«Euskal Herrian bada sagardo, ardo, txakolin eta janari ona. Baina garagardoa industriala eta kanpokoa edaten da. Hori aldatzeko asmoz sortu dugu ZerB». Hala adierazi du Nerea Makazaga ZerB garagardoko arduradunak. Bi urte dira Arrasateko (Gipuzkoa) lau lagun batu zirela ZerB proiektua martxan jartzeko. Egun, garagardo mota bakarra egiten dute, eta Euskal Herriko gero eta taberna eta supermerkatu gehiagotan aurki daiteke. Botiletan eta baita upeletan ere.
«ZerB herritik sortutako garagardoa da». Makazagak eta lagunek proiektua martxan jarri zutenean argi zuten egunerokoan hartzeko garagardoa egin nahi zutela, «poteoan eta otorduetan hartzeko moduko garagardoa dugu helburu». Horregatik jo zuten jendearen gustuez gehien dakitenengana: tabernariak. Euskal Herri osoko berrehun tabernariri egin dizkiete elkarrizketak. Munduko euskal komunitatea ere kontuan izan dute. Horretarako euskal etxe guztietara bidali zituzten galdetegiak.
Jasotako ekarpenekin garagardoa egin dute. «Horixka eta gardentasun ertainekoa. Gari pixka bat du, horrek ematen dio gardentasun puntua». Garagardo artisaua da ZerB, ohiko garagardoak baino gorpuzkera handiagoa da. Makazagak uste du poliki garagardo artisauen moda haziz joango dela, eta ZerB euskal herritarren gustu eta kalitate eskaera mailan egotea du helburu. Graduazioa 5,3 gradukoa da. «Mundu guztiarentzako garagardoa egin nahi dugu, nire amak gustura hartuko duena, baina baita hogei urteko gazte batek ere». Garagardoa %100 bertakoa egin nahi dute. Horretarako ZerB egiteko ia osagai guztiak Euskal Herrikoak dira. Lupua da kanpokoa den produktu bakarra. Orain arte ez da landatu Euskal Herrian landatu. Hala ere, ZerBekoak euren lupua lantzen hasi dira.
ZerB garagardoaren errezeta irekia da, edonork ezagut dezake eta bere etxean egin. «Herritarren ekarpenekin egindako garagardoa da, horregatik ez dugu errezeta sekretuan mantendu nahi». Errezeta irekiaz interesatua Boiseko (AEB) garagardo zale batek idatzi zien, haren etxean ZerB egin zezakeen galdetzeko. Baiezko eman zioten, eta lagun artean bada ere, ZerBk lortu du AEBetara saltoa egitea.
Herri ekinbideekin bat
Ez da erraza merkatuan tokia egitea. Euskal Herri osoko banatzaileekin lan egiten dute. «Oso eskertuta gaude Euskal Herrian ditugun banatzaileak ZerBekiko izaten ari diren jarrera eta apustuaz». Ohiko bideez gain, herri ekinbideetan parte hartzen du ZerBk. Iaz Gorbeia suzien mendi lasterketarako botila berezia egin zuten, eta parte hartzaile guztiei bana eman zieten. «Lasterketa horretan ematen den janari guztia tokikoa da. Horregatik interesgarria iruditu zitzaigun gure garagardoa bertan egotea». Igandean Arrasaten Udalatx mendi lasterketa jokatuko dute, eta ZerBk parte hartuko du. Udari begira, hainbat kirol ekitaldi laguntzeko tramiteetan daude.
Horrez gain, talde eta kolektiboekin elkarlanean jardun dute euren produktua zabaltzeko. Hala nola Indar Baskonia eta Athleticeko Piratak peñarekin atera dituzte garagardo bereziak. Horrelako egitasmoek laguntza eta elkarlana bultzatzeko balio dutela uste du Makazagak.
Jaietan eta txosnetan murgiltzen hasi dira. Iazko Donostiako Aste Nagusian La Flamenka gunean upelak izan zituzten. «Gune herrikoietan egoteko apustua egiten dugu. Gure kulturaren parte direlako, eta uste dugu euskal produktuek presentzia izan behar dutela gune horietan». Gaur Gasteizko Gaztetxeko GaztetxeBier jaialdian egongo dira, bihar Otxandioko Euskaraz Bizi egunean, eta etzi Arrasaten.
ESKAINTZAREN DATUAK
Ekoizlea. ZerB garagardoa.
Helbidea.www.zerbeer.com.
Telefono zenbakia.(0034) 665-72 17 64.
Eskaintza. Apirilaren 22ra arte.
Salneurria. Bederatzi euro.
Produktua erosteko.
www.euskalherrikoplaza.com.
ZerB: egunerokoan hartzeko kalitatezko euskal garagardoa
Euskal Herriko berrehun tabernariren gomendioekin sortu dute ZerB garagardoaren errezeta.Garagardo mota bakarra ekoizten dute: horixka eta gardentasun ertainekoa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu