Astroturismoa turismo jasangarri eta arduratsuko modalitate bat da berez; gaueko eta eguneko zerua behatzean datza, eta, gainera, dibulgazioa eta astronomiarekin lotutako aisialdi jarduerak uztartzen ditu. Horiek dira Lerinen urtero antolatzen dituzten astroturismoko etaturismo zientifikoko jardunaldien oinarriak. Jardunaldiek bederatzi urte beteko dituzte aurten, eta egitarau zabala antolatu dute Nafarroako herri horretan, igandera arte.
Starlight fundazioak izarrak eta zeruko elementuak ikusteko baldintza onak dituzten herriak izendatzen ditu: Starlight herri deitzen zaie, hain zuzen ere. Izendapen hori eskuratzen duten herriek ziurtatzen dute ingurua babestuko eta kontserbatuko dutela, gaueko zerua ikusteko baldintza egokiei eusteko asmoz. Izendapena emateko, fundazioak ezaugarri hauek hartzen ditu kontuan: «Starlight herriak berezko nortasuna duten herri txikiak dira, batez ere landa eremukoak, eta astroturismoa garatuz ekonomia dibertsifikatu nahi dutenak; lurraldearen hazkunde ekonomiko eta jasangarria bultzatzea eta herriak hustu daitezen eragoztea da asmoa».
2021ean, Starlight herri izendatu zuten Lerin, eta, gainera, izendapen hori hartu zuten lehenetako bat ere izan zen. Ordutik, herriak astronomia erdigunean jarri du pixkanaka-pixkanaka. Horren adibide da nola eraldatu diren Barranco Salado izeneko eremu batean dauden antzinako artzain txabolak. Eraberritze prozesu baten ondoren, txabolak transformatu dituzte, eta, orain, «zerua behatzeko santutegiak» dira. Eremu horietan, behaketak egiteko teleskopioak jarri dituzte; astroturismoko eta turismo zientifikoko aurtengo jardunaldietan parte hartuko dutenek aukera izango dute izarrak xehetasunez ikusi eta gauez paseoak egiteko.
Herrien argiztapena da Starlight fundazioak kontuan hartzen dituen faktoreetan garrantzitsuenetako bat. Herri bati bereizgarria emateko, kaleko argiak nola erabiltzen diren aztertzen du fundazioak. Horregatik, Lerinen kaleak argitzeko sistema berezi bat dute: ganga formako farolak dituzte, argia lurrerantz soilik bideratzeko.
Herriko astronomiaren inguruko jarduera gehienak Izaraldea astean egiten dira, orduan antolatzen baitituzte jardunaldiak ere. Herriko profesionalek prestatzen dituzte, eta zientziazaleak elkartzeko leku bilakatzen da Lerin: izarrak ikusteko balkoi.
Egitarauari begira
Gaur 10:00etatik 11:30era arte Zure eklipsea egin tailerra egingo dute, 8 urtetik gorako umeentzat. Ordu berean, eklipseak ikusteko betaurrekoak egiteko tailerra ere izango da, eta adin guztietako jendeak parte hartzen ahalko du. Gero, 12:00etan, Nafarroako Zientzia Arloko Dibulgatzaileen I. Topaketa egingo dute, eta, hori amaitutakoan, bazkaltzeko etenaldi bat izango da. Arratsaldean, beste jarduera batzuk egingo dituzte: zientzia tailerrak igerilekuan, 5 eta 12 urte arteko umeentzat, eta Desinformazioaren unibertsoa hitzaldia.
Bihar ere astronomia izango dute ardatz. Paseo geomorfologikoa egin eta gero, eguzki erlojua egiteko tailerra emango du Daniel Maestuk 14 urtetik gorakoentzat, 12:00etan. Gero, astronomia eta gastronomia elkartuko dituzte herritarrek, zientzia gaiekin lotura duten bertako produktuen dastaketa egingo baitute. 20:00etan Eguzkiaren jolasak mahai ingurua egingo dute, eta, eguna amaitzeko, kontzertuak ere izango dira.
Bestalde, Astronavarra sareak behaketa astronomikoa egingo du gauero, parte hartzaileek zerua ikus dezaten argiaren kutsaduratik apartatuta. Jardunaldien amaieran, Leringo zenbait zientzialari elkartuko dira herriko plazan, 12:30ean, azken mahai ingurua egiteko: Lerindarrak zientzian eta teknologian.