Ardi Latxaren Gazta Lehiaketak izaten du begirada gehien, baina, bitarte horretan, kaleko azoka bereziak jendetza erakartzen du Ordiziara (Gipuzkoa), horietako asko baserritarrak, beren jaieguna izaten baita. Aterkiarekin erantzun diote aldizka egiten zituen euri zaparradei.
Ikusmiran edo erosketak egiteko asmoarekin inguratu da jendea saltokietara. Barazki, fruta, ganadu eta oiloen lehiaketak egin dira. Asteazkenero Ordiziara joaten diren baserritarrek izan dute nahiko lan goiz osoan. Eguerdirako, adibidez, Plaza Nagusiko zenbait mahai hutsik zeuden, eta batzuek etxetik ekarritako ia gehiena saldu dute. Altzagako (Gipuzkoa) Arantxa Elizegiri ondo joan zaio goizeko salmenta. «Ekarri duguna saldu dugu gaur, nahikoa ondo». Berrogeita hamar urtetik gora daramatza Ordiziara joaten, beterano bat da.
Zorrotzagoa izan da Benita Gonzalez. Haren ustez, azken urteetan behera egin du salmenten joerak. «Aspaldi xamarretik dator joera; lehen gehiago saltzen zen». Azkoitiko San Martin auzokoa da Gonzalez, eta astea azokaz azoka igarotzen du. «Asteazkenero hemen nago; atzo [herenegun] Azpeitian, han tokatzen baitzen azoka». Baserritik bizi dira, «eta badakizu, mugitu ezean, ez dago ezer». Uzta kalitate onekoa ari dela izaten dio. «Alde horretatik ezin naiz kexatu».
Paradoxikoa dirudien arren, behi gazta saltzen ari da Idiazabalgo Joseba Baez gaztea (Gipuzkoa). Lehen behi gazta egiteko ohitura bazegoela dio: «Gure aitona-amonek eta behi gazta egiteko ohitura zuten». Txikitan ikasi zuen gazta egiten, eta duela urtebete afizioa ofizio bihurtu zuen.
Ganadu eta oilo lehiaketak
Euskal oiloen kaiolen inguruan haur ugari egon dira. Pozik eta jolasean, oiloen kurrukuak tarteka entzunez. Mota askotakoak zeuden: gorriak, beltzak, marradunak, lepasoilak...
Gorago, pirenaika arrazako behiak egon dira. Itxura ederra zeukaten. Luzera, kolore, adar eta ibilkeraren arabera egin dute aukeraketa. Kalitate oneko behiak zirela esan dute ganaduzaleek.
Zerua lainotuta egon bada ere, giro ederra izan da azokan
Azoka bereziaren aitzakian, zenbaitek baserriko lanak utzi, eta Ordiziarako bidea hartu dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu