Bilboko Aste Nagusia

«Zer da Ertzaintza?»

Aldarrikapen eta eskari nahas-mahas koloretsua osatzen dute urtero Bilboko Aste Nagusiko konpartsen txosnetako irudiek. Besteak beste, etxebizitzaren arazoa, euskarafobia eta Palestina izan dituzte aipagai aurten.

Bilboko Aste Nagusiko txosnen dekorazioa salaketaz beteta egon da. Txomin Barullokoa da horren adibide; hala ere, txosna kaskarrenaren Eulia saria eman diote aurten. IÑIGO ASTIZ
Bilboko Aste Nagusiko txosnen dekorazioa salaketaz beteta egon da. Txomin Barullokoa da horren adibide; hala ere, txosna kaskarrenaren Eulia saria eman diote aurten. IÑIGO ASTIZ
Inigo Astiz
Bilbo
2026ko abuztuaren 27a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Hori Donald Trump da, ezta?». Aurrez Asturiasko (Espainia) mendietan egun batzuk egin ostean heldu dira Bilbora Ian Cross eta Richard Haggett turista ingelesak. Duela egun batzuk izan zuten festen berri, eta, orain, harriduraz eta jakin-minez dabiltza txosnagunea betetzen duten irudiei begira. Argi identifikatu dituzte protagonistetako batzuk, baina arrotz zaizkie beste batzuk. «Zer da Ertzaintza?». Urtero legez, konpartsek aldarrikapenez eta salaketaz beteta apaindu dituzte euren txosnak, eta, hori dela eta, asko izaten dira haiek ikusteko aitzakian txosnetan ibilalditxoa egitera biltzen direnak. Etxebizitzaren arazoa izan da aurten gehien errepikatu diren gaietako bat, baina ez dira gutxi euskarafobiaren eta arrazakeriaren aurkako eta festa feministen aldeko mezuak ere.

Sin Kuartel konpartsa antimilitaristaren txosnak eman die arreta Crossi eta Haggetti. Argazkia ere atera diote kamerarekin. Palestinako genozidioa da gaia, eta txarrantxazko horma batek bereizitako bi mundu irudikatu dituzte horretarako. Arrosa koloreko eraikin modernoak dira nagusi ezkerreko partean, zuzenak eta garbiak dira errepideak, eta haren bazter batean dago Crossek identifikatutako Donald Trump AEBetako presidenteari eskainitako urrezko estatua ere. Ezkerreko eskua barrabiletan, eta eskuinekoarekin, berriz, agur nazia egiten ageri da agintaria. Welcome to Gazaland dio hiri arrosarako sarrerako kartelak, eta, aldiz, oparotasun horrekin guztiarekin kontraste eginez, eraikin gris hondatuak baino ez dira ikusten hesiaren bestaldean. Israelgo Poliziaren prestakuntza jasotzen duela-eta Ertzaintzaren aipamen bat ere badago, eta horregatik galdetu du Crossek hartaz. «Ba, oso ongi eginda dago», ebatzi du: «Denbora gutxi daramagu, baina gustatzen zaigu hau».

(ID_17877676748555) (/Bilboko Konpartsak) Kranba konpartsaren txosnaren 2026ko dekorazioa
Kranba konpartsaren txosnako dekorazioa. Hark irabazi du Kanpaia saria. BILBOKO KONPARTSAK

Baina ezkerrera begiratu, eskuinera begiratu, eta pilatuz doaz bikotearen galderak. «Zer da amnistia?». Hoteleko arduradunek orritxo bat ere eman diete hirian galdu behar ez lituzketen guztiekin eta batetik bestera ibiltzeko hainbat gomendiorekin, baina gehiago jakin nahi dute. «Orduan badaude presoak oraindik?». Errespetuz entzuten dituzte azalpenak. «Beraz, gatazka ez da amaitu?». Baina galdera gehiago datoz gero. «Eta zer mailatako autonomia du gobernuak hemen?». Dena entzun, eta aurrera jarraitu dute gero, hoteleko gomendioren bati huts egin, eta, gauez, jende gehiago dagoenean, akaso, berriz ere txosnetara itzultzeko ideiarekin.

«Beti aritzen gara ironia handiz, eta aurten etxebizitzaren gaia lantzea erabaki genuen»

FERNANDO TOJA Hontzak konpartsako kidea

«Beti aritzen gara ironia handiz, eta aurten etxebizitzaren gaia lantzea erabaki genuen». Fernando Tojak urteak daramatza Hontzak konpartsako txosnako dekorazioarekin. Lana amaitu osteko tarteak erabiltzen zituen horrelakoetarako lehen, eta, dioenez, indar betean aritzen da erretiroa hartu zuenez geroztik. «Esku artean beti egitekoren bat izateko esaten zidan amak, bestela edan egingo nuelako», azaldu du irribarrez, «eta erdiz behintzat lortu zuen helburua, beti daukadalako zereginen bat esku artean, baina bestea… bestea ez zuen lortu».

Akabo txistea

Asanblean aukeratzen dute gaia aldiro, eta hala atera zen aurtengoa ere. Etxe eskubidea benetan tonbola moduko bat dela irudikatu nahi izan dute, eta feria bat balitz bezala irudikatu dute txosna. Erruleta erraldoi bat jarri dute horretarako. Tabernaren ertzean jarritako etengailu batekin pizten da jolasa, eta zortzi «sari» egongo dira aukeran. Etxe duin bat lortzeko aukera ere badago tartean, baina litekeena da jokalariak Alokairu igoera, Inbasio turistikoa edota Etxegabetzea jasota konformatu beharra. Eta gamelu lasterketa bat ere irudikatu dute haren ondoan. Higiezinen espekulazioa irudikatzen du gameluetako batek, etxe turistikoak beste batek, eta inbertsio funtsak irudikatzen ditu azkenak, eta bada beti azkena geratzen den laugarren gamelu bat ere: zu zeu.

Hontzak konpartsaren txosnako dekorazioa. IÑIGO ASTIZ
Hontzak konpartsaren txosnako dekorazioa. IÑIGO ASTIZ

«Programatuta daude gamelu guztiak», onartu du Tojak. «Programatuta nahi dutena egiteko. Baina azken gamelu hori, publikoari keinu egiten dion hori ez, hori lotuta dago, eta hor utzi dugu, geldi-geldi. Beldur ginen ez ote genituen mugimenduak gaizki programatuko, eta, kasualitatez, azken gamelu horrek halako batean lasterketa irabaziko balu, akabo txistea!».

Euskarak ere badu lekua aldarrikapenen artean. Erdalduntzeko makina geldiarazteko deia egin du Abante konpartsak, esaterako, eta selektibitateko azterketetako euskarazko nota eskasei ere egin die keinu bat. Ez dira bakarrak izan, gainera. Moskotarrak konpartsak, esaterako, hedabideei esker sonatu egin zen ikasle haietako baten kexua berreskuratu du dekorazioan. «Nik zero daukat eta ez dut pentsatzen nire nota da hori. Publika bat joan nahi badugu, ezin dugu».

«Marrazkilari profesional batek egin dizkigu marrazkiak orain arte, baina aurten ezingo zuela esan zigun, eta saia nintekeela esan nuen»

ZIORTZE GALDOS Hau Pittu Hau konpartsako kidea

Fenix hegazti koloretsu erraldoi ikusgarri bat irudikatu du Hau Pittu Hau konpartsak taberna gaineko paneletan. Euskararen pizkundea irudikatu nahi izan dute horren bidez, eta Ziortze Galdosek egin du marrazkia. «Marrazkilari profesional batek egin dizkigu marrazkiak orain arte», azaldu du, «baina aurten ezingo zuela egin esan zigun, eta, ni konpartsako diseinu taldean sartuta nengoenez, eta arte irakaslea ere banaizenez, saia nintekeela esan nuen». Koaderno batean zirriborro bat marraztu, ideia panel kopurura egokitu, atzealdeko koloreak pentsatu, irudiak bektorizatu, koloreztatu, taldean margotu, eta, azkenik, orduan bai, Aste Nagusian hegan ikusi.

Euskaldunen itsasargia

Euskararen egoerari buruzko hainbat datu ere jarri dituzte txosnan ikusgai. Bokatak eskatzeko txokoaren ondoan jarri dituzte. «Hor jendeak ilara egiten du, eta, beraz, irakurtzeko denbora gehiago izan ohi du», azaldu du Galdosek. Bertan zehazten denez, esaterako, Bilboko Udalak urte osoan eskaintzen dituen tailerren %0,9 bakarrik izaten dira euskaraz, eta hiriko kultur programazio osoaren %11 bakarrik da euskaraz.

«Bilbo euskaldun baterantz begira ari den komunitate bat irudikatu nahi izan dugu, eta euskaldunok argitzen gaituen itsasargia jarri dugu txosnan»

ANE GOMEZ Algara konpartsako kidea

Euskara izan du ardatz Algara konpartsak ere. Asisko Urmenetak egin ohi ditu marrazkiak urtero, eta harenak dira aurtengoak ere. Ohi bezala, Peilot pirataren irudia eta haren itsasontzia irudikatu dituzte txosnaren ertz bateko horma erraldoian, eta, Guka mugimenduaren aldarrikapenei keinu eginez, Bilbon ezin dela euskaraz arnastu salatu dute panelaren beste parte batean. Baina Ane Gomez Algara konpartsako kideak azaldu duenez, bada ageriko berritasun bat aurten: itsasargi bat eraiki dute, argi eta guzti, Arriagako zubiaren muturrean. «Komunitate bat irudikatu nahi izan dugu Bilbo euskaldun baterantz begira», azaldu du Gomezek, «eta euskaldunok argitzen gaituen itsasargia da hor jarri duguna. Norabide bat ematen digu».

(ID_17876605543815) Bilboko Aste Nagusia. Txosnen dekorazioa, Hau Pittu Hau
Hau Pittu Hau konpartsaren txosna. IÑIGO ASTIZ

Horrez gainera, badira ibai azpiko autobidearen aurkako mezuak, gehiegizko turismoaren kontrako salaketak, Lemoizen (Bizkaia) eraikitzekoak diren arrain haztegia geldiarazteko eskariak, Pablo Picassoren Gernika margolana Euskal Herrira ekartzeko deiak, bai eta presoak aske uztearen aldeko leloak ere. Mitologiak ere presentzia handia du aurtengo irudietan. Esate baterako, euskal mitologiako hamaika izaki irudikatu dituzte Paya konpartsakoek euren margolan zainduan, eta akelarre bat osatu dute Altxaporru konpartsakoek. Txinbotarrak konpartsak, berriz, mitologia klasikora jo du erreferentzia bila, eta antzinako Greziako izaki zein patroiak irudikatu dituzte. Arbola erraldoi bat Kaskagorrin, eta ertzainak berriz ere Kaixo konpartsako txosnako hormetan. Izan ere, zer da, bada, eztenik gabeko festa bat?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA