Asteburuko proposamenak

Zartaginak gogor astinduz

Kaldereroak kalera aterako dira larunbatean Donostian, Tolosan, Irunen eta Azpeitian; igandean, berriz, artzain eta inudeen txanda izango da.

Kaldereroak, iaz, Donostiako Plaza Berrian. XALBA RAMIREZ / IRUTXULOKO HITZA
Kaldereroak, iaz, Donostiako Plaza Berrian. XALBA RAMIREZ / IRUTXULOKO HITZA
unai zubeldia
Donostia
2026ko otsailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Zein ederra, zein xarmanta/ Donostiako lurra eta hiria/ herri jator donostiarra/ agurtuz dugu atsegina». Neguko jai giro betean, kaldereroak kalera aterako dira etzi Donostian, Tolosan, Irunen, Azpeitian (Gipuzkoa) eta beste hainbat herritan. «Ihauteri alaiaren iragarle» izaten dira urtero kaldereroak, eta aurten ere umore onean elkartuko dira erregina, damak, hartza, hezitzailea, zuzendaria eta konpartsetako kideak. Zartagina astinduz eta kantuan gozatuko dute larunbat arratsalde-iluntzea. Donostiako hiru auzotan —Antiguan, Loiolan eta Txominenean— joan den larunbatean atera ziren kaldereroak.

Donostiako Parte Zaharrean, 21:45ean abiatuko da Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionala, etzi, Fermin Kalbeton kaletik; hemeretzi tribu izango ditu, eta 470 partaide inguru, %60 emakumezkoak —kaldereroak kalez kale ibiliko dira Amaran, Egian, Grosen eta Herreran ere—. «Urtez urte hazten ari da emakumezkoen kopurua», zehaztu du Aitzpea Leizaola kaldereroen konpartsako kideak. 22:00etan jarriko dute kanpamentu nagusia Plaza Berrian, eta Gauerdi txaranga izango dute ondoan; han ariko da Kresala dantza taldea 22:05ean, eta Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako banda; erreginak 22:10ean emango du hitzaldia. Azken urteotan Agustin Madrazo Furundarena argazkilariak irudi bihurtu izan ditu konpartsaren mugimendu guztiak, baina erretiroa hartu du, eta etzi Felix Sanchez Arrazola ariko da argazkilari lanetan.

Erregina Ane Atxa izango da, eta Edurne Lertxundi eta Edurne Erkizia izango dira damak. Kaleko Afari Solidarioak elkarteko boluntarioei elkartasuna adierazi nahi izan die Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionalak. Azken urteotan kaldereroek arrasto sakona utzi dute zenbaitengan, eta, horren erakusgarri, larunbatean Donostian izango dira duela urte batzuk erregina eta dama izan ziren Manchesterreko hiru kideak, eta haien beste sei-zazpi lagun. «Donostiaren 2016ko Kultur Hiriburutzaren hamargarren urteurrena dela eta, bestalde, Poloniatik galdetu ziguten ea berriz etor zitezkeen, gurekin ikaragarri ondo pasatu baitzuten. Eta, noski, gure ondoan izango ditugu».

Artzainak eta inudeak, prest

«Festarik behar bada, bego Donostia/ betikoa du fama ondo merezia./ Bestetan ez bezela, hemen gazteria,/ amaren sabeletik dator ikasia». Larunbatean kaldereroak, eta igandean artzainak eta inudeak. Asteburu bete-betea izango dute Donostiako Parte Zaharrean. Joan den igandean Groseko artzainen eta inudeen konpartsak 25. urteurrena ospatu zuen —omenaldi goxo bat egin zieten hasieratik lanean ari direnei—, eta 50. urteurrenaren lehen harria jarriko du igandean Kresalako artzainen eta inudeen konpartsak. «Baina ospakizunak, berez, hurrengo urterako utziko ditugu», zehaztu du Joxe Muruak. 64 artzain eta inude aterako dira, laurogei danbor jotzaile, eta hirurogei pertsonaia baino gehiago. «Datu zehatzik ematerik ez dago, azken orduan jende gehiago azaltzen baita beti». Muruak donostiarrei dei egin zien, garai hartako jantzirik edukiz gero 12:00etan Kresalara joan daitezen —Euskal Herria kaleko 5. zenbakian dago elkartea— eta eurekin atera daitezen. 

Ohiko ibilbidea egingo dute: Aldamar kaletik Bulebarrera, Kale Nagusian barrena Koruko Andre Mariaren elizara, Abuztuaren 31ko kaletik San Bizente elizara, eta Narrika kaletik Plaza Berrira. Eta ohiko txaranga izango dute ondoan: Joselontxos. Hain zuzen ere, txaranga horrek, Donostia Festak-ekin elkarlanean, inudeen eta artzainen eta kaldereroen melodiak grabatu ditu, abesbatzarekin eta danbor eta zartagin soinuekin.

Urteurrenak hala merezi zuela iritzita, Estudio Lanzagortak kartel berezi bat egin du aurten. Henri de Toulouse-Lautrec izan dute inspirazio iturri. Kartela salgai dago Donostia Festak-en bulegoetan, 3,5 euroren truke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.