Bada oraindik XVII. mendeko eraikinik Errenterian (Gipuzkoa). Kapitanenea kalean dago, ezkutuan, edo ez hain ezkutuan; izan ere, egurrezko ate erraldoi bat dago sarreran, erdi irekita, ongi ikusteko modukoa. Barruan zer ote dagoen jakiteko jakin-mina pizten duen horietakoa, alegia. Sartu bezain pronto, baina, badago XXI. mendea irudikatzen duen elementu bat: sentsore bidez irekitzen den kristalezko atea. Horra hor Aro Modernoaren eta modernitatearen arteko talka. Pauso bat aurrera egin, eta eskuinaldean goi mailako klasea dago; ezkerraldean, berriz, behe klasea.Â
Nerea Torrijos diseinatzaileak Paul Urkijoren Gaua filmerako egindako jantziak daude ikusgai Errenteriako Jantzien Zentroan, martxoaren 22ra bitarte. Hosto eta adarren artean, filmaketatik atera berri-berri egongo balira bezala, hortxe daude kokatuta filmeko lau protagonisten trajeak; ezkerretik eskuinera: Beltrarena —Ane Gabarainek antzeztu du—, Graxianarena —Elena Irureta—, Remediosena —Iñake Irastorza— eta Kattalinena —Yune Nogueiras—.Â
Neguko gau hotz batean, Kattalinek etxetik alde egin du, eta hiru emakumerekin topo egin du bidean. Hori da istorioaren abiapuntua. Hiru emakumeak oso ezberdinak dira, eta markatuta daude haien identitateak. Hainbeste, non irudi geometrikoekin lotu nahi izan dituen Urkijok. Eta halaxe egin du Torrijosek ere: «Iñake Irastorza [Remedios] triangelu bat da. Zorrotzena da, eta moko baten itxurako burukoa dauka. Elena Irureta [Graxiana] zuzenena eta bidezkoena da, karratu bat, alegia. Haren trajea zuzenagoa da, zutabe baten antzera; mantalak ere forma hori du. Haren buruko zapia denetan luzeena da, eta bi moko ditu. Horrek irudikatzen du bi aldiz dagoela ezkonduta. Lehenbizi, gizartearekin; eta bigarrenik, deabruarekin. Ane Gabarain [Beltra], berriz, lasaiena da, ez du Kattalin hainbeste urduritzen, eta asko babesten du. Borobil baten forma du, ertzik gabeko pertsonaia baita. Trajeak hori islatzen du: sorbaldaren zatia borobilagoa da, baita gona eta burukoa ere».
«Soinekoak pertsonaiaren ibilbide bera hartzen du istorioan. Ezin daiteke izan bera porru eginda egotea eta trajea garbi-garbi»
NEREA TORRIJOS Moda diseinatzailea
Lau pertsonaia horien trajeak hutsetik egin ditu diseinatzaileak, baina filmean badirudi mende oso batean erabili dituztela. Hori lortzeko trikimailu batzuk kontatu ditu Torrijosek: «Filmetan girotze talde bat egoten da, eta jantziei bizitza emateaz arduratzen dira. Izan ere, imajinatu nolakoa izango litzatekeen XVII. mendeko jantzi bat diseinatzea eta garbi-garbi egotea. Pertsonaia aberatsa bada, ondo, baina ez zen gure pertsonaien kasua; traje ajatuak izan behar zuten». Prozesua azaldu du: «Trajeak egiten direnean, jantzitegia hornitzailearen bitartez egin daiteke. Nik, esaterako, Peris Costumes markarekin lan egin dut. Haiek garbigailu handi batean sartzen dituzte jantziak, higatu daitezen. Horren ostean, nire lantaldeak, xehetasunez xehetasun, lixatu egiten ditu, puskatu, askatu, eta berriz josi, pertsonaia bakoitzak behar duena lortu arte».

Jantziak filmaketaren aurretik higatu zituzten arren, istorioan badago are gehiago higatzen den jantzirik, erabat urratzeraino: Kattalinena. «Soinekoak pertsonaiaren ibilbide bera hartzen du istorioan; hala izan behar du, sinesgarria izan dadin. Izan ere, guk film bat diseinatzen dugunean, ez dugu aktorea polit janzten eta kito. Arku narratibo bat dago, eta nire lana da narrazio horri laguntzea. Kattalini zerbait gertatzen bazaio, trajeari ere gauzak gertatu behar zaizkio. Ezin daiteke izan bera porru eginda egotea eta trajea garbi-garbi». Torrijosen ustez, pertsonaiei zer gertatu zaien kontatzeko modu bat da jantziak moldatzea.
Goyetarako bidean
Hurrengo astean izango dira Goya sariak, larunbatean, eta bertan egongo da Nerea Torrijos diseinatzailea; izan ere, jantzi horiengatik saria jasotzeko izendatu dute, jantzien diseinu onenaren kategorian. Izendapena «ezustean» jaso zuela aitortu du: «Ez nuen espero inondik inora ere. Izugarrizko oparia izan zen». Adierazi du «asko» disfrutatzen duela horrelako filmekin, «ausartak eta konplexuak direlako». Hala, Gaua-n lantaldea «luzitu» egin dela azpimarratu nahi izan du.
Orain, Torrijosek Jantzien Zentroaren esku utzi ditu bere lanak. Haren ustez, ez zegoen Jantzien Zentroa baino leku «hoberik» horretarako. «Fantasia hutsa» da, haren ustez, XVII. mendeko jantziak mende bereko eraikin batean ikusgai egotea. Erakusketak aukera ematen du filmean ikusi ezin daitezkeen hainbat xehetasun ikusteko. Hori «pozgarria» da diseinatzailearentzat: «Filmaketa amaitutakoan, jantziak gordetzen edo itzultzen ditudanean, izugarrizko tristura ematen dit. Izan ere, ez dira jantziak soilik, pertsonaiak dira. Nik zerotik egiten ditut trajeak, eta bizitza ematen diet. Behin filmaketa amaitutakoan, lotara itzultzen dira, nolabait esateko».