzaile grafiko onenetakoa—; ume asko harritu ditu, besteak beste, Xabiertxo-ren azalean marraztu zuen matrioxkak. «Azalean azaltzen da Xabiertxo, liburu bat eskuetan duela, liburua irakurtzen, eta liburu horren azalean azaltzen da hori bera, eta hori bera, eta hori bera, eta hori bera. Liburuak etengabeko irakurketarako bide bat zabaldu nahi zuen. Hori nahi zuen izan liburu horrek, eta hori zen», azaldu du Ordozgoitik.
1923an, Euskalerriaren Alde aldizkariak lehiaketa bat antolatu zuen. «Lehiaketa horretan, planteatu zuten behar zutela liburu bat ez zena silabario bat izango, baizik eta zertxobait gehiago: ja irakurtzen zekitenentzako liburua. Ixaka Lopez-Mendizabalek eta Jon Zabalok Xabiertxo aurkeztu zuten», azaldu du Ordozgoitik.
«Erreferente bat behar izaten dugu ikasteko. Beti behar dugu laguntzaren bat, eta, noski, haurrentzat laguntza handia izan zen 'Xabiertxo'»
KONTXITA BEITIAAndereñoa
Saria irabazi zuten: Donostiako Udalak 500 pezeta —3 euro— eman zizkien, eta Eusko Ikaskuntzak finantzatu zuen argitalpena; Lopez-Mendizabalen aitaren inprimategian egin zuten. Liburua jaio zen urte berean jaio zen Lopez-Mendizabalen seme Xabier; euskaltzale eta kulturgile ezaguna izan zen, eta duela hogei urte zendu zen. Hura izan zen benetako Xabiertxo.
Lehen edizioa orduan argitaratu zuten arren, «kanonikoa» bigarrena izan da, 1932koa. «Lehenbizikoaren eta bigarrenaren arteko aldea da irudia modernizatu eta aldatu zutela; lehenbizikoa xaloagoa zen, eta bigarrena findu egin zuten. Testua bera da, baina testuingurua ez. Lehenbizikoa [Miguel] Primo de Riveraren diktaduran argitaratu zuten, eta bigarrena, II. Errepublikaren garaian», azaldu du Ordozgoitik.

«Janariak egosi ta eŕetzeko sua egin beaŕ da. Sua egiteko biltzen dira txirbil, ezpal eta eguŕak. Su aŕtu bezin laister, gaŕa guzien gain aterako da», azaldu zien Xabiertxok bere ikaskideei. Ez zuen aurreikusi, ordea, jaio eta hamar bat urtera pasatuko zitzaiona. 1936ko abuztuaren 12an gertatu zen. Gerra hasi berritan, frankistek Tolosa hartu zutenean, liburu txondor bat egin zuten Plaza Zaharrean: su eman zieten faxismoarekin bat ez zetozen liburuei, eta, tartean, Xabiertxo ugariri.
Ez denei. «1936an Eusko Jaurlaritza sortu zuten, eta Jose Antonio Agirrek ordezkaritza bat bidali zuen Argentinara; tartean zen Ixaka Lopez-Mendizabal. Euzko Deya aldizkaria sortu zuten, Ekin argitaletxea ere bai, eta euskaldunen migrazioa laguntzeko elkarte bat sortu zuten. Xabiertxo faszikuluka berrargitaratu zuten Euzko Deya-n, 1941ean, eta liburu gisara 1943an. Orduan, neurri batean zubia egin zuen liburu honek, eta liburua egin zutenek egin zuten beste zubia; hemengoa galduta zegoenean, han babesleku bat altxatu zuten», azaldu du Ordozgoitik.
Euskal Herrian, gainera, laster izango zuten Xabiertxo esku artean. Elbira Zipitria 1940ko hamarkadatik aurrera Donostiako umeei euskaraz klaseak ematen aritu zen, eta haren arrimuan jantzitako andereñoek ere —Beitiak eta Forcadak, esaterako— segitu zuten klaseak ematen hurrengo hamarkadetan. Gauza bera gertatu zen Euskal Herriko beste txoko ugaritan: ikastolak sortu zituzten, alegia. Haiek denek Xabiertxo erabiltzen zuten. «Erreferente bat behar izaten dugu ikasteko, eta orain ere, edozer gauza nahi baldin badugu, Interneten sartzen gara, eta, lehen, liburuak behar genituen. Beti behar dugu laguntzaren bat, eta, noski, haurrentzat laguntza handia izan zen Xabiertxo», azaldu du Beitiak.
Txillardegiren osaba
Xabiertxo baliatzeko, ordea, eduki egin behar zuten. 1951n argitalpen klandestino bat egin zuen Miguel Alvarez Iraolak Donostian. «Nire senarraren [Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren] osaba zen. Inprimategia zeukaten Zumalakarregi kalean. Legepean ez zuten egin... Argitaratu izana eskertzekoa da!», nabarmendu du Forcadak. Geroago etorriko ziren argitalpen gehiago: 1950eko hamarkadaren bukaeran karmeldarren aterpean argitaratutako bizkaierazko Xabiertxo, eta 1979an —«Aurren Aberri Arteko Urtean»— saritutakoa, adibidez.
Fisikoa eta digitala
Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak Euskal Herriko historia ehun objektutan proiektua du martxan. «Museoetan, liburutegietan eta leku publikoetan dauden ehun objektu detektatu ditugu, eta balio dute Euskal Herriko historia bat kontatzeko. Objektuetako bat Xabiertxo da», nabarmendu du Galder Gonzalez kideak. Horren haritik, Wikitekan transkribatu egin dute, eta irudiak txertatu. Beraz, Internet bidez erraz irakur daiteke Xabiertxo.
Paperezko edizioek ere segitzen dute, eta 1545 argitaletxeak lehen edizioa berrargitaratzeko asmoa du. «Gure asmoa lehenengo argitalpenaren erreplika bat egitea da; ahal den zintzoena, gainera. Xabiertxo-k bete-betean izan du eragina euskalduntzen eta hezten. Iruditzen zaigu omenalditxo bat merezi duela», azaldu du Xabier Salaberria kideak.
Donostian egindako argitalpen klandestino haiek asko zor diote Maritxu Barriolari. «Ez pentsa Xabiertxo erosten genuenik edozein modutan, e!», hasi da Beitia. «Joaten ginen leku konkretu batera, denda batera, eta han, sotoan, hantxe edukitzen zituzten Xabiertxo liburuak, erosteko moduan», segitu du. Preskribatu dira ja kontu horiek, eta osorik kontatu du: «Leku hori ez dago ja. Zapata denda ederra zen, jende asko joaten zen, neurrira egiten zituzten oinetakoak, eta oso leku famatua zen Donostian. Garibai kalean zegoen; Barriolatarrek zuten».
Maritxu Barriola zen protagonista nagusia, ez bakarrik Xabiertxo liburuak ezkutuan saltzen zituelako, baizik eta haren argitalpenak eta euskarazko beste hainbatenak finantzatzea errazten zuelako. «Gogoratzen naiz jende guztiak 20 pezeta [0,12 euro] jartzen genuela argitaletxeak egin zezan Xabiertxo berri bat», kontatu du Beitiak.
«Lehenbizi, atalburuak irakurtzen zituzten. Hori guztia menderatzen zutenean, irakurgaia irakurtzen hasten ginen»
JONE FORCADAAndereñoa
Gauza batzuk aldatu egin zituzten berrargitalpenetan. Bat nabarmendu du Beitiak: «Euskadi ezin zitekeen Xabiertxo berrian agertu; hori erabat debekatuta zegoen. Euskal Herria, ordea, jar zitekeen. Gaur egun, pilotariak Euskadi-rekin ateratzen dira, eta Euskal Herria-rekin ez. Non gaude?».
Garaien arteko paralelismoak dauden arren, Xabiertxo bere garaikoa da; adibidez, protagonista Xabiertxo da, eta ez bere arreba Itziartxo. Hori bai, «oso aurrerakoia da abagune historiko horretarako», Ordozgoitiren ustez. «Abertzaletasun kristau progresista bat da», nabarmendu du. «Jaungoikoa da gauz guztien egilea», Xabiertxoren ustez, eta «ludi ontan abenda asko dira. Batzuek laŕua zuria dute. Besteak oria. Besteak goŕia. Besteak beltza. Bañan guziok Jainkoaren semeak gera eta geren artean anayak».
Hona beste ikasgai bat: «Guziok alkaŕtzen ba-zerate, alkaŕi lagunduaz sendo izango zerate, bañan banakatuezkero laister galduko zerate. Alkartasuna indaŕa da, izan au beti gogoan». 1925ean idatzitako horrek balio du 2025erako.
«Ene umetxoak! Idaztitxo ontan ikasi dituzuten gauz onak gogoan aŕtu itzazute, eta etzazutela beñere aztu Jakintzak eta, batez ere, Zintzotasunak gizonari izenik onena ematen diotela».