ATZEKOZ AURRERA

Zaintzak aldatu du hiria

Mugimendu feministak ibilbide bat prestatu du Bilbon, hiria zaintzaren ikuspegitik aztertzeko. Aisialdi eremuetan lan ere egiten dela azaleratu dute lekukotzek, besteak beste.

Zaintzako langile bat, atzo, Bilboko Indautxu plazan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2023ko azaroaren 05a
00:00
Entzun
Betiko Indautxu plaza da, Bilboren erdigunean, baina beste alde batetik ikusia. Aisialdia, jolasa, haur mordoa olgetan, adinekoak egonaldian —nahiz eta zapatu euritsu batean horien arrastorik ez den—: horixe aurkia. Eta lana, ostera, ifrentzua. «Zaintzako beharginontzat, plazak eta parkeak etxeko eremuaren hedapena dira», Marianaren esanetan. Era berean, beste zaintzaileekin hartu-emanetan egoteko aukera ere badira; are, behargin egoiliarrentzat, jendea ikusteko modu bakarra.

Bilboko gune ezagun bat da, antzaldatua. Eta hainbat eragiletako ordezkarien lekukotzei esker, bestelako xehetasunak bildu dituzte, halaber, hiribilduko hainbat bazterrek, mugimendu feministak antolatutako ibilbidean: Indautxu plazatik hasita Areatzako Teilapeetaraino, zaintzaren ikuspegitik aztertu dituzte Bilboko zortzi toki, hirurogei lagun ingururen babespean.

Gertuko Polizia egoitzan gelditu da taldea ondoren. «Duela 22 urte etorri nintzen, eta oraindik hotzikara ematen dit aurrean egoteak». Lidia etxeko zaintzailearena da ikara, eta esperientzia: ondo gogoan du 02:00etarako egon behar izaten zuela han, hiru seme-alabekin batera ibiltzen zela etengabean sartu eta irten, eskatzen zioten guztia aurkeztu ahal izateko, harik eta lau urteren ondoren paperak lortu zituen arte. Poliziari mintzatu zaio Putas en Lucha kolektiboko Coral kidea ere, bere lankide migratzaileen izenean. «Prostituten %73 migratzaileak dira. Estatuak paperik gabe dauzka, hobeto esplotatu ahal izateko». Atzerritarren Legea ezabatzeko eskatu du.

Langileen osasuna, kolokan

Colisee zahar etxearen aurrean, irmo: «Literalki, hil egiten gara goizero», bota du Ainhoak, IMQ Bilbozar egoitzako beharginak, diru publikoz hornituta dauden baina kudeaketa pribatua duten zahar etxeetako langileen egoera laburbiltzeko. «Gehienez 15 minutu ditugu erabiltzaile bakoitza jaikitzeko, dutxatzeko, apaintzeko, gosaria emateko...». Halakoa da egoiliarren bizi kalitatea, ondorioz; egoitzara heltzen direnena, bederen. Izan ere, Kale Nagusiko Foru Jauregiaren aurrean, itxaron zerrendak deitoratu ditu Babestu Bizkaiko erresidentzietako senideen eta erabiltzaileen elkarteko Marifek: zain dauden bitartean etxekoen bizkar uzten baita menpekoen zaintza. «Foru Aldundiak diru laguntza minimo bat baino ez du ematen».

Bide beretik, erantzunkidetasuna eskatu du Lehen Arreta Arnasberritzen plataformako kide Amaiak, Zabalguneko osasun etxearen aurrean: uste du Osakidetzak eta administrazioak ere euren gain hartu beharko luketela zaintza, «osasun zentroetatik kanpo» egin ohi delako. Migratzaileentzat, gainera, osasun arreta «pribilegioa» da maiz, Marianaren berbetan; eta, etxeko beharginei dagokienez, istripuak ez dira lanekotzat hartzen, ezpada gaixotasun komuntzat, gogoratu duenez.

Etxez etxeko langile bat mintzatu da gero. Asegurua izaten dute, baina azaldu du mutualitateek afera muskulu-eskeletikoak baino ez dituztela artatzen. Hortaz, kanpoan geratzen da beharrak eragindako kalte psikologikoa, esate baterako. Eta ez da txikia: zerbitzua bakarka ematen dutenez, ez dute laguntzarik izaten erabiltzaileak mugitzeko, ezta haien oldarraldiei aurre egiteko ere.

Teilapeetan bukatu da ibilbidea; baserritarren postuen ondoan, Etxaldeko Emakumeak elkarteko Maritxu eta Sonia baserritarrek hartu dute hitza: elikadura burujabetza aldarrikatu dute, zaintzarako eta osasunerako gako gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.