Zeruan Zeledon, Lurrean jai

Eguraldia lagun, Zeledonen jaitsierarekin hasi dira Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak. Erasorik gabeko jaiak izan daitezela eskatu du Zeledonek, eta Martxoaren 3ko biktimak izan ditu gogoan.

Zeledon, Andre Maria Zuriaren plazako balkoira iristen. L. RICO / EFE
Zeledon, Andre Maria Zuriaren plazako balkoira iristen. L. RICO / EFE
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko abuztuaren 4a
19:32
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urdin-urdin ageri da arratsaldean Gasteizko zerua, eta enara udatiarrek zeharkatzen dute batetik bestera, hegaldi jostalarian. Ortzia ere festa giroan den seinale beharbada, Zeledon izena grezierako Kelidonios izenetik baitator Euskaltzaindiaren arabera, eta izen horrek enaren antzekoa esan nahi baitu hizkuntza hartan. 

Eta enara horiek orakulu baten pare Gasteizko zerua gurutzatzen duten bezala, gaur zegokion Zeledoni ere Arabako hiriburuko ortzi muga zeharkatzea. Izan ere, pertsonaia herrikoi horren jaitsierak ematen die urtero hasiera Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiei, San Migel elizako dorretik hiriko patroiaren izena daraman plazako balkoiraino bidea eginda.

Arratsaldeko seietarako zegoen iragarrita, ohi bezala, jaitsiera, baina, ordu pare bat lehenago, begiak zerutik lurrera ekarrita, hor ere ageri dira etortzekoa den une handiaren zantzuak. Gasteizko kanpoaldeko auzoetatik erdialdera bidean, inurriak gordelekura nola, edo odol tantak bihotzaren barrura nola, hor ageri dira festako zapi zuri-urdina jantzitako gasteiztarrak, txupinazoa gozatzeko lekua aurkitu nahian. 

Mukuru betetzen den plazara heltzeko goiz ibili beharra dagoenez, bazkalostean bertan hasi dira kaleak jai giroko jantziak zeramatzaten gasteiztarrez betetzen. Askok plastikozko botilak zeuzkaten eskuan, bost litrokoak, hain ezaguna den kolore nabarreko edariz beteta. Gasteiztarren asmamenaren eta egokitzapen gaitasunaren erakusgarri, txupinazora beirazko ontziak eramateko debekuak halako berritasunetara bultzatu baititu hiriburuko festazaleak. 

Plaza, goraino taupaka

Bostak pasatxo direla, ilarak daude jada plazako sarreran. Hor ere, zaindariek adi egon behar, azpikeriak detektatzeko. Ama batek, esaterako, ume txikia erabili du garraiolari, motxilan botila itxiak eraman ditzan. Zaindari zoli batek harrapatu, eta hor joan dira botilak zaborretara.

Handik gutxira, mukuru da jada plaza, eta kamiseta zurien sarraskia gero eta nabariagoa da, arrosa bihurtzeraino. Ez dago plaza gurutzatu eta onik ateratzerik, beste substantzia batzuekin nahasiriko ardoaren usaina baita nagusi. Festazaleen zipriztinek ez bada, zerutik erortzen den urak melatzen du balkoietara gehiegi hurbiltzen dena, ohiturari jarraituz bizilagunak baldekadak jaurtitzen ari baitzaizkie behekoei, freskatze aldera. Eta freskura beharra dago, arratsaldeko eguzkiak gogor jotzen baitu. Horrek, ordea, ez du apaldu musika ezin ozenagoaren erritmoan jauzika dabiltzanen gogoa, eta, laurden gutxitako kanpaikadarekin batera, orro egin du plazak, Zeledoni deika.

Seiak baino minutu bat lehenago, «E, e, e, e!» basatien tankera hartu dute dei horiek, txupinazoko suziria pizteko ardura izan duten Baskonia taldeko kide eta zaleen ordezkariei animoak ematen. Tadas Sedekerskis jokalariak ukabilarekin erritmoa jarraituz animatu ditu festazaleak. Piztu dute suziria, igo da airean, lehertu da, eta lehertu da plaza harekin batera.

Abuztuak 4, Martxoak 3

Orduan altxatu da San Migel dorreko bandera, eta azpian ezkutatzen zuen Zeledonen panpina erakutsi die gasteiztarrei. Ziztu bizian jaitsi da plazaren beste aldera, eta han agertu da hezur-haragizko Zeledon. Jendetzari agur egin dio, eta jendeak, zapiak airean astinduz erantzun. Aldarriz beteriko plaza ibili du kontrako noranzkoan. Ohitura baita, beste behin ere, Zeledonen jaitsieran plaza pankartekin dekoratzea, eta han ageri ziren independentziaren, sozialismoaren edo presoen itzuleraren aldeko aldarriak.

Palestinak eta Ekialde Hurbileko egoerak protagonismo berezia izan dute aurten, Zeledonen atzetik zihoan zaindarietako batek bandera hirukoitzeko masta eraman baitu, ibilbide guztian, pertsonaiaren atzetik: Palestinako bandera ageri zuen goi-goian, ikurrina eta Nafarroako kateak dituen bandera behean zituela. Zeledon eskailerara iritsitakoan, berriz, zaindari pare batek Iranen banderak atera dituzte, herrialde horri sostengua adierazteko AEBen aurkako gerran. 

Zeledonek, ordea, ez du azken hori ikusteko beta izan, ordurako balkoian baitzen, gasteiztarrei hitz egiteko prest. Bere buruari, Gasteizi eta Andre Maria Zuriaren jaiei dagokien «Gora!» errituala eskaini ostean, lehen aholkua bota die bildutakoei: «Zaindu jaietan!». Erasorik gabeko jaiak izan daitezela ere eskatu du balkoitik.

Diskurtsoaren parterik joriena eta mamitsuena, berriz, Martxoaren 3ko biktimei eskaini die Zeledonek: «Gure aitona-amonei duela 50 urte erakutsi zigutelako duintasuna zer den!» Horrela omendu ditu, 1976ko martxoak 3ko sarraskiaren urteurrenean, egun hartan hildakoak. Zaindariek lagun egin diote, Martxoak 3 elkartearen omenezko zapi beltzen hesia osatuta, eta herritarrek ere bere egin dute aldarria, «Polizia, hiltzaileak!» hasi baitira deiadarrez, orduko borreroen aurka eginez. Aldarrirako unea igarota, ordea, festak guztiz irentsi du Gasteiz, Zeledonen betiko etxea.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA