Gasteizko jaietako egun handia izan zen atzokoa: Andre Maria Zuriaren eguna. Goizean goiz, 07:00etan, Egunsentiko Arrosarioarekin batera, Gasteizko erdialdea jendez bete zen, eta halaxe egon zen egun guztian. Andre Maria Zuriaren baimenarekin, blusak eta neskak izan ziren atzoko protagonistak, jaietako arima. Txirritako neska batekin pasatu zuen eguna BERRIAk:
Â
09:00Â ETXEA
Dena prest
Erlojuaren orratzek 09:00ak seinalatu dute granadotarren etxean. Ursua Granado (Gasteiz, 1994) ohetik altxatu da. Beste urte batez, abuztuaren 5a egun handia da etxean: Txirrita kuadrillarekin aterako da aurtengo jaietan, urtebete zuenetik egin ohi duen moduan. Urteak aurrera joan arren, gogo berarekin hartzen du Granadok egun handia: «Urte osoan abuztuaren 5a itxaroten dugu. Gainera, lehenengo egunean kuadrilla guztia batuta dago; egunak aurrera joan ahala, kuadrillako jendea bidean geratzen da». Abarkak, zapia eta gona jantziak dituela, kalera atera da. Suabe— suabe erdialderako bidea hartu du. Parrandatik etxera bueltatzen direnekin egin du topo. Egun luzea dauka aurretik.
Â
10:30Â AL-ANDALUS TABERNA
Hamaiketakoa
Kuadrillarekin batzeko ordua da. 10:00etan geratu dira Al—Andalus tabernan hamaiketakoa jateko. Ia denek ezagutzen dute Granado: gurasoen lagunek, ikastolako kideek, geroago ezagutu dutenek... «Aitaren eskutik ateratzen nintzenean, kuadrillako gehienak aitaren adinekoak ziren. Baina orain nire adineko gazteak sartzen ari dira». Kuadrillako batzuk esnatu berri dira, eta kostata ireki dituzte begiak. Beste batzuk 08:00etatik ari dira tragoak hartzen. Etxera joan, arropaz aldatu eta berriz kalera atera direnak ere badaude: «Gaupasaz daudenak». Gosaltzeko, haragia patata frijituekin eta ardoa hartu dituzte.
Kafea hartzen ari direla, txarangakoak datoz, Txirritakoak alaituz. Haiek ere ezagutzen ditu Granadok. Hainbat txaranga ezagutu izan ditu kuadrillan. Aurten, Akelarre txarangakoak dira; lau urte daramatzate batera. Blusek eta neskek ardoak eragindako berotasuna nabaritzen hasi dira gorputzean, baina Txirritako presidenteak eten die: «Bukatu behar dugu. Txarangarekin poteatzen hasiko gara».
Â
12:00Â AIZTOGILE KALEA
Tragoak eta txaranga
Behin Alde Zaharrean, jendez lepo dago Aiztogile kalea. Baina bidea ireki dio jendeak kuadrillari. Blusez eta neskez gain, familiak, kaleko saltzaileak eta garbitzaileak daude. Kuadrillako diruzainak garagardo, pika eta kalimotxo katxiak atera ditu, eta txarangak lehenengo abestiak jo ditu. Blusek eta neskek ez dute diru zorroa ezertarako atera behar tragoak edateko; jaietan, gutxienez. Jaien aurretik, kuota bat ordaindu dute, eta horrekin ordaintzen da dena. Gainera, Txirritaren kasuan, norberaren egoera ekonomikoaren arabera ezberdin ordaintzen dute: ikasleek eta langabeek, adibidez, gutxiago.
Granadok begi onez ikusten du kuoten politika: «Guztiz arrazoizkoak dira. Ikasle zein langabeek kuota merkeagoak izateak guztioi jaietan parte hartzeko aukera ematen digu». Trago bat edan eta hurrengoari pasatu, eta beste bat, eta beste bat... Azkar bukatu da edaria. Plaza Berrira mugitzen hasi dira. Bertan, ikurrinari omenaldia antolatzen du Blusen eta Nesken Batzordeak. Hala ere, zaila da ekitaldian arreta handirik jartzea: eguzkiak gogor jotzen du. Orduak aurrera doaz, eta hamaiketako ederra jan duten arren, gose dira Txirritakoak; bazkaltzeko ordua da.
Â
15:00Â LANDATXO
Herri bazkaria
Kuadrillako gutxi batzuen artean egunero antolatzen dituzte bazkariak Txirritan. Baina abuztuaren 5ean batera bazkaltzen dute guztiek. Sakabanaketaren aurkako eguna izanik, hori salatzeko Landatxo kiroldegian antolatutako herri bazkarira doaz kuadrillako kide guztiak. Hantxe daude beste kuadrilletako ezagunak, blusaz eta neskaz janzten ez direnak... Granadoren aita ere iritsi da, goizean ez baita kuadrillarekin egon. Tripa betetzeko eta zezenetarako bideari aurre egiteko, zizka-mizkak eta oilaskoa dute bazkaltzeko. Kafea edan eta gero, lo kuluxka botatzeko gogoa nabari daiteke kiroldegian. Ezin dute. Dato kaleko sarreran egon behar dute 17:00etan. Gainera, kuadrillako batzuek autoaren bila joan behar dute lehenago.
Â
17:00Â DATO KALEA
Zezenetara joatea
Eguneko unerik garrantzitsuena heldu da: zezenetara joatea. Kuadrilla askok ez dute zezen plaza zapaltzen, Txirrita barne. «Jaiak hori gabe ez lirateke gauza bera. Dena den, nahiz eta zezenetara geroz eta kuadrilla gutxiago joan, ohitura mantentzen da», azaldu du Granadok. Dato kaleko sarreran, Blusen eta Nesken Batzordekoek kuadrillen ordena kontrolatu dute. Egun bakoitzean, kuadrilla bakoitza ordena jakin batean ateratzen da. Txirritakoek azken-aurrekoak irten behar dute. Tarte gutxi dute paseo eta paseo artean atseden hartu ahal izateko.
Kalea jendez lepo dago, eta eserita dauden umeek itsasgarriak eskatzen dizkiete kuadrilla guztiei. Hiru gurpileko auto batek Txirritari bidea ireki dio. Atzean, txaranga eta aurtengo pankarta. Maroto eta Gasteizko udal aldaketa dira kuadrilla gehienek aukeratutako gaiak. Txirritakoek, gainera, herri harresia irudikatzen duen irudi batekin, epaiketa politikoak salatu dituzte.
Zezenetarako ibilbidea bukatuta, Granado bere lagunekin doa, txosnetarako bidean. Han, lasai eseri, deskantsatu eta 20:00etarako bueltarako ibilbideari ekin beharko diote Txirritakoek. Baina ordu asko falta zaizkio oraindik egunari. Bueltan, sakabanaketaren aurkako manifestaziora doaz lau bat kuadrilla. Horietako bat da Txirrita.
Ogitartekoa afaldu, eta eguna bukatuta, txarangarekin poteoa dute Alde Zaharretik eta erdialdeko tabernetatik. Gauarekin jarraitzeko, txosnetara lagunekin, Alde Zaharrera kuadrillarekin... Auskalo. «Momentu hauetan lagunekin egoteko aprobetxatzen dut, eta, batez ere, deskantsatzeko. Egun hauetan 24 orduz kalean bizitzen gara, eta ez ditugu deskantsatzeko orduak». Etxera bueltatzeko ordua gutxienekoa da. Jaiak jarraitzen du, igandera arte gutxienez.
Zapia, abarkak eta jaia
Blusek eta neskek kaleak alaitu eta girotu dituzte jaietako egun handienean.Andre Maria Zuriaren omenezko ekitaldiek goizetik bete dute erdigunea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu