Fisikaria

Jorge Sanchez: «Zementuaren diskurtso negatiboa aldatu nahi dugu; material hori gure aliatua da»

Energia biltzeko aukera ematen duten zementuzko bateriak ikertu ditu Sanchez fisikariak, eta berotegi efektua murrizteko hormigoiak duen garrantzia nabarmendu du: «Material hauek espero baino zoragarriagoak dira».

2023-11-21, Donostia. Jorge Sanchez fisikari teorikoa
Jorge Sanchez fisikaria, aste honetan Donostian emandako hitzaldian. GORKA RUBIO / FOKU
itsaso jauregi 2
2023ko azaroaren 24a
05:00
Entzun

Zementua material bat da, batez ere eraikuntzan erabiltzen dena; gogortzean material askeak lotzen dituen substantzia bat. Egunerokoan ikusten den material horren propietateak sakon aztertu ditu Jorge Sanchez fisikariak (Barakaldo, Bizkaia, 1972) bere Miracle proiektuan, eta «jasangarritasunaren aliatu» gisa definitu du. Zenbait ikerketa egin ditu hormigoiarekin, berotze globala murrizteko, eta Lur planetan pilatutako beroa espaziora botatzeko, hain zuzen ere. Horrez gain, zementuz egindako bateriekin lan egiten du, modu jasangarrian energia sortu eta biltzeko. Zientzialariak esan du heldu dela zementuaren ospe txarra amaitzeko ordua.

Zementuak ospe txarra du?

Bai. Interneten zementu hitza bilatzean, berotze globalarekin lotzen duten albisteak agertzen dira, besterik ez.

Zer eragin du zementuak berotze globalean?

Hormigoiak ingurumenean duen eragina izugarria da; sortzen den zementu tona bakoitzeko, tona bat CO2 isurtzen da atmosferara, gutxi gorabehera. Arazoa da zementu asko ekoizten dela: zementuaren ekoizpena gizakiek atmosferara isuritako CO2 guztiaren %10 da. Baina asko ekoizten delako da, eta, kantitatea normalizatuko balitz, argi ikusiko litzateke ez dagoela material ongarriagorik. 

Zementua jasangarritasunaren aliatua dela esan duzu zure hitzaldietan. Zergatik?

Material horiek munduan duten dimentsioagatik. Ingeniaritza globala egiteko erabil daiteke material hori. Leku geografiko jakin batzuetan bakarrik lor daitezkeen material asko daude; hormigoiak edozein lekutan lan egiteko aukera ematen du, edonon aurkitu daitekeelako. Planetaren ingurumen erronka guztiei irtenbidea eman nahi badiegu, lan egiteko materialik egokienak dira.

Nola baliatu zementua erronka horiei erantzuteko?

Proiektu asko daude hori ikertzeko. Eguzkiaren esposizioan egon arren berotzen ez den hormigoia garatu nahi dugu; adibidez, giro tenperaturaren azpitik egongo den materiala. Horrek energia asko aurrezten lagunduko digu. Eraikin guztiak horrelako materialarekin eraikiko bagenitu, energiaren %70 aurreztuko litzateke. Eraikin asko nahiko eraginkorrak dira isolamenduari dagokionez, beroari eusten diote, eta horrek hiriko bero uhartearen efektua sortzen du.

Nola baliatu daiteke zementua bero uhartearen efektua murrizteko?

Hiri batera iristen zarenean, nabaritzen duzu tenperatura hiru edo lau gradu gorago dagoela mendiarekin alderatuta. Zementuak eta halako materialek beroa leiho atmosferikotik botatzen dutenean gertatzen da efektua. Hortaz, bero hori isurtzen duten material horiek kentzeko gai izango bagina, harrapatuta geratzen den beroa desagertu egingo litzateke.

Beroa desagertzeko hormigoi fotonikoa garatu duzue Miracle proiektuan. Zertan datza?

Erradioaktiboki hozteko gai den zementu bat da. Gorputz guztiek beroa igortzen dute; arazoa da infragorri horiek isuri egiten direla, atmosferara iristen direla, eta guregana errebotatzen dutela. Hori da berotegi efektua. Hala ere, atmosferak zirrikitu txiki bat du: leiho atmosferikoa. Leiho horren barruan isurtzen diren materialak diseinatzeko gai bagina, sortzen dugun beroa atmosferara pasatuko litzateke eta espaziora joango litzateke; ez litzateke guregana itzuliko, eta bero hori askatu egingo genuke unibertsoan. Hormigoi fotonikoak posible egingo luke prozesu hori. 

Zer-nolako eragina izango du hormigoi fotonikoak berotze globalean?

Berotze globalean izugarrizko eragina izango luke hormigoi fotonikoak. Dagoeneko probatu dugu asmakizuna gure laborategiko teilatuan, eta frogatu dugu hormigoi fotonikoa giro tenperaturaren azpitik dagoela egun bero eta eguzkitsu batean.

Zementuaren osagaiak moldatu nahi dituzue jasangarriagoa izateko, beraz?

Bai. Badira proiektu batzuk zementuaren ekoizpen prozesua hobetzeko. Material horiek beste propietate batzuez hornitu nahi dituzten ikerketa batzuk ere badaude. Guretzat, adibidez, material horiei esker energia sortu eta biltzeko prozesua da garrantzitsuena.

Nola gorde daiteke energia zementuari esker?

Energia termikoa biltegiratu dezakegu. Zementuak bero termiko handia gordetzen du, eta eguzki kontzentrazioko plantetan erabili da. Eguzki energiaren kasuan, egunez ekoitz daiteke, baina gauez ez da ekoizten, eta, beraz, biltegiratu egin behar da lortutako energia. Halako aplikazioetan hormigoia erabili da jada, baina beste pauso bat eman nahi dugu: energia termikoa gordetzeaz gain, sortu ere egin nahi dugu.

Nola sor daiteke energia?

Prozesu bat baino gehiago dago. Zementuzko bateriak egin izan dira; gurekin lan egiten duten ikerlariek oso zuzenak diren zementuzko bateriak garatu dituzte dagoeneko. Litiozko bateria arrunt baten baliokidea den energia elektrolitikoa biltegiratzeko edo sortzeko gai dira. Arazo teknikoak daude, hala nola halako materialekin egin ditzakezun kargen eta deskargen kopurua. Oraindik ikertzen eta hobetzen ari dira. Etorkizun handikoa da.

Zein da proiektuaren alorrik zailena?

Tartean dauden diziplina guztiak uztartzea. Ingeniaritza zibilari buruz dakien jendeak parte hartu behar du, baita fotonikan, arkitekturan eta ingurumenean aditua denak ere. Talde hori guztia biltzea eta ulertaraztea da zailena.

Proiektua kolaborazioan oinarritzen da, beraz?

Bai. Zortea izan dut beste hizkuntza zientifiko bat duten pertsonekin elkarlanean aritzeko aukera izan dudalako, eta horrek aberastu egiten zaitu. Dena ez da fisika, eta beste diziplina batzuetan guk baino gehiago dakite horri buruz, eta hori fisikarioi zaila egiten zaigu aitortzea.

Zementua ikertzen duzula esatean, epaituta sentitu zara?

Jendeak ez du oso ongi ulertzen. Zorua konpontzen ari zarela iruditzen zaie. Hormigoiaz eta zementuaz egiten den ikerketak ez du ikusgaitasun handirik. Baina hamar minutuan azaltzen diezu zer egiten ari zaren, eta ikusten dute gauza gehiago daudela zementuaren atzean; material hauek espero baino zoragarriagoak direla.

Ikerketak ez dira asko ikusten, egunerokoan ikusten diren materialak lantzen direlako?

Eguneroko materialak dira, eta ez diegu benetan merezi duten garrantzia ematen. Iruditzen zaigu eguneroko material hori ezin dela oso teknologikoa izan, benetan hala diren arren. Zementua magia egitea da; hezurrak ordezkatu edo inplanteak egiteko erabil daitekeela esaten badugu, modu sofistikatuagoan ikusten da zementua. Material horien inguruko diskurtso negatibo hori osorik aldatu nahi dugu, eta aliatutzat dauzkagu klima aldaketaren borrokan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.