Intxaurrondo auzoa: zortzi minutuan behin grabagailuan eten bat, trenaren doinu eta errimen eraginez. Zortziko txikitzailea. Halako batean, musika urbanoa eta hip-hopa entzuten da parkean. AEBetan free style inprobisazioak ere ezagutu zituen Kepa Matxainek (Donostia, 1991). Bost urte baino gehiago egin ditu bertsolaritza ikertzen.
Bertsotan bezala hitz egiten zuen zure aitonak: Patxi Matxainek. Hari eskaini diozu doktore tesia.
Aitonaz oroitzen dut beti errimaz erantzuten zuela, beti zirto logika horretan. Tartean behin, saiatzen zen bertso bat osatzen... baina erantzun bizkorrean zen abila, eta grazia egiten zigun. Saihetsezina zen hari eskaintzea.
Doktore tesitik ondorio zehatz edo argiren bat eman diezaiokezu elkarrizketa honen irakurleari?
Tesiaren ondorio nagusietako bat da zantzuak daudela pentsatzeko fase historiko berri batean sartzen ari dela bertsogintza. 25 urte bete dira Joxerra Gartziak esan zuenetik bertsolaritza «aro multipolarrean» sartu zela; Andoni Egañaren ondorengo belaunaldia definitzeko jarri zuen etiketa zen. Gutxi gorabehera etiketa horrek esan nahi duena da: askotariko ahotsak, askotariko estiloak...bertsogintza genero bezala heldutasun une batera iritsia zela 2000. urtean. Ondorengo urteetan multipolar etiketak jarraitu du etengabe agertzen, ezer aldatu ez balitz bezala. Egun, nire iritziz, etiketa horrek argi baino itzal gehiago egiten du.
Zergatik hori?
Bertsogintzaren geruzarik bistakoena izendatzen duelako. Baina ez da gai azpitik gertatzen ari diren sakoneko mugimenduak ongi ulertzeko.
Zein dira, bada, mugimendu horiek?
Zantzuez hitz egin behar da. Plaza jeneralistaren ertzetan sumatzen diren ekimenak ikusita, bertsolaritza fase inplikatu batez hitz egin daiteke.
Inplikatua zertan?
Bertsolari inplikatuak ezaugarri nagusi bat du: egiten du bertsotan beretik, eta bestetik, beretarrekin. Bere subjektibotasunari eta benetakotzat jotzen duen barne ahotsari fidel izanez kantatzen du, eta horri inplikazio subjektiboa deitu diot. Baina hori zentzu proposamen kolektiboekin konektatuz ere egiten du, eta hori inplikazio kolektiboa litzateke. Eta inplikazio situazionala dago, hau da: bere komunitatekotzat sentitzen dituen horiekin ahalik eta distantzia fisiko txikienera kantatzea, gertu. Korronte sinbolikoetan atzematen da hori guztia. Eta horrek kontrastea egiten du duela hamarkada batzuetako bertsolari todoterrenoaren prototipoarekin. Andoni Egañaren belaunaldia zen hura.
«Bertsogintzak ezin du albo batera utzi bere dimentsio herrikoia. Hanka bat du eszenatokian, eta beste bat eguneroko bizitzan»
Non ibili zara, batera eta bestera, ikerketa egiten?
Bi iker-egonaldi egin ditut atzerrian: bat New Yorkeko unibertsitate batean, eta bestea Pennsylvaniako Unibertsitatean (AEB). Biak funtsezkoak izan zaizkit, bai marko teorikoan, bai plano materialago batean. Ederra izan zen Luis Moreno Caballud ikerlaria ezagutzea; hark landa kulturak ikertzeko duen modua baliagarria izan zait tesiaren kontu batzuetarako. AEBetan free style inprobisazioak eta slam poetry ezagutzeak balio izan dit, halaber, bertsogintzari bestela begiratzeko.
Azkeneko bi mendeetan bertsolaritzak garrantzi handia izan du euskal kulturan. Zertan bereizten da beste kultur adierazpenetatik?
Bertsogintzak ezin du albo batera utzi bere dimentsio herrikoia. Bertsolaritzak hanka bat du eszenatokian, eta beste bat eguneroko bizitzan, eta askotan bien artean dabil. Egia da, bestalde, bertsogintzaren alderik espontaneoena asko ahuldu dela azkeneko hamarkadetan; herri euskaldun batzuetan ohikoa zen kalean batzuk besteekin bertsotan hastea. Lehen inprobisazio bulkada asko desagertu da. Ahozkotasunarekin lotuago zegoen belaunaldi bat joan delako ere bada. Horrekin batera, bertsolaritzaren ikuskizun partea asko sofistikatu da. Bertsolariari testu sofistikatu bat eskatzen zaio ganbarako ariketan, narrazio oso bat. Baina bertsolaritza izango al da egunen batean soilik eszenatokian gertatzen dena?
Argi al duzu erantzuna?
Bai, niri pentsaezina iruditzen zait. Bertsoak hanka bat baitu eszenatokian, eta bestea eguneroko bizitzan.
Bertso poteoak, bertso bazkariak eta bertso afariak badaude... eta txapelketa beste zerbait da.
Txapelketaren gidoiaren parte handi bat aurretik idatzita dago: agurrak, zer ariketa kantatuko dituzten, noiz amaituko den ziklo bakoitza... Hain egituratuta dagoen egoera batean, gelditzen den eremu ziurgabe bakarra bertsoaren eduki testuala da. Inprobisazioaren alde asko erantzunda daude txapelketan. Aldiz, bertso bazkari eta afarietan hori ez da pasatzen. Bestelako dinamika batzuk sortzeko marjina zabalagoak daude, eta bertsolaria entzuleengandik gertuago dago, eta bertsoa gehiago da hizketa espontaneoa: hor badaude ezustekoak.
«Señora sariketa da azken urteetan gertatu den berrikuntzarik esanguratsuenetako bat. Kontraeredu oso efikaza da 'señorarena'. Eta jolaserako joko handia ematen du»
Duela hamarkada batzuk gizonak ziren erabat nagusi oholtzan. Aldatu da hori, nabarmen.
Tesian ez ditut plaza kopuruak eta ehunekoak aztertu. Baina bertsogintzan normak zabaltzera egin duen neurrian, eragina izan du oholtzara nor igotzen den, baina batez ere bertsoaren gramatikan bertan. Bertsoaren lengoaian. Egun, posible da ahots zaurgarri batetik kantatzea, eta hori bertsoaren kodeak integratu du. Bertsolari askok horrela kantatzearen eraginez izan da. Beste adibide on bat Señora sariketa da.
Zer du, bada, Señora sariketak?
Azken urteetan gertatu den berrikuntzarik esanguratsuenetako bat izan da. Estetikoa ere bai. Bat-batean, arketipo berri bat jarri du plazaren erdian: señorarena. Txapelketa horretan, arketipo hori ongien gorpuzten duen bertsolaria saritzen da. Plaza gizonen eta gerra dialektikak hainbesteko indarra izan du urteetan, ezen iruditzen baitzait kontraeredu oso efikaza dela señorarena. Eta jolaserako joko handia ematen du, gainera. Uste dut arketipo berriak sortuz joango direla bertsolaritzan.
Ondo legoke bertsolaritza beste inprobisazio adierazpen batzuekin batera ikertzea?
Bai, zalantzarik gabe. Bertsoak bere bakantasunean ezaugarri espezifikoak ditu, baina baditu nazioarteko ahozko inprobisazio praktiken ezaugarri batzuk ere. Ikerketa konparatu batek argi asko emango lituzke. Ikerketa arloan gauza asko dago egiteko; bertso kanonaren ikerketa bat egiteko dago, kasurako. Bertsolaritzaren ikerketan ia dena dago egiteko.
Garai batean, bertso txapelketako kronikak idazten aritu zinen Argia-n. Itzuliko al zinateke horretara?
Kronika haietatik hasi zen guztia. Gero, buruari bueltaka hasi, bertsolariak diren lagun batzuekin hizketan hasi, eta obsesionatu nintzen gaiarekin. Orain erosoago sentitzen naiz teorizazio mailan. Konturatu naiz ikerketa asko gustatzen zaidala. Etorkizunean nahiko nuke ikertzen jarraitu, baina lurrari lotuago. Etorkizunean ez nuke kategoria orokor hutsetan gelditu nahi. Kronikak idaztearena? Oraintxe ez, behintzat.
lotsabako
Bertsolari bat?
Iñaki Alkainen Gerrateko ibillerak liburuan agertzen den Larrauriko amona.Bertso neurri bat?
Zortziko txikitzailea.Idazle bat?
Antton Luku.