Zaldi aziendak protagonista

Nekazari eguna berreskuratuko dute bihar, Lekunberrin, zortzi urteren ondoren.

2016ko Nekazari Eguna, Lekunberrin. PLAZAOLA PARTZUERGO TURISTIKOA
2016ko Nekazari Eguna, Lekunberrin. PLAZAOLA PArTZUERGO TURISTIKOA
ane insausti barandiaran
2024ko abuztuaren 31
05:00
Entzun

Zaldiak eta behorrak elementu garrantzitsuak dira Larraungo ibarreko paisaian, baina, bihar, Lekunberriko (Nafarroa) erdigunea ere hartuko dute. Hain zuzen, bi ospakizun uztartuko dituzte, Nekazari Eguna eta Mendialdeko Azoka Ibiltaria egingo baitituzte. 2016an egin zuten abeltzaintza azoka tradizionala azkenekoz ibar horretan, baina, aurten, «indarberrituta» berrekingo diote, Lekunberriko eta Larraungo udalen elkarlanari esker. Nafarroako abeltzaintza azoken artean lekua egitea da haien asmoa.

Behorrak 09:00etan sartuko dira herrian, Mazo etxetik eta Saldotxotik, eta Artzanategi kalearen inguruan modua izango da horietaz gozatzeko: «Abeltzaintzak lurralde honetan duen garrantzia nabarmentzeko eguna izango da, eta, bereziki, balioa eman nahi diogu zaldi aziendek Mendialdeko ekonomia, kultura eta paisaia tradizionalean izan duten zereginari», azaldu dute antolatzaileek ohar bidez.

Mendialdean hirurehun ustiategi inguru daude, eta 3.000 abelburu baino gehiago daude erroldatuta. Zaldiek askotariko funtzioak dituzte: kontsumorako erabiltzen dira batik bat, baina, nahiz eta gutxiagotan izan, herri kirolen esparruan eta nekazaritza sistema tradizionalean ere erabiltzen dira oraindik, goldean. Horren erakusgarri, bertako behorren erakusketa egingo dute, eta salgai ere egongo dira. Bide batez, zaldikiz eginiko pintxoak dastatzeko aukera izango da egun osoan.

Nekazari Egunak, gainera, Mendialdeko Azoka Ibiltariarekin bat egingo du. Ibarreko beste lau herritan geldialdiak egin ondoren, Lekunberrin izango da, inguruko artisauen lana ikusarazteko. Nekazaritzako eta abeltzaintzako antzinako tresnekin apainduko dute herria, eta azokak 10:00etatik 15:00etara irekiko ditu ateak. Guztira, 28 postu jarriko dituzte: nekazaritza elikagaien hemezortzi —gazta, eztia, taloak, hestebeteak, haragia...— eta eskualdeko artisauen beste hamar —zura, zeramika, metala, ehungintza...—. Lekunberrikoa egin ondoren, Leitzan, Areson, Basaburuan eta Betelun egingo dituzte hurrengo azokak, datozen aste eta hilabeteetan. 

Txondorra ere bai

Abeltzaintzaz gain, antzinako beste jarduera bat ere ezagutarazi nahi dute biharko jaian: txondorgileena. Gaur egun desagertutako lanbidea izanik ere, ezinbestekoa zen ikatza lortzeko, eta transmisio lan hori egin nahi dute Ondare eta Azken Muga elkarteek. 

Nekazari Egunaren aurreko egunetan prestatu dute txondorra, auzolanean, eta gaur piztuko dute, egindako lana ospatzeko. Egun osoan egongo da hura bisitatzeko parada. Orain, hamar bat egunez piztuta egongo da, denbora hori behar baitu txondorrak ikatz bihurtzeko, eta prozesua amaitzean aterako dute ikatza. Herrian egiten diren ekitaldietan erabiliko dute, hain zuzen ere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.