Gaur hasi eta igandera bitartean urdaiazpikoak hartuko ditu Baionako kaleak, Xingarraren Feria egingo baitute. Ez da ohitura berria, 1462an hasi baitziren azoka egiten. Iaz urteurren borobila ospatu eta gero, aurten 551. feria egingo dute. Gaur zabalduko dute, eta igandera arte izango da xingarra erosi eta dastatzeko aukera. Merkatu estalian, Roquebert eta Xaho kaietan jarriko dituzte salmahaiak.
Hogei bat ekoizleren xingarra dastatu ahal izango dute egun hauetan Baionara biltzen direnek. Gainera, xingarra ez ezik, Euskal Herriko bestelako produktuak ere izango dira aukeran.
Xingarrarekin lotutako ekitaldiak asko izango dira, baina bestelakoak ere prestatu dituzte; pilota partida, musika animazioak, Baiona ezagutzeko bisitak eta brokantearen azoka, besteak beste.
Lehiaketak ere izango dira. Gaur bertan, urdaiazpikorik onena zein den erabakiko dute goizeko bederatzietan hasiko den lehian. Hamaikak arte itxaron beharko da, hala ere, irabazlea nor den jakiteko. Beste lehiaketa mota bat prestatu dute larunbaterako. Xingar tortillarik onena nork egiten duen jakiteko, Baionako hamabi elkarte lehiatuko dira, 11:00etan. Larunbatean bertan, xingarraren kofradiak bere kapitulua egingo du, eta kideberriak aukeratuko dituzte 09:00etan Elkarteen Etxean. Ekitaldiaren ondoren, Baionako kaleetan barrena ibilbidea egingo dute. Igandean ere berriro aterako dira kalera kofradeak, mezaren ondoren, 12:00 inguruan.
Salmentak gora
Datu onekin abiatuko dute Xingarraren Feria, Baionako Xingarraren jatorri izenaren partzuergoak aste honetan bertan jakinarazi duenez, gora egin baitute salmentek azken urtean.
2008. urtean, 76.500 xingar saldu zituzten, eta 2012an, 95.000 baino gehiago. Salmentek gora egiten jarraitzea aurreikusten du partzuergoak, eta, hala, 2013an 100.000 xingar saltzeko erronka jarri dute.
Belgikan, Alemanian, Suitzan, Danimarkan, Erresuma Batuan, Kanadan, Japonian eta Hong Kongen saltzen dira xingarrak, eta aurrera begira merkatua Hego Korea, Taiwan eta Singapurrera zabaldu nahi dute.
XINGARRAREN AZOKA
Non. Baionan.
Noiz. Gaur hasi eta igandera bitartean.
Asteburuko proposamenak
Xingarra, munduari zabalik
Baiona. Lehiaketak, dastatzeak, musika eta beste egongo dira gaurtik igandera Xingarraren Ferian

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu