Kantari bikainak omen ziren Marcel Arribillaga eta haren anaia. Jende multzoa biltzen omen zen Senpereko Musumielenia etxean (Lapurdi), behitegi atarian beren behiak jezten ari zirela, kantuan nola aritzen ziren entzutera. Urrunago jo zuen haien arreba Marixanek; kantu haiek koaderno batean kopiatzen hasi zen. 1910ean izan zen hori, eta gerora, eskuz esku ibili zen koaderno hura herritarren artean. Abesti berriak kopiatzen zituen herritar bakoitzak bata bestearen ondoren. Hala joan zen kaier hura osatuz, 1916ra arte. Gero galdu egin zen haren arrastoa. Senpereko Oxtikenekoak eta Hatsa elkarteek berreskuratu dute orain, eta liburu gisa argitaratu: XIX. mendeko kantu ahantziak. Auxtin Zamora (Senpere, 1943) izan da lan horretan aritu direnetariko bat.
Zein da liburu honen historia?
1910ean hasi zen liburua idazten, eta sei urtean bukatu zuten. Ordukoa da Jean Barbier euskal idazlearen azken orriko sinadura. Segur gara kantuak garai hartakoak direla. Etxez etxe ibili zen koadernoa, Senperen, eta hala idatzi zituzten kantuak. Gero arras desagertu zen, eta aritu gara ezker-eskuin bila eta bila, eta, azkenean, aurkitu dugu koadernoa, Euskaltzaindiaren Piarres Lafitteren funtsean. Arribillaga familiari itzuli diote kaiera, eta horrela ukan dugu berriz.
Urte haietan Senpere herri kantuzalea izan zen seinale da koaderno hori etxez etxe ibili izana?
Bai. Gure haurtzaroan asko entzuten genituen aitonak kantuan. Entzun bai, baina galduak ziren gure memoriatik kantu aunitz, eta berriz sartu zaizkigu. Liburuan badira kantu aski ezagunak, baina batzuk ahantziak ziren.
Horiek izango dute balio handiena, ezta?
Bai, eta kantu horiek erakusten dute XIX. mendean aski mugimendu izan zela gure eskualdean. Iraultzak, berritzaileak, enperadoreak, errepublika... Haietako askoren aztarnak kantuetan agertzen dira, eta historia aldetik aski aberatsa da bilduma.
Prusiako erregea, Espainia eta Frantziaren arteko guda, Napoleon Bonaparte... historiaren kronika bat dira zenbait kanta.
Gerlak badu inportantzia handia, erlijioak, ofiziokoak, irri egitekoak... Agertu den bezala egin dugu liburua, atalka antolatu gabe. Amodiozkoak dira, halere, kantu gehienak. Herriko gazteak ziren kantuen egileak, pentsatzen dut, eta beren sentimendu gaiak erabiltzen zituzten beren kantak sortzeko.
Bitxia da liburua behitegiaren ataritik sortu zela jakitea.
Amorratua zen Musumielenia etxeko Marcel Arribillaga. Pasioa bazuen kantuarena. Jendeak haren entzuten egoten ziren, haren etxean ere bai. Behitegi atarian, adibidez, behiak jezten zela. Esan daiteke behitegi horretan dela liburuaren hastapena.
Hego Euskal Herriko kantu franko ere badira liburuan.
Bai, uste baino gehiago. Bazen orain baino harreman azkarragoa orduan, nahiz eta orain esaten duten muga hautsia dela. Garai hartan ez zegoen administraziozko gauza handirik; gizakiak egiazki ibiltzen diren bezala ibiltzen ziren: nahi bezala. Orain Senperetik Zugarramurdira (Nafarroa) gutun bat igortzeko, heldu behar da lehenik Parisera, handik Madrilera eta handik Zugarramurdira. Hala heltzen da hamar kilometrora dugun herri batera gutuna. Orduan ez zen halakorik, eta gehiago joaten zirenelkarri kantuz. Harreman handia zen orduan, eta liburu honetako kantuak dira horren lekukotasuna.
1910eko Senpere kantari zela badakigu. Oraingoa ere bai?
Kantuaz egin dugun ikerketa horrek eragin bat badu, eta bi talde sortu dira kanturako herrian. Bada orain ere kiri bat kantuarentzat. Bada birsortze bat. Ez da handi-handia, baina bada zerbait.
Eta zein da kantu zaharren garrantzia egun?
Ez da egiten diferentziarik. Maite bada kantu bat, ematen da, eta kantariak ez du so egiten noizkoa den. Badira kantu batzuk aise zaharrak orain ere maite direnak eta ematen direnak. Iruditzen zaigu berritasunak edo zahartasunak ez duela inportantziarik. Nora heltzen den inporta du.
Ez da hau zuen elkartean kantu zaharrekin egindako lan bakarra.
1996an, euskara eta euskal kultura garatzeko talde bat sortu zen. Oxtikenea etxea erosi genuen partaideok. Ondarea bilatu eta lantzea ere izan da gure funtsa, eta duela hamar urte kantuari buruz lantxo bat egitea pentsatu genuen. Kantu Zaharraren Eguna egituratzen hasi ginen, baina behar zela urrutiago joan erabaki genuen, behar zirela ikerketak egin gordeak ziren kantuak berreskuratzeko. Bi liburu eginak ditugu, eta hirugarrena da hau.
Auxtin Zamora. Oxtikenekoak elkarteko kidea
«XIX. mendeko historiaren aztarnak ageri dira gure kantuetan»
1910 eta 1916 artean eskuz esku idatzitako kantu koaderno bat berreskuratu du Auxtin Zamorak, Oxtikenekoak elkartekoekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu