Aurrera, mutilak! Aupa, aupa, neskak! Egunsentia da. Bakarrik eta libre, badoaz txorien kantuarekin esnatu diren haurtxoak; eliz dorrean kanpaiak dilin-dan, dilin-dan entzuten dituzte: ikastolarako deia errepikan ari da. «Goazen ikastolara!». Triki-traka triki-trak ari da Martuteneko trena, triki-traka triki-trak zubitik barrena; hantxe doa Jon Braun, txoria dela sinetsita, egun guztian kantari. Handik begiratu dio bere lagun minari, ranroberran doanari, po-po-po-po-po-po-po-po: astoa ikusi du, betaurrekoekin, buruan txapela eta gabardinarekin. Astoa jaitsi da ranrroberretik, eta tximeleta aurkitu du mendian, lore baten gainean. Astoak ikastolara segitu du, bere ile luze eta bibotearekin, poltsikoan eskua, oinak arrastaka: luzea da bidea.
Ez da hain luzea Mack Mikelentzat, zaldi pintto batean gainean doa eta. Zalditik jaitsi da, baina, eta bidea batera egin dute. Astoak esan dio triste dagoela; oso zatarra dela bere ikastola: Mack Mikelen eta gainerako laguntxoen gelara etorri nahi du, ondo konponduko dira eta. Baietz esan dio Mack Mikelek, lasai etortzeko, eta sekretu bat kontatu dio: «Sagutxo batzuekin bizi naiz ganbaran; ez dakit hogei edo hogeita bost garen. Nik erakusten diet saguei hizketan, eta saguek niri, berriz, lapurretan!». Hara! Xagu txikiak, xagu maiteak, ezagutu nahi ditu astoak. Eta kantari segitu dute aurrera: «Hasi etxetik eta kalera, hasi kaletik eta etxera, martxan jarri da lege berria: euskaraz Euskal Herrian!».
Eta azkenean iritsi dira Xirula Mirula musika hezkuntzarako saialekura. Gitarra eskuan, atea ireki die Joxean Urbietak: haurtxoen lagun minak. Bostekoa emanda, barrura sartu dira denak. Barruan daude Kontxi Aizarna, haien denen ama, eta Jaione Eskudero, kantatzen erakutsi dien andereñoa. Eta, denen ahotan, Xirula Mirularen aita: Imanol Urbieta. Haurtxoak txiki-txiki-txikiak ikusten dira kalean, baina hasi dira handitzen, eta Joxean ere bai, handitu da, eta erretiroa hartuko du ikasturte honen bukaeran. Imanol Urbietak eta Kontxi Aizarnak Donostiako Amara Berri auzoan sortutako Xirula Mirula musika eskola itxi egingo dute, beraz. Baina egun berri bat dator sortaldetik: haika, haika, jaiki neska-mutilak! Xirula Mirula, leku bat izateaz gain, metodo bat ere bai baita. Eta ez du erretiroa hartu.

Lehen Hezkuntzako bigarren mailako haurrek xilofonoa ezagutu duten egunean egin dio Urbietak ongietorria BERRIAri. «Bat, eta bi...», prestatu ditu haurrak. «Si, la, la, sol... Si, si, la, la, sol...», esan du ahoz Urbietak, eta instrumentua jotzen segitu diote haurrek. «Orain, zuek bakarrik!». Xilofono hotsek lagunduta, zertan ari diren azaldu du maisuak: «Koadernoarekin txirula jotzen ohituak daude, baina xilofonoa jotzen ez. Orduan, abesti hau buruz dakitenez, honekin hasi dira». Haurrei mintzatu zaie berriz: «Aldatuko dugu?». Korroan jarri dira haurrak, eta segitu egin dute. «Xilofonoarekin notaren altuera lantzen dugu. Txirularekin, hatzak behera eta gora mugituz kontrolatzen da notaren altuera; xilofonoan, plakei jarraituz, alde batera eta bestera. Zer da musika? Soinuak denboran eta espazioan konbinatzeko artea da. Espazioa zer da? Pentagraman noiz gorago, agudoagoa da; noiz beherago, grabeagoa da».
«Aitari beti zera entzun diot: ‘Umeak maitatu egin behar dira, eta umeek jakin behar dute maitatu egiten dituzula’»
JOXEAN URBIETA Irakaslea
Paretan itsatsita dute semaforo eder bat, handik pasatu diren haur denek bikain ezagutzen dutena. Pentagrama irakurtzen ikasi aurretik, semaforoa ikasten dute Xirula Mirulako haurrek: gorria si da, laranja la eta berdea sol. «Behin Manolorekin banindoan hortxe, eta, zebra bide aurrean, haur batek esan zion bere aitari: ‘Itxaron, aita, semaforoa si dago!’», esan du, barrez, Kontxi Aizarnak. Bigarren mailakoak etxera joanak dira, eta leku berean, beste egun batean, elkartu dira Joxean Urbieta, Kontxi Aizarna eta Jaione Eskudero. Hirurek bizitza osoa eman diote musika hezkuntzari, eta nabarmen markatu ditu Imanol Urbietak: haren semea gazte-gaztetatik ibili da Xirula Mirulan irakasle, diskoak grabatzen eta irakasleak hezten; zer esanik ez Aizarna: Urbietaren bidelagun izan da haren ibilbide osoan, eta metodo haren ama ere bada. Eskudero, berriz, umea zenetik aritu da Urbietaren ondoan, hark sortutakoa esperimentatzen, eta Xirula Mirulako ahotsa izaten: harena da Urbietaren disko gehien-gehienetako ahots nagusia; Usurbilgo (Gipuzkoa) ikastolako irakaslea da 17 urte zituenetik.
Istorio honen hasiera, baina, Zarautzen dago (Gipuzkoa). Hangoa zen Urbieta, eta ikastolan hasi zen lanean. «Ikastolan zegoenean, bere lana zen istorioren baten barruan kantak sortzea. Geografia haren kantuekin ikasten genuen. Musika bitarteko bat zen beste ikasgai batzuetarako», azaldu du Eskuderok. «Nire aitak erakutsi behar zuena jakin, bazekien, baina haren euskarria musika zen: horrekin ondo defendatzen zen», erantsi du Urbietak, eta berretsi egin du Aizarnak: «Horregatik esaten zuen beti: ‘Musika baliabide bat da beste gauzetarako’». «Musika integrala egiten zen harekin. Kantua zen, eta harekin hizkuntza lantzen zen —euskara—, eta erritmoa, eta den-dena. Hori dena ingurunearekin lotuta zegoen: istorioa sortu eta kontatzen zen, antzerkia egiten zen istorio horrekin, koreografiak asmatu... Dena batera zen», biribildu du Eskuderok.
Korroan
Urbieta jabetu zen ez zegoela umeentzako euskarazko abestirik, haiek hezteko propio sortutakorik. Eta horretan hasi zen. Hainbat hitz idazten bidelagun izan zituen Juan Martin Elexpuru, Joxean Ormazabal eta Anjel Lertxundi lankideak, eta sorkuntza prozesu horretatik atera ziren Astoa ikusi nuen, Mack Mikel, Ganbarako sagutxoak... «Balio du klasea emateko, antzerkia lantzeko, hizkuntza lantzeko... denerako! Dena barruan dago», nabarmendu du Eskuderok. «Eta korroan, denok elkar ikusten dugula», gogoratu du Aizarnak.
Eta abesti horiek zabaltzen hasi zen. Haur kantarien birlorak kantu bilduman argitaratu zituzten kantu horiek lehen aldiz, eta Euskal Herri osora zabaldu ziren: liburuxka bat eta lau kasete. Urbieta, baina, ikastolatik atera zen, eta Zarauzko musika eskola sortu zuen. Hantxe sortu zuen Xirula Mirula metodoa, 1979an argitaratua: haurrekin musika egiteko metodoa. «Musika ikasteko da, baina ez bakarrik solfeoa-eta: kantua dago, ipuinak daude...», nabarmendu du Eskuderok. «Musikak garrantzi handia dauka umearen garapenean, eta, horregatik, Manoloren kantu bakoitza pedagogikoa da», azaldu du Aizarnak, eta adibide bat eman: «Ranroberran abestiak oinarri erritmiko bat dauka. ‘Uztaiak gora, gora’, esaten denean, zortzi denbora dira. Hori dena idatzi daiteke, eta umeak irakur dezake. Kanta bakoitzak tripak dauzka».
Urbietak, esaterako, klasea honela antolatzen du beti: «Bost minutuz kantatu, solfeoko ariketa batzuk bost-hamar minutuz, gero dinamika —haurrek jolasa deitzen diote—... Jolastuz ikasten dute: haien bitarteko naturala jolasa da». Halaxe egin dituzte ariketa erritmiko batzuk bigarren mailako ikasleek: denetariko musikekin, elkarri bostekoa emanez, korroan elkarren atzetik joanez edota makilekin klix-klax eginez landu dute erritmoa, jolasean.
«Aurten hamar urte izango dira Imanol hil zela, eta proiektu bat daukagu webgune bat jartzeko haren material guztiarekin, dohainik, edonoren eskura»
KONTXI AIZARNA Irakaslea
Eta horixe ez diete soilik ikasleei erakutsi: irakasleei ere bai. Xirula Mirula metodoa sortu aurretik ere Imanol Urbieta aritzen zen irakasleak trebatzen. «5 urte nituela ezagutu nuen, eta ikastaroetara-eta eramaten ninduen. Berak zerbait intonatzen zuen, eta nik errepikatu: erakusketa bat bezala nintzen», oroitu du, irribarrez, Eskuderok. Geroago, 1980an, Donostiako Seminarioan zegoen irakasle eskolan lanean hasi zen Urbieta, artean Zarauzko musika eskolan segitzen zuela. Berehala hasi ziren Astigarragako (Gipuzkoa), Hernaniko (Gipuzkoa) eta Donostiako Martutene eta Loiola auzoetako haurrei ere musika erakusten. Joxean Urbieta eta Jaione Eskudero, gazte-gazterik, musika klaseak ematen aritu ziren leku horietan: «Guk esperimentatzen genituen hark sortzen zituen lan guztiak». «Ordukoa da Martuteneko trena, trena pasatzen zelako bera ikastolan sartzen zen unean», kontatu du Aizarnak.
Xirula Mirula metodoa Lehen Hezkuntzako lehen mailatik laugarrenera arteko umeentzat zen, eta garai hartan sortu zuen Xixupika metodoa: 3, 4 eta 5 urteko umeentzako. Eta segitu zuten irakasleak trebatzen, ez soilik irakasle eskolan, baizik eta baita jada lanean zebiltzan irakasleak ere, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak antolatuta. Izan ere, irakasle haietako askok ez zuten inolako musika formakuntzarik, Urbietak azaldu duenez: «Aitak partiturak banatzen zituen, eta askok ez zekiten irakurtzen. Jendeak grabatu egiten zituen kantak, Ranroberran-eta: ‘Ze kanta polita, baina biharko ahaztu dut’. Orduan, aitak erabaki zuen guk grabatu behar genituela». Eta horrela iritsi ziren Amara Berri auzoko Xirula Mirularen lokalera, 1983an: hantxe grabatu zituzten diskoak, handik aurrera; Imanol Urbietaren emaria hirurogei diskotan baino gehiagotan dago bilduta —argitaratu gabeko 1.700 abesti katalogatu berri ditu Itziar Perez de Zirizak, Urbietaren pedagogiari buruz egin duen tesian—.
Auzoko umeak
Lokal hura, baina, ez zen inoiz grabalekua soilik izan: 1984 inguruan umeak etortzen hasi ziren, Ikasbide ikastolako irakasle Txantxon Zubeldiaren bitartez. «Berehala ume pila bat etorri zen hona. Hasieran Ikasbideko umeak izan ziren, baina berehala hasi ziren Antiguatik etortzen, han ez zuten-eta euskaraz egiteko aukerarik. Santo Tomas Lizeotik ere bai, eta, geroago, gehiago Amara Berriko ikastetxekoak etorri ziren», azaldu du Aizarnak.
Musika ikasteko ez ezik, euskaraz egiteko toki bat ere izan da auzoan, arnasgune bat: horren lekuko dira handik pasatu diren ume guztiak, auzoan antolatutako gabon eskea, Santa eskea... eta irakasleak ere bai. Xirula Mirulako lehen ikasleen taldekoak dira Larraitz Zubeldia eta Leire Urkizu, eta irakasle lanetan ere urte dezente egin zituzten gaztetan. Jende asko pasatu da lokal hartatik; Amagoia izeneko ume bat du gogoan Aizarnak: «Gogoratzen zarete Antzuolatik etortzen zen ume hartaz? Amagoia. Familian oso musikazaleak, eta berak ere musika nahi».
«Musika integrala egiten zen harekin. Kantua zen, eta harekin hizkuntza lantzen zen —euskara—, eta erritmoa, eta den-dena»
JAIONE ESKUDEROIrakaslea
Azken diskoa 2010ean grabatu zuten, eta 2016an zendu zen Imanol Urbieta. Aizarnak erretiroa hartu zuen, eta azken urteotan Joxean Urbieta izan da Xirula Mirularen lemazaina. Musika eskola ikasturte honen amaieran itxiko dute, baina metodoak ez du erretirorik hartuko. «Xirula Mirularen etorkizuna irakasleek nahi dutenaren araberakoa da», uste du Urbietak. «Oraindik gaurkotasun handia dauka pedagogikoki», nabarmendu du Aizarnak, eta aurreratu du metodoa aurki denen eskura egongo dela: «Aurten hamar urte izango dira Imanol hil zela, eta proiektu bat daukagu webgune bat jartzeko haren material guztiarekin, dohainik, edonoren eskura: hitz gako bat jarri, eta kanta zerrenda bat aterako da, partiturak egongo dira, audioa egongo da, iradokizun didaktikoak izango dira... Dena».
Dena, eta horren barruan, begirada ere bai, Aizarnaren arabera: «Begiratzeko moduan, umeak jakin behar du maitatua eta onartua dela, den bezalakoa izanda». Hori da garrantzitsuena. Ondo daki hori Urbietak: «Aitari beti zera entzun diot: ‘Umeak maitatu egin behar dira, eta umeek jakin behar dute maitatu egiten dituzula’». Eta haiek agian ez dakite, baina umeek ere maite dituzte.