Itsasoa zakarrontzi bezala erabil daiteke, erabili izan da, eta hala erabiltzen da oraindik ere. Baina nola hustu? Ozeanoetan bilduriko zaborra jasotzeko esperimentu bati ekingo dio Ocean Cleanup egitasmoak 2016an. Japoniako Tsushima uhartean bi kilometroko hesi flotagarri bat eraiki dute, «inoiz itsasoek ikusitako egiturarik handiena», sustatzaileen arabera. Gailuak lortzen badu flotatzen duen zaborra modu errentagarrian inguratzea eta biltzea, 100 kilometroko bertsio bat egingo dute, munduko ozeanoetako hainbat tokitan sortu diren zabor uharteak garbitzeko.
Itsasoko zabor multzorik ezagunena Ozeano Bareko mendebaldekoa da, gehien ikertu dutena delako. Baina ozeano guztietan daude halakoak. Atlantikoan bada ehunka kilometroko diametroko bat. Horren lehen albistea 1972. urtean eman zuten. Kalkulatu dutenez, 200.000 zabor pusketa ditu, kilometro koadroko.
Ehunka urte iraun dezake plastikoak itsasoan, eta nazioarteko arazo bihurtu da. Baina Herbehereetan sorturiko Ocean Cleanup egitasmoa eta haien hesi flotagarri erraldoia gauza izango dira hondakin horiek jasotzeko eta itsasoa guztiz garbitzeko? Ez du ematen.
Zabor uharte ideia bera ere zalantzan jarri du Ainhize Uriarte Azti itsasoko ikerketa zentroko ikertzaileak. Izena ez da egokia. Ahaztu egin behar dira palmondoak, eta uharte horietako bat zapaltzeko aukera bera ere bai. «Zakar pilatuez eginiko lur antzeko baten gisa irudikatzen ditugu, baina zabor uharte deiturikoak ez dira horrelakoak». Uriartek berak azaldu izan du lehen ere benetan zer diren: oso eremu zabalean haize, zurrunbilo eta beste fenomeno batzuen mugimenduaren ondorioz bilduriko hondakin multzoak dira. Multzo horiek osatzen dituzten plastiko pusketak oso txikiak dira, 0,5 milimetro baino txikiagokoak. Salda batean flotatzen duten barazki zatiak bezalakoak dira. Uharte horiek, askotan, airetik baino ez dira ongi bereizten. Gainera, mugitu egiten dira. Eremu oso zabalak hartzen dituztenez, garestia ateratzen da garbiketa lana, erregai asko gastatu behar dutelako horretara jarritako ontziek.
Mikroplastikoak
Euskal kostaldean ez dago zaborraren pilaketa gunerik, Uriartek esan duenez. Hemen zaborra itsasoaren hondoan agertzen da, «ur zutabean», ur gainean, baita kostaldean ere, baina ez gune finko batean pilaturik. Bizkaiko Golkoan zaborraren arazoaren larritasuna zenbaterainokoa den ezin du esan, ez delako horren inguruko ikerketarik egin. Ez dute zehaztu itsas hondoko sedimentuetan eta ur zutabean dagoen mikroplastiko kopurua. Orain arte, Aztik egindako ikerketa egitasmoetan hiru urte inguruko datuak bildu dituzte. «Ondorio bat ateratzeko, askoz ikerketa luzeagoa behar da», esan du Uriartek.
Europako Batasunak badu Itsas Estrategiaren Esparru Zuzentaraua. Itsasoa egoera onean 2020. urterako izateko zer egin behar den zehazten du arauak. «Hasiberriak gara horretan; erakundeak oraindik ari dira itsasoei begirako estrategia lantzen». Helburua itsasoan zaborrik ez izatea da, eta oraindik hori lortzeko zein neurri hartu eztabaidatzen ari dira. «Ez da erraza mikroplastikoak garbitzea, eta teknologikoki ere asko falta zaigu horri eraginkortasunez ekiteko».
Itsasoan dagoen zaborraren %80 lurretik dator. Plastikoak denbora luzez irauten du —erosketa poltsa batek, bat eta hogei urte artean; botila batek, 450 urte—, eta gero eta pusketa txikiagotan apurtzen joaten da. Arazorik larriena orduan hasten da, zatikiak elikadura katean sartzen direlako. «Hilda agertzen den itsasoko hegazti bat zabaltzen duzunean, plastikozko tapoiak eta zatitxoak aurkitzen dituzu haren tripetan», azaldu du Uriartek. Edari latak elkarrekin lotzeko plastikozko uztaiak tranpa hilgarriak bihurtzen zaizkie askotan itsas animaliei. Arrantzaleek galduriko sare pusketek «arrantzan jarraitzen dute», arrainak edo dortokak hiltzen, inori mesederik egin gabe.
Aztik egin du ikerketa bat plastikoa garbitzeko modu eraginkorren bat topatzeko, Gorka Gabiña industria ingeniariak esan duenez. Baina «ikusi ahal den plastikoa» garbitzeko saioa baino ez dute egin. Mikroplastikoak garbitzea, ordea, «askoz zailagoa izango da».
Eskandinaviako hainbat herrialdetan egitasmoak jarri dituzte martxan; arrantzontziak erabiltzeko garbiketa lanetan, esaterako, Zaborra arrantzatzen ekimenean—Fishing for Litter da horren ingelesezko izena—. Sareetan harrapatzen duten zaborra jaso eta itsasora berriz ez botatzeko eskatu diete kanpaina horretan arrantzaleei. Aztin eginiko Limbo egitasmoan, arrantzontziak plastikoa harrapatzeko teknologikoki nola moldatu aztertu du Gabiñak. Hark proposatu duenez, arrantza kanpainen arteko asper denboraz balia daitezke itsasontziak, zaborra biltzen lan osagarria egiteko. Horretan, ordea, erregaiaren kostua da arazorik handiena. Oso ondo kalkulatu beharko da, zaborra jasotzea garestiegia izan ez dadin. Laguntzeko, Euskalmetek azaleko ur-lasterrak zaintzeko erabiltzen dituen bi CODAR radarrak izango lituzkete. Ur-lasterren bereizmen handiko mapak egiten dituzte orduro. Horien bidez, ontziek modua izango lukete kalkulatzeko non ibiliko den zaborra. Planaren arabera, tokian tokiko administrazioak inplikatuko lituzkete gero porturaturiko zaborra jasotzen eta kudeatzen. Plan bat besterik ez da, ordea: «Hau guztia airean dago», esan du Gabiñak.
Zabor gehiena lehorretik heltzen bada itsasora, zer neurri har daitezke han hori saihesteko? Ez dago ezer berririk horretan, Uriarteren arabera, ez bada indarrean dauden neurrietan «eraginkorragoak» izatea. Halere, plastikoen erabilera gehiago mugatu beharko litzateke, haren arabera. Edonola ere, beti helduko da lehorretik zarama naturaren fenomenoen bidez, uholdeek eramanda, esaterako. Halaber, kontu handiz ibili behar da itsasoan edo itsas bazterrean egiten diren jarduera industrialetan. Itsasontzi komertzialak, militarrak, ontziolak, petrolio eta gas plataformak, akuikultura lantegiak eta bestelako ontziak dira itsasora iristen den zaborraren %20ren jatorria. «Zaborraren jatorri bakoitzak neurri bat eskatzen du», esan du Uriartek.
Itsasora mundu osoan zenbat zabor botatzen den kalkulatu du Jenna Jambeck Georgiako (AEB) Unibertsitateko ingurumen ingeniariak. Lehen aldiz, urtero itsasoratzen denaren kalkulua egin du, eta datu zein aurreikuspen ikaragarriak eskaini ditu: 2010. urtean, zortzi milioi tona inguru zakar itsasoratu zituzten kostaldea duten 192 herrialdetan, eta kopurua bikoiztu egingo da datozen urteotan. Gauzak ez badira aldatzen, 2010 eta 2025. urteen artean 155 milioi tona bidaliko dira ozeanoetara.
«Zaila da kalteak epe luzean aurreikustea», esan du Jambeckek, «plastikoak 1950eko hamarkadatik ditugulako inguruan, baina horri buruzko ikerketak azken hamar urteotan baino ez ditugulako egin, mikroplastikoen arazoa aurkitu dugunean».
Ikerlariak 2010. urtean bilduriko datuekin osaturiko artikulua aurtengo otsailean argitaratu zuen Science aldizkariak. Besteak beste, Munduko Bankuaren datuak erabili zituen aurreikusteko herrialde bakoitzak zenbat zabor botako duen itsasora, ekonomiaren garapena aztertuta. «Izan ere, pertsona bakoitzak sortzen duen zaborra erabat lotuta dago ekonomiarekin». Hau da, gero eta aberatsagoa izan pertsona, orduan eta zabor gehiago uzten du, eta horietatik gehiago joaten da, azkenean, itsasora.
Plastikoa itsasotik jasotzeko egitasmoak baino egokiagoak dira zaborra itsasora ez heltzeko har daitezkeen neurriak, Jambecken arabera. «Erraz ulertzen da hori mapetan ikusten duzunean zabor hori non dagoen eta zelako azaleran dagoen sakabanatuta». Neurri horien adibide bat jarri du: Baltimoreko (AEB) kaian zaborra biltzen duen gurpil bat jarri zuten 2014an. «Munduko lehen uretako zabor biltzaile egonkorra», egitasmoaren bultzatzaileen arabera. Eguzki plakekin eta ur lasterrekin mugitzen den gurpil horrek 350 tona zabor bildu ditu bi urteotan, itsasora heldu aurretik. Tartean dira 80.000 plastikozko botila, poliestirenozko 90.000 ontzi, 36.000 erosketa poltsa eta lau milioi zigarrokin.
Zaborraz pentsatzeko herritarrek duten era aldatu behar dela uste du ingeniariak. Zaborrik gabeko ekonomia borobil bat bultzatzeko beharraz mintzo da, birzikla daitezkeen eta ekonomian berriz sar daitezkeen gaiak erabili behar direla.
Nazio Batuen Erakundeak Itsasoko Zaborraren Munduko Lankidetza egitasmoa abiatu zuen 2012. urteko ekainean. Zaramak ekonomian, ekosistemetan, animalien ongizatean eta gizakien osasunean duen eragina murriztea da horren lehen helburua. Besteak beste, mikroplastikoek elikadura katean duten eragina aztertzeko deia egin dute.
Jambecken arabera, gaiari dagokionez «oso ona» izan da mundu mailako erantzuna. Baina horretan gauza asko «tokian toki egin daitezke», eta egin beharko dira, itsasoko zabor sasi uharteak norberaren etxean hasten direlako.
Zabor uharteak zapaldu ezinik
Egitasmo ugari daude ozeanoetako zakarrak jasotzeko, Herbehereetan, Japonian, AEBetan, baita Euskal Herrian ere. Baina ez da erraza, itsasora botatzen den plastikoak paradoxa bat duelako: gero eta txikiagoa izan, orduan eta arazo handiagoa sortzen du, eta zailagoa da garbitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu