Ezarian. Futuroscope

Zentzumenekin jolasean

Teknologia oinarri hartuta, ezagutza zabaltzeko atrakzio eta zinema emanaldiak eskaintzen ditu Futuroscope jolas parkeak. Ozeanoak babesteko beharrari buruz kontzientziatzeko atrakzio berri bat ireki dute.

Monstres des Mers (Itsasoko munstroak) 3Dko emanaldia. Dinosauroen garaiko itsasoko izakiak nolakoak ziren azaltzen du ikuskizunak. FUTUROSCOPE.
Adrian Garcia.
Poitiers
2011ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Bisitaria parkean sartu orduko ohartukoda Futuroscope (Poitiers, Frantzia) ez dela jolas parke arrunta. Badu beste atrakzio parkeetatik bereizten duen ezaugarri nagusi bat: teknologia sentipenak suspertzeko akuilu gisa erabiltzen dira. Helduentzat bisitatzeko parke interesgarria daiteke, baina etorkizuneko belaunaldia osatuko duten haurrengana iristea da parkearen jomuga, kutsu pedagogiko nabariabaitu parkeak. Naturari eta gizakiak ingurumenean duen eraginari buruz gogoeta egitera gonbidatzen dute parkeko jolas askok.

Gizakiak itsasoan utzi duen aztarna erakusten du, hain zuzen ere, estreinatu berri duten Le huitième continent atrakzioak (Zortzigarren kontinentea). Ozeano Barean dagoen zabor hondakinez osatutako masa erraldoiari deritzo zortzigarren kontinentea. Frantziaren tamaina halako hiru du masa horrek. Atrakzio berri horretan, bisitaria motor baten gainean doa, eta zabor masarekin topatuko da zinema pantaila batean. Haren eginkizuna zaborra eta zaborretik sortu diren izaki erradioaktiboak suntsitzea izango da, horretarako emango zaion pistola laserrarekin. «Herritarrak ozeanoak babestearen garrantziaz sentsibilizatzea da xedea», azaldu du Dominique Hummelek atrakzioaren aurkez- penean. Maud Fontenoy Frantziako nabigatzaileak aurkeztu du jolas parkearen berrikuntza nagusia.

1987an sortu zuten parkea; 25. urteurrenaren atarian egonik ere, parkea loraldi betean dago. Mende laurdenean hainbat aldiz igaro da esku pribatutik publikora, eta alderantziz. DominiqueHummel egungo presidenteak kargua hartu zuenetik 2003an, etekinen zati bat parkean inbertitzen dute. Argia da horren eragina: Futuroscope urtero aldatzen da, urtero dago ikusteko zerbait berria. Horri esker itzultzen dira parkera lehendik ezagutzen duten bisitari asko.

Aurtengo berrikuntza ez da ingurumena ardatz duen atrakzio bakarra: Une maison pour agiretxe ekologikoak energia berriztagarriak darabilen etxebizitza eredua aurkezten du. Erosotasuna eta ekologia uztartu daitekeela frogatuz, kontsumitzen duen baino energia gehiago sortzen duen egurrezko etxea altxatu dute.

Zentzumenekin jolastuz horiek suspertzeko sortuak dira Futuroscopeko atrakzioak. Askok, Filmax teknologia dute oinarri, eta bisitaria beste mundu batera garraiatzen duten 3D irudiak erabiltzen dituzte. Esaterako, Arthur, l'Aventure 4D-k (Arthur, 4Dko abentura) laugarren dimentsioa baliatzen du bisitariak filmaren protagonista sentiarazteko. Luc Bessonen Athur et les Minimoys trilogia (Arthur eta Minimoysak) du ardatz atrakzioak, eta zuzendariak berak parte hartu zuen atrakzioaren diseinuan. 900 metro karratuko pantaila erraldoiak, simulagailuek eta efektu bereziek Arthurren azalean ipiniko dute bistaria.

Zentzumen bat galtzean gainontzekoak suspertu egiten dira. Hala gertatzen zaie ikusi ezin dutenei. Itsuen eguneroko bizimodua nolakoa den imajinatzea proposatzen du Les Grand Yeux Fermes-ek (Begi handiak itxita). Argi izipirik sartzen ez den gela ilun batzuetan ibiliko da bisitaria, eta gainontzeko zentzumenak erabili beharko ditu inguratzen duen errealitatea interpretatzeko.

Dibertitzeko aitzakia baliatzen du parkeak ezagutza zabaltzeko. Van Gogh, dinosauroen desagerpena, antropologoen jarduna fosilak interpretatzen eta beste hainbat gai jorratzen dituzten atrakzio eta emankizunetan parte hartzeko abagunea ematen du.

Haurrei arreta berezia

Parkeari darion kutsu pedagogikoa xurgatzeaz gain, dibertsiorako gune bereziaz goza dezakete gaztetxoek. Le Monde des enfants-en(Haurren mundua) euren tamainara egokitutako atrakzioekin jolas dezakete. Nola ingurumenean, hala parkean ere urak zati garrantzitsu bat betetzen du, eta ugariak dira urarekin lotura zuzena duten jolasak.

Dastamena zaintzen saiatzen dira ere parkeko arduradunak. Zientziaren alorra plateretara eraman dute Futuroscopeko sukaldariek, eta sukaldaritza molekularra dastatzeko aukera eskaini. Osagaien propietate naturalak aprobetxatuz, sormen handiko platerak eskaintzen dituzte. Aurrekontu guztietara egokitutako menuak eskaintzen dituzte.

Futuroscopez gaindi, Poitou-Charentes eskualdeak baliabide turistiko mordoa eskaintzen ditu. Poitiers hiriaz gain, autoz ordu eta erdira dagoen Arroxela kostako hiria bisitatu daiteke. Cognac-en eskualdera joz gero, aldiz, hango upategiak bisitatu eta cognaca nola ekoizten duten ikusteko aukeraz balia daiteke. Poitiersetik hurbil dauden Loirako gazteluak bisitatzeko aukera aprobetxa dezake ere bisitariak. Loira ibaia eta haren ibaiadarren oinetan dauden gaztelutzar bikainek Frantziako historia aztertzen lagunduko dute.

Hendaiako (Lapurdi) geltokitik abiatzen den TGV trenak lau ordu eta erdi inguru behar ditu Poitiersera ailegatzeko. Aldez aurretik eginez gero erreserba prezio baxuetan eros daitezke txartelak. Jolas parkeko arduradunek parkea bi egunetan bisitatzea gomendatzen dute. Ostatu hartzeko arazorik ez da izaten goi denboraldiaz kanpo, hotel eskaintza zabala baitago inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.