Azken guda doinuak eskaintzeko elkartu da Goiza Perez (Legutio, Araba, 1990) Boot Boys streetpunk taldeko abeslaria, taldekideekin batera. Gaur Lakuntzan (Nafarroa) joko dute azken birako lehena, eta uztailaren 1ean Legution egingo dute azken agur jaialdia.
«Ez genuen ez ospea ez dirua bilatzen, injustizia eta errepresio ororen aurkako bozgorailua izatea baizik». Hitz horiek idatzi zenituzten taldearen agurra iragarri zenutenean. Lortu duzuela uste duzu?
Mutikoak ginen taldea osatzea erabaki genuenean. Tabernan kalamua erretzen eta garagardoak edaten pasatzen genituen egunak, aski zela erabaki genuen arte. Zerbait egin behar genuen gure bizitzekin, gure pentsamenduak eta egunero bizi genituen bidegabekeriak argitara atera nahi genituen. Horregatik erabaki genuen musika talde bat egitea. Ez diogu eguzkiari kantatzen, adibidez. Gure abestietan beti egon dira erreibindikazioa eta borroka.
Amaitzear dago duela hamasei urte baino gehiago hasi zenuten bidea.
Pandemiaren ondoren, jo eta jo hasi ginen, baina motibaziorik gabe nengoela sentitzen nuen. Eszenatokietara igotzen nintzenean, ez nuen lehen sentitzen nuen euforia sentsazioa. Aldi berean, nire neska laguna haurdun geratu zen orduan. Haurra jaio zenean ere aste osoa ematen nuen lanean, eta asteburu askotan taldearekin jotzera joan behar izaten nuen. Beraz, segituan erabaki nuen taldea uztea, eta taldekideei esan nien beste abeslari bat bilatu nahi bazuten bilatzeko. Amaiera iritsi zela erabaki zuten haiek ere. Boot Boys zaletasun gisa sortu genuen, ez negozio gisa.
Gaur hasiko duzue azken bira. Urduri?
Dena emateko gogo handiarekin. Batez ere taldekideekin gozatu nahi dut agertokian.
Taldearen sortzaileetako bat izan zinen. Nola erakarri zituen punkak herri bateko gazte batzuk?
Umetatik, Alaveseko futbol partidak ikustera joaten nintzen Mendizorrotzara. Animazio harmailan euskal presoen amnistiaren aldeko banderak zein era guztietako bandera erreibindikatzaileak zeuden. Horretaz interesatzen hasi nintzen, eta hainbat taldetan sartzen hasi nintzen pixkanaka. Harmailan zeuden kaskamotzen estetikak erakarri ninduen gehienbat: beren musika entzuten hasi nintzen, liburuak irakurtzen, dokumentalak ikusten nituen... Argi izan nuen horrelakoa izan nahi nuela. Gauza asko bizitzen hasi nintzen orduan. Jaini lagunak eta biok talde bat egin behar genuela sentitzen genuen, gure bizipenen inguruan kantatzeko. Baxua hartu nuen nik, eta berak gitarra. Nire anaia gaztea ere 8 urterekin hasi zen bateria jotzen gurekin. Horrela hasi zen Boot Boys.
Egun osoko egitaraua izango duen agur jaialdia antolatu duzue uztailaren 1ean Legution. Habemus Papam, Karlos Animal, Bake Faltsua eta Zartako, Brigada Flores Magon eta Aurrez Aurre taldeekin batera joko duzue.
Birak, berez, ekainaren 24an amaitu behar zuen Madrilen. Baina Legution eman nahi nuen azken agurra. Taldekideei esan nien herriko gazteei Legution azken kontzertua antolatzeko laguntza eskatu ahal geniela: zerbait xumea. Taldea utziko nuela iragarri nuenean esan zidaten jaialdi bat antolatu zutela taldearen azken agur kontzerturako. Ohore bat da niretzat Brigada Flores Magon eta Zartakorekin agurtu ahal izatea. Gaztetan entzuten hasi nintzen lehen taldeak izan ziren, ilea moztu eta jaka bonberra janzten hasi nintzen haiei esker. Nork esango zidan taldearekin hasi nintzenean nire erreferente izan diren jendearekin emango nuela azken kontzertua?
Orain arte, larrua utzi duzu eszenatokian. Jendearen izerdiaren eta beroaren falta sumatuko duzu?
Beti sumatuko dut oholtzan sentitzen dudan adrenalina horren falta.
Beraz, «gero arte» bat da agur bat baino gehiago?
Orain ezin dut argi eta garbi erantzun, baina, ziur aski, gogoa seguru izango dugula. Ez dakit bi urteren buruan, bost izango diren... Baina egon seguru, itzuliko gara.
ATZEKOZ AURRERA. Goiza Perez. Boot Boys taldeko abeslaria
«Zaletasun gisa sortu genuen Boot Boys, ez negozio gisa»
Perezek hamasei urte baino gehiago daramatza Boot Boys taldearekin batera Euskal Herrian zein nazioartean jotzen. Hainbeste urteren ondoren, agur esateko garaia iritsi dela sentitzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu